Uztailetik duzu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura saila zure ardurapean. Sartu eta nola aurkitu zenuen kultura?
Ez nuen ezezaguna. Konturatu naiz azken urteetan lan asko egin dela. Herri gehienek badute oinarrizko kultura ekipamendua, biztanleen arabera: laborategi onak dituzte, mantenuak...
Badirudi kulturari buruz hitzegitean dirulaguntzetaz ari garela.
Laguntza behar du eta laguntza erakundeok eman behar dugu. Arteleku ere hor dugu, sorkuntza lana egiten. Kanpotik ere ekartzen ditugu lanak baina hemen bestela ikusiko ez genituzkenak. Lan ezagunak ekarriaz antzokia bete egingo litzateke, eta ez luke instituzioen laguntza beharrik; baina garaikidea den zerbait ekartzen baduzu harrera pattalagoa izaten du; eta beraz, erakundeok lagundu behar dugu.
Hainbat erakunde sasi-ofizialek, Eusko Ikaskuntzak edo Euskaltzaindiak, esaterako, laguntza handiak dituzte. Baina horietatik herrietako elkarteetara bada saltorik.
Lehen laguntzek izena zuten, baina orain oinarri zenbait jarri ditugu. Gero eta diru gutxiago dugunez, inoiz laguntzarik jaso ez dutenei aukera eman behar zaiela pentsatu dugu. Talde batzuentzat erraza da oso administrazioaren bizkar bizitzea, baina gizartearentzat oso arriskugarria da. Ondorioz, oinarri batzuk atera ditugu eta nahiz eta lehen beraien dirulaguntza ziurtatua bazen, orain aldatu egin da hori. Guztiak haserre ditut. Orain proiektuaren araberako dirulaguntza emango da, ez elkarte bat edo bestea delako.
Eskuduntza arazorikk sortzen al da Jaurlaritza, Udala eta Aldundiaren diru banaketan, kultura laguntzerako orduan?
Askotan elkarlana egiten dugu. Eskuduntza batzuk Diputazioarenak dira soilik, besteak Udalenak eta besteak Eusko Jaurlaritzarenak. Guk Jaurlaritzarekin hainbat hitzarmen ditugu, UZEI edo Euskaltzaindia kasu, nahiz eta teoria huts-hutsean Gasteizko Gobernuak mantendu beharko lukeen. Ez daukagu dirua barra-barra eta protagonismoak alde batera utzi behar dira.
Diputazioaren aurrekontua hazi baina kultura eta euskara departamenduarenak murriztu. Nola ulertu hau?
Zorrak kitatzeko. Diputazioa zorretan dago eta horregatik dirua kendu egin zaio kulturari eta baita beste departamenduei ere. Hala ere, mailegu gehiago eskatu behar izan dira eta honek murrizketa ekarri du kultura mailako laguntzetan. 1997an ere murrizketa dator, baina konpromezua 98rako goraka hastea da.
Funtzionarioen euskalduntzearentzat dirulaguntza mantendu da baina haien euskara mailak ez du hobera egin.
Kezkagarriagoa da hezkuntzako irakasleek maila hori ez lortzea. Eta zer egin behar dugu euskaraz irakasteko behar den bigarren hizkuntz eskakizuna lortzen ez duten irakasleekin?
Zer egin daiteke?
Euskara ezin da inposatu, ez dugu ahaztu behar bi hizkuntza ofizialekin gaudela. Gero esaten dugu Gipuzkoa euskaldunagoa dela beste lurralde historikoak baino, eta pentsa funtzionariek ze erraztasun dituzten euskara ikasteko.
Kultura dela euskaraz egiten dena eta horri ematen zaiola dirua pentsatzen dugu.
Ez da egia. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten denak laguntza bera dute. Subentzionatzen dugun kultur taldeari ez diogu galdetzen euskaldun ala erdaldun den.
Ez al dago desoreka handiegia Kursaali eta beste museoi ematen zaizkien dirulaguntzen artean?
Erabatekoa. San Telmo-rentzat bost milioi pezeta daude eta Kursaal-entzat 600 milioi. Baina Kursaal-ekoak lau urte iraungo du eta bi pasa dira. Kursaal-ekin bukatu bezain laster, besteekin hasteko moduan gara. Bi museo ditugu orain; hauek dirulaguntza nahikoa dute. Lotsagarria da museo pribatuei ematen zaien dirulaguntza baina guztietara ezin gara iritsi.
Kursaala bukatzean posible izango al da hobeto iristea?
Dirua balego behintzat. Baina ez museo honetan soilik, Gipuzkoako beste museoetan ere bai. Donostiak Kultura Saileko aurrekontutik gehiegi kentzen duela iruditzen zait.
Errentagarria izango da Kursaala kultur emaitza mailan?
Hori da gure erronka nagusia. Koldo Mitxelen kultur etxearengan jendeak ez zuen konfidantzarik eta gaur egun gainezka gabiltza. Kursaal-ekin lan egin behar da hori bera gerta dadin; zentro bizia izan behar du. Honetarako erakundeez gain, gizarteak ere parte hartu behar du.
Euskal Antzerki Sarea (EAS) egonik, herrietan antolatzen dira antzerkiak?
Kultur ekipamendu planaren barruan antzerki batzuk eratu dira, antzezteko baldintza gutxieneko batzuk izateko.
Talde batek obra bat aurkezten badu, Aldundiak lagunduko al du lan hori herrietan zabaltzen?
Baldintza batzuen barruan bai; talde hori ezaguna bada, edota obra ona bada. Hori da Euskal Antzerki Sarea. Udal batek ezin du antzokia mantendu. Eskualde batzutan antzoki ona, liburutegi onak eta abar jartzea da helburua.
Donostiako Festaroa mantentzeko asmoa dago edo urtu egingo da herrien proiekto horretan?
Festaroa ez da kenduko, baina agian Donostian zortzi edo hamar kontzertu eskaini beharrean, aurrerantzean bost besterik ez dira emango eta beste laupabost beste herri handiren batean antolatu daitezke.
Herriari nola galdetzen zaio zer nahi duen?
Eskeintza eginik. Arazoa heziketa mailatik dator. Europan zer gertatu da? Kultur kontsumoa askoz ere handiagoa da, baina hezkuntza eta kultura maila ere askoz aurreratuagoa. Orain haurrek badakite, liburutegira joan, ipuin bat hartu, etxera eraman eta nahiz era osoa irakurri ez itzuli dezaketela. Jarrera hori inportantea da. Ikastolatik antzerkira joaten dira. Baina antzerkia ikastolako beste ekintza batean bihurtzeko arriskua dago.
Haurrak ikastolekin antzokira joatea ongi dago baina gero euren kontsumoa egiteko hezi behar dira.
Galdera asko daude aidean, baina ikusi behar da gizarteak benetan zein dinamika jarraitzen duen. Ala guk jarri behar dugu baita ere dinamika hori? Soilik Administrazioak onartzen dituen pelikulak ikusi eta Administrazioak ekarritako entzun behar duen estatu huts-hutsa bagenu, zentsura osoan sartuko ginateke. Ikaragarria da. Oreka bilatu behar da gizarteak nahi duena eta guk eskaintzen dugunaren artean.
RITXI LIZARTZA