argia.eus
INPRIMATU
Alberto Gerrikabeitia
"Erritmoa hartu dugu, baina mekanika konplexua da"
  • Alberto Gerrikabeitia «Goenkale»ko hiru errealizadoretako bat da. Laguntzaile moduan hasi eta 100. kapituluaren inguruan errealizadore izendatu zuten. Egunerokotasunaren erritmo eta girora ohitu arren, ordu asko eskatzen dituen lana da.

1996ko maiatzaren 05

Nola antolatzen da errealizadore lana Goenkalen?

Hiru talderen artean moldatzen gara txandaka. Talde bakoitzean errealizadorea eta bere laguntzailea daude, eta hasieratik ezarri zen sistema hau. Talde bat Pausokak jarri du, eta beste bi ETBk.

Zergatik ezarri zen txandakako sistema?

Etengabeko lana delako eta ordu asko sartzen direlako. Egunero kapitulu bat egiten da. Goizeko zazpi t'erditan bilera egiten dugu zuzendari artistikoarekin eguneko atalaz hitz egiteko. Ondoren hirurak laurden gutxiak arte egoten gara grabatzen. Eta arratsaldean editaia egiten dugu iluntzeko zortzirak aldera bukatuz. Beraz, ia hamabi ordu dira egunero. Gainera, kapitulu horiek denak prestatu egin behar dira aurretik. Gure txanda beraz, hiru zatitan banatzen da: lehenengo astean aurre-produkzioa egiten dugu, bigarrenean grabaketa Donostian, eta teorian hirugarren astean oporrak izaten ditugu.

Beti mekanika bera jarraitzen al duzue?

Bai, ohitura hartu dugu eta bakoitzak badaki nondik nora mugitu behar duen. Erritmoa jarrita dago gutxi gora behera. Hala ere, orain kalean gehiago grabatzen saiatzen dira, baina mekanika konplexua denez, pixkanaka-pixkanaka egiten dira aldaketak.

Errealizadore bezala lan gehiago egin al duzu?

Bai, Pausokarekin «Txokolatex», «Begoñaren Etxean» eta «Eguzki-lore»n aritu nintzen lanean.

Desberdintasunik nabaritu al duzu hauek eta Goenkaleren artean?

Erabat desberdina da lana eta teknika aldetik. Eta orain arte aktoreekin ez nuen lanik egin. «Txokolatex»-en adibidez panpinekin egon nintzen. Egunerokotasunak dena aldatzen du, presa eta estutasuna nagusitzen baitira.

 


AINHOA AZPIROZ