argia.eus
INPRIMATU
Santi Uriarte
"Ez dut uste kanpo produkzioa pribatizatzeko era denik"
  • Urteak daramatza Santi Uriarte produktore lanean, Itesa ekoiztetxean hasieran eta ondoren Euskal Telebistan. Pixkanaka pixkanaka kanpo produkzioaren ardura hartuz joan zen, ondorioz, egun, hainbat telesail, dokumental eta bestelakoen casting-etan bere izena ageri zaigu.

1996ko apirilaren 28a

Zertan bereizten dira produktore delegatua eta eta ohiko produktorea?

Kanpoko ekoizpenen jarraipena egiten dugu, aurrekontua zehaztu, aurrrekontua kontrolatu, kontratuak prestatu eta abarrez arduratzen da. Bai kalitatea bai aurrekontuan zehaztutako diru kopurua nola erabiltzen den gainbegiratzeaz arduratzen gara.

Kanpo produkzioa igo egin dela eta pribatizazio bide ezkutua ote den ere salatu da.

Nik ez dut horrelakorik ikusten. ETBn beti egin dugu lana kanpoko ekoiztetxeekin. Urte batzutan gehiago, beste batzutan gutxiago, beti izan da kanpo produkzioa. Sarritan gainera, ez da gure nahiaren arabera bakarrik erabakitzen kanpoko lanak erosi edo ez, proiektu interesgarriak ekartzen dizkiguten heinean ere gauza asko aldatzen dira.

Nola ikusten da ekoiztetxeen egoera, ETBtik begiratuta?

Gure arazoa aurrekontua nahiko murritza dugula da, hori dela eta, hainbatetan, Euskal Telebistan bertan ditugun baliabideak erabiltzen ditugu. Baina hau guztia ez da gure filosofia aldatu delako.

ETBrentzako lan egiteko asmoz sortu ziren hainbat ekoiztetxe orain krisian daude.

Egia da hainbat ekoiztetxeren ikuspuntu bakarra Euskal Telebistarentzako lan egitea izan dela, eta orain hauek krisian daudela. Baina agian ez dira zabaldu Europan zehar, edo koprodukzio aukerei ez diete etekinik atera. Laguntzak egon dira baina ez dira behar bezala aprobetxatu.

ETBren baliabide ekonomikoak gutxitu direnean, eta aurrekontua hestutu beharrean topatu denean, krisia nabaritu da, eta batzuk lan gutxirekin topatu dira. Pena da, baina oraindik beste aukerak badaudelakoan nago.

 

ARRITXU ZELAIA