Gasteizko Bideo Jaialdiko euskarazko hamar bideo finalistetatik hiru zureak izan dira.
Lau bidali nituen, eta hiru finalera pasa ziren. «Iparra» saioan pila bat egin ditugu, baina horietako asko bideo klipak direnik ez nuke esango. Guztira hogeita hamar edo egin ditugu, irabazi duen bideoa hain justu, ez da «Iparra»rako eginikoa.
Komunikabideek zure lan ausarta eta berritzailea izan dela esan dute.
Ausarta da, baina Su Ta Gar-en planteamendua izan da ausarta, gaia berez nahiko kontuz ibiltzekoa zen, jendea morboan erortzerik ez genuen nahi.
Planteamenduaz gain, irudiak ere ausartak al dira?
Irudien arloan denetarik dago, batzuk gogorrak dira, eta besteak berriz irrifarrearekin daude. Bideoa nahiko estandarra da nire ustez. Gustora nago bideoarekin, ondo egina dago, baina ez da oso pertsonala, zerbait pertsonalagoa egin daiteke, edo gehiago arriskatuz egin daiteke. Ondo bukatua, eta bideo estandar on bat da.
Eguneroko lana eta sormena uztartzeko aukera gutxi egon ohi da.
Egia da, normalean aukera gutxi izaten da horretarako. Baina pozik nago, gutxi gora-behera nik nahi dudana egiteko aukera izan dut. Askotan telebista eta sormena bateraezinak dira. Asteroko lana atera behar duzu, zure aukera neurtu behar duzu. Hoberena neurriz egitea da, bestela txurroak bezala egiten dira askotan. Horren aurkakoa naiz, nire lana zaintzea gustatzen zait.
Zelako panorama dugu euskal bideo klipgintzan?
Betiko kontua da, ez dira egiten dirurik ez dagoelako. Eta ia bideoak eskaintzeko programarik ez dagoenez, askoren ustea bideoa egitea ez duela merezi da. Hala ere, gehiago arriskatu behar dela uste dut. Aurten «Iparra»n egindako bideoak adierazgarri dira.
ARRITXU ZELAIA