argia.eus
INPRIMATU
Elena Etxebarria
"Ez daukagu zertan berba herrikoi eta zaharrak ezkutatu"

2007ko otsailaren 21a

Etxekoandre zarela diozu. Zer dela-eta beraz telebistako tertuliakide?

Ondarruko Kalandi kultur elkartekoak telebistako programetara, «Funtzioa» eta antzekoetara hasi ginen joaten, eta hortxe amaitu dugu azkenean. Ea «Arralde»ko tertulia egitera joango nintzen galdetu zidaten, eta jada 14. saioa egin dugu.

«Arralde»ko Elena eta Ondarrukoa berdinak al dira?

Naizen bezalakoa azaltzen naiz. Lantzean behin ez dut nire iritzi osoa ematen, baina gehienetan naizen modukoa azaltzen naiz.

Eginiko komentarioengatik kritikarik entzun behar izan al duzu?

Batzutan bai, Aste Santuan abadeak jatunak, andrezaleak izan direla esateagatik, herrian batzuk eskuak burura eraman zituzten.

Etxekoandre izanik asko identifikatuak sentituko direlakoan?

Behin andre batek Amarako geltokian geratu eta esan zidan: `sasoia zen emakume potoloak agertzeko telebistan, denak argalak agertzen dira eta'. Nik uste jendeak pertsona arrunt modura identifikatzen nauela, Euskal Telebistako aurkezleek look-a esaten zaiona gordetzen dute. Emakume lodi bat agertzean pantailan eta gainera lehengo berbetagaz identifikatu egiten dira.

Beti Bizkaieraz berbetan...

Bizkaiera baino gehiago, Ondarrutarra egiten dudala esango nuke. Ni neu euskara batuaren aldekoa naiz, beharrezkoa da. Baina berba herrikoiak, eta berba zaharrak ez daukagu zertan gorde, eta ezkutatzen ibili. Txurli, txintxortak, gantzero edo antzeko hitzak esan egin behar dira, ezin dira ahaztu eta saku batean laga. Aberasgarriak dira.

Askotan sexoa, Ondarroa, eta zure familia izaten duzu mintzagai...

Bai baina horrelaxe irteten zaidalako da, eguneroko bizitzako gauzak direlako.

 

ARRITXU ZELAIA