«Korsikak itsasoz bestaldeko departamentu izan behar du»


1996ko apirilaren 21an
François Santonirekin, Korsikako egoerari buruzko azterketa
«Korsikak itsasoz bestaldeko departamentu izan behar du»
Francois Santoni, A Cuncolta erakunde abertzaleko burua
Frantziako gobernuak F. Santoni hautatu du solaskidetzat, Korsikaren status politikoaz eta geroaz mintzatzeko. Le Nouvel Observateur astekariko Francois Caviglioli kazetariari eskeinitako elkarrizketa honetan azaldu ditu bere asmoak eta kezkak. Ez du karrera politikorik egiteko intentziorik, dio korsikar abertzaleak, gizalegeak eta borrokan hildakoenganako begiruneak hala agintzen baitio.
Borobiltasunean igarri zaio nekazal jatorria Santoniri, eta are borobilagoa ageri da balen aurkako txalekoa jantzita. Bereizgarri gehiagorik ere badu: jentiltasuna, eta Ajaccioko herritarrek hainbeste estimatzen duten txukundaderako joera. Hauxe dugu gobernu frantsesaren solaskide nagusia, Paris eta Korsikako abertzaleen arteko elkarrizketa ultrazekretuetan. Francois Santoni, 36 urtekoa, irakaslea izana, Hego Korsikako Cuncoltaren idazkari nagusia, FLNC-Abar Historikoa erakunde armatua kide duen erakundearena alegia. Bere larrutik ordaindu du orain arteko ibilbidea. Zortzi urteko gartzela zigorra ezarri zioten 1985ean, Ajaccioko koartelari eraso egiteagatik. Bi atentatu saiakera izan zituen 1995ean. Trebea estrategia kontutan, alderdi tradizionaletako hautetsiek badiote errespeturik, nahiz eta bere joera politikotik oso urrun ibili. Aldiz, berebiziko gorrotoa diote Cuncoltari konpetentzia dagioten alderdi abertzaleek, MPAk (Autodeterminazioaren Aldeko Mugimenduak) eta ANCk (Accolta Naziunale Corsak). Abertzaleen arteko gerrak hamabost hildako eragin ditu urtebeteren buruan. Gogoan izateko kontua. Korsikan, batez ere.
Eremu zergagabea edo `zonalde franko' delakoa iragarri du Alain Juppek Korsikarako. FLNC- Abar Historikoaren garaipentzat jo liteke erabakia?
Nahiago genuen askaketa fiskala. Korsikan eremu zergagaberik sortu behar bada, irlaren barrukaldean behar du izan, ez kostaldean, espekulazio inmobiliarioa eta kapital mafiosoen etorrera galerazteko. Kontrola eta arauak derrigorrezkotzat jotzen ditugu esparru frankorik osatu ahal izateko. Tanger edo Batista garaiko Kubaren antzeko Korsikarik ez dugu nahi.
Independentzia konturik ez duzu aipatuko aurrerantzean?
Azken helburua da independentzia. Korsikar orok bere barne-barnean darabilen ametsa da, nahiz eta independentziaren aurkakoa izan. Ez dugu bazterrera utzi esijentzia hori, MPAk ez bezala. Beraz, MPAk (Autodeterminazioaren Aldeko Mugimenduak) bere izena aldatzea du hoberena, independentzia baita autodeterminazioaren aukeretako bat.
Matignongo (Frantziako gobernuko) ordezkariekin dituzuen zekretupeko harreman horiek, nola burutzen dituzue?
Paristik hona etortzen zaizkigu ordezkariak, hainbat alorretako adituak. Ez guregana soilik. MPAko ordezkariekin ere mintzatzen dira, Jean Peraldarekin bereziki, edota Gilbert Casanovarekin, Ajaccioko merkatal ganbarako presidentearekin. ANCko Pierre Poggiolirekin ere hitzegiten dute Parisko ordezkariek. Poggiolik ukatu egiten ditu harremanok, eta lantuka dabil gobernuak bere erakundeari kasurik ez diola egiten eta. Jende guztia ari da hemen ezbaian, bakoitza ura bere errotara bildu nahian.
Independentzia hitza aipatzen al diezue Alain Jupperen ordezkariei?
Ez. Harremanotan ez da oraingoz gai politikorik ageri. Irlaren etorkizun politikoa eta status aldaketa, horiek gainerako mugimendu abertzaleekin batera, alderdi tradizionalekin eta Korsikako gizarte osoarekin erabakiko dira. Eztabaida serioa da. Eta benetako auziak orain taularatuko dira. Hasteko erreforma konstituzionalaz mintzatu behar gara. Gure ustez, Korsikako Asanbladak izan behar du bestelako botererik. Hori da lehenbizikoa. Gainerakoan, gobernu ordezkarien proposamenak entzuten ditugu. Kataluniaren antzeko autonomia eskeini digute. Ez dakit, oraingoz, zer adieraz dezakeen horrek. Europan izango genukeen statusa ere ikusteko dago. Konstituzioaren 74. artikulua nahi dugu guk Korsikarentzat, gure irla Itsasoz Bestaldeko Departamendua bilakatuko lukeena (DOM, Departement d' Outre Mer). Korsikar asko harritu egiten du eskari honek. Baina irla da Korsika. Eta irlak, hitzak halaxe dio, itsasoz bestalde izaten dira. Lanerako esparrurik izatea, hori da oraingoz garrantzizkoena, jende orok onetsiko duen statusa proposatzea. Apirilean azalduko ditugu jendaurrera gure iritziak eta orain arteko negoziazioetan emandako urratsak hortxe plazaratuko ditugu.
Urtarrilaren 11tik 12rako gau hartan bezala, basoan eta aurpegiak estalita prentsaurrekoa eskeiniz?
Ez. Badakit jakin aurpegia estalita agertzeak harritu egin zituela Frantziako herritarrak, baita beste asko ere mundu zabalean. Ez, ordea, Korsikako hautetsiak, txundituta baleude bezala agertu izan badira ere. Azalduko dizut zergatik. Hasteko, 600 kaputxatuen artean ez zen ez haurrik ez emakumezkorik, hori zinez diotsut. FLNC-Abar Historikoaren militanteak soilik, 600 militante. Pertsona bat familia bakoitzeko. Eta familia bakoitza hamar boto dira. Frantsesek metrailetak eta granada jaurtigailuak zenbatu zituzten. Korsikarrek, botoak. Seiehun kaputxatu, sei mila boto. Kopuru ikaragarria, Korsikarako. Asanblada erregionalean hiru ordezkari izateko lain. Gainerako mugimendu abertzaleek (MPAk, ANCk, UPCk) ez dute horrenbesterik . Sei mila boto: Cuncolta eta FLNC- Abar Historikoa indar politiko sendoak direla adierazten du horrek. Hautetsiek ongi ulertu dute hori. Badakite zenbatzen. Hauteskunde bezperetan beti eskatzen dizkigute botoak. Lehengusuren baten bidez hotsegiten digute telefonoz: «Zuk hamar boto badituzu halako herritan. Emaizkidazu, arren, bost».
`Aurpegi estalien' gau famatu hartan hiru hilabeteko su etena iragarri zenuten. Baina izan da hildakorik Korsikan orduz geroztik.
Jules Massa gure militantearen hilketa medio hasi ziren berriro atentatuak. ANCk, Pierre Poggioliren mugimenduak hil zuen Massa, guk hasitako bake prozesuari traba egitearren, ez bait zuten gustoko. Gero Charles Andreani hil zuten Porto- Vecchion, bere jatetxearen aurrekaldean. Ez zuten arrazoi politikoengatik hil, bestelakoengatik baizik. Nortzuk? Enfrentamenduak profitatuz atzera eginarazi nahi zigutenek.
Eta Gilbert Casanovaren aurkako atentatua, Ajaccioko merkatal ganbaran? Zure erakundeko bi gizoni egotzi zieten ekintza hori.
Hori beste kontu bat izan zen. Atxilotutako gazteetarik bat Jules Massaren iloba zen, osaba ia aitatzat zeukana. Oso haserretuta zebilen, odola berotuta. Zail da horrelakoetan ekintzak galeraztea. Gaitzetsi egin genuen atentatua. Izan ere, eta gainera, atentatua burutu zutenean MPArekin negoziatzen ari ginen. Gilbert Casanovarekin derrigor hitzegin behar dugu, eta prest gara horretarako. Baina Casanovak Jules Massaren hilketa gaitzestea nahi dugu guk. Hilketa guztiak gaitzesten dituela erantzun digu, baina guk Jules Massarena gaitzetsi dezan nahi dugu.
Eta «Liberation» egunkariko Guy Benhamou kazetariaren etxean egindako atentatua?
Probokazioa izan zen. Gure etsaia izan da beti, baina guk ez dugu bere aurkako ekintzarik burutu. Bakarren batek gure bizkarrera bota nahi izan du atentatu hori. Gauza jakina baizen kazetari guztiek adieraziko ziotela elkartasuna Benhamouri.
Mehatsurik egin izan diozue telefonoz?
Ez. Nik neuk hotsegin izan diot etxera, egia da, bere artikulu batean agertutakoak zuzentzeko. Eta gero honetaz eta hartaz hitzegin genuen.
Baina jasotzen du mehatsurik oraindik ere.
Gureak ez, inondik ere. Eta ez dut uste Korsikako inork egin zuenik atentatu hura. Dena jakiten baita Korsikan. Mihiluzeak dira korsikarrak. Atentaturen bat egiten dutenean, ezin luzaro isilik egon: gaur ez bada, bihar, esan egingo dizute.
Zerga iraultzalerik jasotzen al duzue oraindik?
Guk geuk ez, baina Abar Ohizkoak eta Resistenziak (ANCren abar armatuak) segitzen dute jasotzen, ezetz badiote ere. Zerga iraultzailea neronek defendatu izan dut borroka armatuaren garaitan. Dirua behar da borroka armatuan jarduteko. Ez gaitezen aingerukeriatan jauzi. Abertzaletasun klandestinoaren buruzagi guztiek dauzkate eskuak odolez zipriztinduak. Pertsona bat, edozein arrazoirengatik, hiltzera kondenatzen denean erantzunkizun berbera dute tiro egiten dutenek eta hilketarekin bat datozenek. Hori zuritzeko modurik ez dago. Odolaren gorriguneak ez dira sekula desagertzen. Korsikan hildako gehiagorik izan ez dadin abertzaleek borroka armatuari uko egin beharko diote. Baina frantsesek ere zuhurkiago jokatu beharko dute. Bada bake prozesuaren aurkako epaile eta poliziarik. Batzuk, jakobino hutsak direlako. Besteak, interesagatik, MPA edo ANCko gure aurkariekin aferetan dabiltzalako. Sinesterik ere dago zenbat polizia dagoen Korsikan. Noiznahi ikus litezke armaz jositako jendez gainezka dabiltzan autoak. Eta ez dute batere harremanik hemengo udaltzainekin. Kontinentetik etorritako poliziak dira, eta inork ez daki norentzat ari diren lanean.
Zeure burua arriskuan dagoenik sumatzen al duzu?
Bitan egin dute ni hiltzeko ahaleginik, iazko maiatzean eta ekainean. Ez nau gehiegi ere kezkatzen. Hartzen ditut, bai, hainbat neurri. Bakarrik ez naiz sekula ibiltzen. Hil nahi nautenei erraztasunik ez ematen saiatzen naiz. Ez diet isekarik egingo, neure presentziaz, borrokan hildako aurkarien familiartekoei. Baina ez dut sekula aldegingo Korsikatik.
Etorkizuneko Korsikan karrera politikorik egiteko asmorik baduzulako edo?
Ez. Gudularien hainbat ohitura neureganatu ditut, luzaroegi aritu izan bainaiz klandestinitatean. Bada maite nauen jenderik, baina, bestalde, askotxo dira gorrotatzen nautenak. Korsika gidatzeko baretasuna, sosegua ekarriko duen jendea behar da. Uko egiten diot klase politikoaren partaide izateari. Gizatasunagatik, hildakoei zor diegun begiruneagatik, bai geureei bai besteenei. Borroka armatuan zabiltzanean, horrek dakarren dolu eta garraztasunak puskatu egiten dizu zeure barrena, morala laurkitu. Eta behartuta zaude zeure buruari zera galdetzera: honenbeste hildakorik gabe ere ez ote ginatekeen honaino iritsiko?
FRANCOIS CAVIGLIOLI
12-14,15

GaiezPolitikaNazioarteaGerra/IraulKorsika
GaiezGizarteaIdeologiakNazionalism
PertsonaiazSANTONI1
EgileezCAVIGLIOLI1Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


Eguneraketa berriak daude