Angel Amigo Igeldo ekoiztetxeko buruarekin elkarrizketa
Angel Amigo: «Hemen umore politikoa egitea konplikatua da»
Bai telebistarako bai zinema mundurako eginiko hainbat lanek ezaguna egin dute Angel Amigo. Oraingo honetan, azkena telebistaratu den lana, lehendakaritzara heldu den sukaldari baten komeriak eta xelebrekeriak jasotzen dituen «Jaun eta jabe» telesaila izan dugu hizpide.
«Bi eta bat»ekin arrakasta izan zuen ekipo berak, eta hau ere umore klabean. Galtzeko gutxi duen apustua.
Hasteko, apustu logikoa da. Ikus-entzuneko munduan ez dago formula ziurrik, ezta bizitzan ere. Funtzionatu duen formula da, eta ekipo berak ere beste gauza batzuk egin ditu. Horrekin ziurtatzen duzuna kalitate maila altua izatea da, ez jendearei gustatu edo ondo heltzea. Formula da eginaren eginez sortu dena, ez da artifiziala, lan egiteko beste modu bat da soilik.
«Goenkale»k duen arrakasta hausteko asmotan?
Beste mota bateko lana da. «Goenkale» egunerokoa da, foiletoia deritzona. «Jaun eta jabe» egoera-komedia da, asterokoa, eta umorea du ardatz. «Jaun eta jabe»rekin ez dugu «Goenkale»rekin lehian aritzeko asmorik. «Goenkale» egunero emititzearekin lortzen den lotura bera ezin dugu lortu. Bi munduak oso diferenteak dira.
Oraingoz 13 atal dira, jarraipenik aurrikusten al da?
Nik uste arrakasta duen edozerk jarraitzeko aukera duela. Datorren hilabetean jakingo dugu, oraingoz ez dago jakiterik. Jarraituko duela ere esaten da, baina horrela izatekotan ez dakigu noiz eta nola.
Lehendakari baten bizitza izatean, inor minduko den beldurrik ba al duzue?
Umore politikoa egitea herri honetan nahiko konplikatua eta era berean erronka handia ere bada. Giroa dagoen bezala egonda ez da txantxa askorik egiten eta, bestalde, agian arrazoi beragatik, ez da orain arte ia umore politikorik egin. Jendea mindu daitekela?, agian bai, baina aurre egin behar zaio, eta gustatzen ez zaionak telebista itzal beza. Ez dakit zenbateraino, baina ziurrenik mesedeko izango da «Jaun eta jabe».
ARRITXU ZELAIA
57
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBBesteak
PertsonaiazAMIGO1
EgileezELAIA3Komunikabid