Zer deritzozu Kataluniako ezkerreraren sektore batzuetan nabari den batasun prozesuari?
Bi hausnarketa egin beharko genituzkeela uste dut. Lehenbizikoa, dinamika hau positiboa dela. Azken asteotan plazaratu den eztabaidak ezkerreko jende askoren ustea eta gogoa adierazten ditu. Jende hori guztia jabetua da ezkerraren zatiketak oztopoa besterik ez diola egiten alternantzia politikoari. Bigarrenik, komunikabideek nahikoa bazterrera utzi dute eztabaida honen mamia eta azaleko gaiei ekin diete. Ikusi egin behar ondorengo hilabeteotan gai garen eztabaida bideratzeko eta proiektu erakargarririk eskaintzeko.
Obiols, Ribó eta Colomen deialdien helburua hori al zen?
Hiru politikariok eskainitako konferentziak, nire ustez, zentzuzkoak izan ziren eta sakoneko arazoak agertzen saiatu ziren. Gogoan izan ezkerreko hiru indar nagusienen ordezkariak direla Obiols, Ribó eta Colom. Haserretu nauena, baina, zera izan da: hurrengo hauteskundeetan zerrenda bakarrik izango den ala ez, horixe besterik ez dutela aipatu komunikabideek. Edota 1999ko hauteskundeetan ezkerreko hautagai bakarrik izango ote den.
Ribok hiru alderdien arteko zerrenda bakarra proposatu zuen hurrengo udal hauteskundeetarako; Obiolsek autonomikoetarako. Ba al dute proposamenok sustrairik gizartean edo euren kasa egindako burutazio hutsak ziren?
Nahikoa zabaldurik dagoen pentsakera dela uste dut. Edonola ere, Ribok, Obiolsek eta Colomek beren alderdietan dituzten krisialdiak konponbideratzeko ere erabili nahi izan dute eztabaida. Maragall berak esana zuen ezkerraren eremua zabaldu beharra zegoela, alderdi politikoen esparru estutik atera. Zenbait intelektualek ere egin dute antzeko proposamenik. Batasunaren aldeko jarrera askok uste baino hedatuagoa dago Kataluniako gizartean. Gertatzen da, ordea, ez duela biderik aurkitzen gizarteak bere iritziak kaleratzeko. Intelektualak, berriz, lozorroan daude.
Colom prest omen legoke ERC sakabanatzeko, beti ere Kataluniako ezkerra batuko balitz. Erakunde politiko berri baten sorrera ekarri behar al du, derrigorrez, batasun prozesu honek?
Ez dakit, eta ez nau gehiegi arduratzen kontu horrek. Ideia, balore eta proiektu batzuen inguruan eremu bateratua osatzeko gai bagara, gainerako guztia bigarren mailako asuntua da niretzat. Hauteskundeetarako hitzarmenaz edo alderdi berri bati buruz hitzegiten hasteko goiztxo dela deritzot. Hori baino lehen ezkerreko proiektu nazional bat zehaztu behar da, XXI. mendeko premia eta beharrei egokituko zaien proiektua.
Zeintzu lirateke Kataluniako ezkerraren batasunerako oinarri ideologiko-politikoak?
Datorren mendeko gizarteak izango dituen arazoen araberakoak izan behar dute. Gaur egun, hainbat arrazoi medio, ezkerrak ez du horrelako proiekturik. Eta lortu nahi badugu, nolabaiteko adostasunik sortuko duten gaien zerrenda eratu beharrean gara. Hortik aurrera, geroari begira jarri eta bai gobernuan aritu den ezkerra (PSC-PSOE) bai oposizioan dabilena (IC eta ERC) nola uztartu eta diferentziak nola gutxitu, hori litzateke kontua.
Batasun proiektu honen kontra denik ere bada. PSCko Narcis Serra eta Josep Maria Sala, edota IUko Julio Anguita. Azken honek IU eta ICren arteko lotura eten egin litekeela esana dio Ribori.
Horrelako erreakzio kontserbadoreak beti agertzen dira. Alderdi horietako boterearen administratzaileen, aparatuko jendearen erreakzioa da. Baina aurrera egiteko gogoz dabilen jendeak jakin behar du burokratei hortzak erakusten.
Zeren inguruan bil daitezke ezkerreko independentistak, federalistak eta konfederealistak?
Subiranotasunaren inguruan, ene ustez. Kataluniak burujabetza mailarik handiena izan behar du, alor guztietan, ez elkarte autonomo arrunta izan. Autonomien Estatuak porrot egin du, ez digu balio eredu horrek. Ez dut uste eredu independentista ere baliagarria zaigunik.
Subiranotasunaren bidea, Estatu Espainiarrarekin eta Europarekin ditugun harremanak berriro zehaztea konfederaziorako joera etengabean, hortik datorkigu aukera. Autonomia, batetik, eta sekula gauzatzen ez den utopia independentista, bestetik, bi bide horienak egin du.
PACO SOTO