argia.eus
INPRIMATU
DROGA EZEZAGUNEN MERKATU BELTZEAN

2007ko otsailaren 21a

«ESTASIA, orain arte ezagututako drogarik interesgarrienetako bat, edota interesgarriena, da. Crack-aren kasuan bezala, estasiaren arrakasta prezioan datza; merkatu beltzak kokainaren gainean dagoen debekua eta kontroletik ihes egiteko asmatutako ordezko sustantzia merkeak dira. Bestetik, beldurraren kontra ezagutzen dudan drogarik eraginkorrena da». Antonio Escohotadoren iritzia dugu. Madrilgo Unibertsitateko irakasle honek hainbat liburu egin ditu drogen erabilera eta ondorioak aztertuz.

Hala ere, «estasiari buruz ez dago ikerketa sendorik», aitortu du Antonio Escohotadok. OMEk (Osasunerako Munduko Erakundeak) farmakoen zerrendan sartzea erabaki zuenetik _hau da, gizakiekin saiakuntzak egitea saihesten duen zerrendatik_, MDMAri (estasiaren sustantzia psikoaktiboa) buruz ezagutza eza izan da ondorioa. Antonio Escohotado ikerlari enpirikoa dugu eta bere ustez «50 pilula gehieneko dosia dugu, kopuru honenetatik gora pilulak irenstea gehikeria bat da eta, gainera, drogei buruzko ezertxo ere ez jakitea erakusten du».

Drogen kontrako gerrak eta honen inguruko ezezagutzak topiko asko eragin dituela uste du Madrileko Unibertsitateko irakasleak. Adibidez, zenbait ikerketek frogatu dute heroina kontsumitzaileen artean «soilik % 1 dela heroinomanoa. Eta hori da zabaldu nahi den heroina kontsumitzaileen irudia». Are gehiago, Bilbon zein Euskal Herriko hirietan normalean saltzen den heroinaren sustantzia psikoaktiboa ez da % 20ra heltzen, kasu onenetan. Estasi bezala saltzen diren pilulak ere ez dira benetako MDMArekin egindakoak, honen ordezko sustantzia merkeekin baizik; askotan izenik ere ez duten sustantziak dira, halere _estasi laborategien sinpletasuna dela medio.

Drogen debekuak ondorioak

«DEBEKUAK heziketa eta informazio ezak dakar» Antonio Escohotadoren ustez. Ez ei da hala gertatzen Holandan. Kalamua kontsumitu eta saltzeko legalki onartzen den droga biguna bada ere (alkohola eta tabakoarekin batera), honek sensibilitate berezia zabaldu du biztanleriaren artean. Ezagunak dira Holandako Kimika Institutuak kaleetan jartzen dituen laborategi mugikorrak. Hauek ahalbidetzen dute momentuan edozein sustantziaren gaineko ikerketa kimikoa, hauek legalak zein ilegalak izan.

Baina azken hilabeteotan nazioarte mailako presioa herrialde flandiar honetan kokatu da. «Hassan II.ak ez du bere monopolioa merkatu legalen esku utzi nahi, merkatu beltzak etekin gehiago ematen dituelako. Chirac presionatzen du hala gertatu ez dadin», dio Antonio Escohotadok. Holanda heroinomano portzentai txikiena duen duen herrialdea izateaz gain, trafikoarekin lotuta dauden delitu gutxi ezagutzen omen dira bertan.

Ildo honetatik, Bartzelonan bildu diren legalizazioaren aldeko taldeak lelo batekin kaleratu dira: «Hasteko kalamuaren legalizazioa». Alkohola eta tabakoaren atzetik, haxixa eta speeda dira Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren drogak. Martin Barriuso legalizazioaren aldeko Bizitzeko taldeko kideak esan digunaren arabera, «kalean saltzen den haxixa nahiko txarra da. Kokaina nahiko zikindua dator eta badirudi heroinaren kalitatea hobetu dela. Baina drogaren kalitatea, dena den, diruaren arabera zehazten da. Dirudunek kalitatezko drogak eskura ditzakete eta dirurik ez dutenek droga txarra eta zikindua, nahastua, hartzen dute».

Une honetan, garbitasun maila handiena gordetzen duen droga bakarra LSD deitutakoa omen da, honen txikitasunak _bost milimetro karratu dituen papertxo zatia bustitzen baita_, ez du ahalbidetzen aukera handirik.

«Drogen ilegalizazioak dakartzan arazoei aurre egiteko» _adulterazioa zein ziringen erabilera txarra edo trafikoaren ondorioak_ legalizazioaren aldeko taldeek eta kontsumitzaileen taldeek Espainian estatu mailako koordinadora bat eratzea nahi dute. Martin Barriusok azaldu digunez, «kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko zein ilegalizazioak dakartzan egoera kafkianoei aurre egiteko gure arteko koordinazioa beharrezkoa zaigu». Kalamua onartutako eta normalizatutako droga izan dadila eskatzen dute. Normalizazioaren alde agertu den manifestua eztabaidagai bilakatu da taldeen hauen artean. Eta orain artekoa aurrera badoa behintzat, datorren irailean egingo da koordinadora honen lehen bilera.

 

 

MYRIAM GARTZIA