Ugutz Robles-Arangiz-i elkarrizketa
«Bertsolariak `voltairearrak' dira, eta horiek gorde dute euskaldun umorea»
UGUTZ ROBLES-ARANGIZ
Beskoitzeko «Ageria» baserrian bizi da Ugutz, eta han eduki du «Ama-Lur» aterbe eta jatetxe ezaguna ere. Aitak, Manuel Robles-Arangiz abertzale eta sindikalista handiak _Bizkaia Francok harrapatuta Lapurdira ihesi joanik_ 1937an erositako etxaldea gain eder batean dago, egun argietan Pirinioak begien bistan, hiriburutik hurbil, barnealdeari lotua. Roblestarren egoitzan kultura, dantza eta musika euskalki guztiekin nahasten dira, eta Ugutzen kontakizun eta umorearekin.
Zer ematen dio telebistak herriz herri hainbeste ibili den umoregileari?
Egia esan, lehen ibiltzen nintzen moduan nahiago nuen. Lapurdira nire bigarren erbestealdian etorri nintzenean, 1960an, Hazparneko lantegi batean aritu nintzen lau urtez, eta han denak ziren euskaldunak, lehengo euskaldunak, euskaraz hitz egiteaz gain pentsatu ere euskaraz egiten zutenak: adierazpideetan, egituran... Baserriko seme haiek umore berezi bat bazuten, eta haiekin halako komunio bat nuen.
Telebista nahiko gogorra izan da niretzat. Euskara aldetik, hasteko, euskara batuan aritu behar duzu, eta ni baxenafarreraz askoz aiseago moldatzen naiz. Eta umoreari dagokionez, txiste unibertsalak kontatzen dira. Telebistak hori du, gauza mekaniko bat da, eta euskara ere ez da kaleko euskara.
Eroso sentitu zara telebistan?
Bai, eta telebistak gainera sekulako eragina du. «Txiskola» saioan, gainera, gauza bat aurkitu dut: gazteak. Ez nuen uste gaur bazenik gazterik hain euskara polita erabiltzen zuenik. Etxean ikasitako euskara, espresio errazekoa. Kontatzaile oso onak badira gazteengan, harrituta nago.
Iparraldean gazteen segidan etena al dago?
Hori hemen galdu egin da, Nafarroan gertatu zen bezala. Bizkaian eta Gipuzkoan euskara galtzen joan da belaunaldiz belaunaldi, baina hemen hautsi egin da. Belaunaldi bat iritsi da ulertu ere egiten ez duena. Hemen, Beskoitzen, % 99 euskaldunak ziren. Egia da kanpotik jendea etorri dela, baina basetxeetako haurrek ere ez dute ia ulertzen.
Nire ustez txarrena zera da: umeak eskolara joan dira, eta ez bakarrik aita-amek ez diete euskara irakatsi, baizik eta haurrek etxean frantsesa sartu dute, eta gurasoek ere frantsesezko automatismoa hartu dute. Horrela ez da umore posibilitaterik.
Baina hemen ere txiste kontalari zabiltzate...
Ezponda, Alkhat eta hirurok ibiltzen gara, «hiru mosketeroak». Lehen bazen Galtzetaburu ere, akordeoia jotzen zuena, eta oso fina. Xanpun ere ibili zen. Beti bertsolarien artean.
Esaiguzu nola hasi zinen.
Txikitandik izan dugu anai-arreba guztiek halako imitazio zaletasun bat, Estitxu zenak ere bazuen. Bilbora 13 urterekin joan nintzen, 1952an, eta berriro 1960an etorrita Hazparneko lantegi hartan ibiltzen ginen beti txiste kontatzen. 1962an Lekorneko jaietan ginen, eta afal ondoren txiste kontatzen hasi ginen, Iker anaiarekin-eta, eta azkenean sala guztiarentzako kontatzaile bukatu genuen mahai gainera igota: plazan dantzan inor ez, denak txisteak entzuten.
Urte batzuen buruan Manex Pagola etorri zitzaidan, Baionako jaialdi batean aurkezpenak egin nitzan. Pare bat orduko lana izango zela uste nuena zazpi ordukoa izaki! Han pasatu ziren otxoteak, bestelako musika taldeak, eta Oskorrik lehenbiziko saria irabazi zuen. Aresti ere bazen: «Lehenbiziko sariarentzat izan ez bazen ez nintzen etorriko» esan zuen, bera beti gizon umila baitzen.
Eta geroztik ikastolentzat dela, han eta hemen...
Eta aldi berean antzerkian ere aritzen nintzen. Daniel Landartekin, Roger Idiartekin... Telesforo Monzonekin «Matalaz» egin genuen, pieza ederra.
Segitzen duzu txiste kontari herriz herri?
Ikastolentzat dela eta abar, ibiltzen gara. Lehen «Irri Gauak» egiten genituen, Guillaume Hirigoienekin-eta, baina jadanik ez. Oraindik egiten ditugunak «Gau Beilak» dira. Beskoitzen frantsesa ere nahasten dugu, asko baitira herrian euskararik ez dakitenak, baina Aiherrakoa osorik euskaraz da. Kafe-antzerki moduko bat izaten da: sarrera merke bat ipintzen dugu gastuen pagatzeko, krepak eta jan-edanak ateratzen ditugu eta... Beskoitzeko azkenak lau ordu iraun zuen.
Urte batzuetan sekulako mugimendua izan zen Iparraldean.
Izigarriko indarra izan zen 60ko hamarkada bukaera eta 70eko hasieran. Ondorio handiagoak ekarriko zituela espero nuen, baina ez. Gizarteari itsasoari bezala gertatzen zaiola dirudi, gorako aldiak ditu eta beherako edo barealdiak. Ilusio handiko urteak izan ziren haiek, eta oraingoak konformistagoak dira, materialistak. Orduan gazteek mundua salbatu behar zutela zirudien, beharbada batzuk urrunegi joanen ziren, utopistak zirelako, baina hori hobea zen ezen ez bestea.
Umorera itzuliz, leku batetik besterako aldaketak nabaritzen dituzu?
Euskaldunen arteko umore bat bazen, nire ustez, eta umore hori bertsolariek dute eskuetan. Bertsotan zirikan ari direnean... piska bat «voltairearrak» dira, eta hori gustatzen zait niri asko. Hori nuen estimatzen baserritarrengan ere.
Telebistan eta guztietan gaur entzuten diren txisteak mundu guztikoak dira. Txiste berak dira. Bilbotarrek giputzen txiste bat kontatzen badute, seguru gauza bera diotela frantsesek belgiarrez.
Herrietako pertsonaia bereziak interesatzen zaizkizu.
Izigarri, baina desagertzen ari dira. Halako `klonismo' bat dago, denak kopiak bagina bezala, eta telebista da horren errudun. Jendea baserrietan bizi zenean, mendietan, bakoitzak bere fantasia bizi zuen. Jende sinpleak ere baziren herrietan. Orain, aldiz, bai horiek eta bai zoroak denak gordetzen dituzte etxe berezietan.
Hemen auzoan badira bi anaia arrebarekin bizi direnak, eta inork ezin sinetsizkoak ateratzen dituzte. Batek sekulako gezurra esan eta besteari «ez dea egia?», eta besteak «fundi, baietz!» _zuek «komoaidios baietz» esaten duzuena_ nahiz eta denek jakin gezurra dela. Behin esan zuen untxi bat hil zuela tiroz airean, eta ondoren esplikatu ere bai: arrano batek zeramala atzaparretan.
Horrelako jendeek asko markatu naute. Eta Hazparne alde honetan baziren. Urte haietan Hazparne herri bizia zen, lantokiak baziren, eta jendea ostatuetan. Orain dena lurrera joan da.
Familiatik espektakulurako eta kanturako zaletasuna hartu duzue.
Dudarik gabe. Etxean aita-amek horretara bultzatu gintuzten beti. Aita pieza bat idatzia da, erdaraz, eta «Pedro Mari» Kanpionena egina zuen, De la Sotarekin eta. Kantatzea, dantza egitea, margotzea... denetik egitera bultzatu gintuen. Ama kantari ona zen; aitak aldiz ahotsa mitinetan kraskatua zeukan.
Kantuan arreba zaharrenak hasi ziren lehenbizi. Koldobika, hil zena, dantzaria zen, oso ona. Bilbora joandakoan, Txinparta taldean sartu ginen. Gero lau arrebek talde bat antolatu zuten, eta beranduago zortzi anai-arrebaren artean korua, eta «La familia Trapp» deitzen ziguten broman. 1958an Soroak atera genuen. Hura deseginda, Estitxuk jarraitu zuen. Eta orain Iker ari da bere seme-alabekin, Aritzak taldean. Espero dut nire ilobek segiko dutela, mende bat osatu arte.
Zure bizitzako atal handi bat ostatuan eman duzu. Hemen baino lehen, Donibaneko «La Baleine»n
Sasoi bat bakarrik eman nuen han, eta asko gogoratzen dira oraindik. Duela gutxi esan zidan ziburutar batek: «Garairik onena, Ziburun apez Mattin Karrere eta `La Baleine'n Ugutz zeudenean». Ostatu hartan zerbitzatu egiten nuen, baina animatu ere bai, kantatu, ganberroarena... Nolako egun neukanaren arabera.
Esperientzia politak izango zenituen ostatuan...
Oso politak, «Ama-Lur» honetan. Gizona mahaian jartzen denean, izaten ahal da ministroa, baina plateraren atzean gizon bat da, gose den gizon bat. Eta gainean duen aparatua kendurik, zu bezalako gizona atzematen duzu. Eta askotan lepoa bihurritu diot baten bati, bai.
Behin prefeta-ohi bat izan zen, eta hasi zen euskaldunok dena bortxakeriaz nahi dugula egin eta abar, eta Iparraldean biztanleen % 90ek esaten dutela frantsesak direla. Noski, esan nion, baina Julles Ferry hil zenetik ehun urte pasatu diren bezala eten gabe eskolan frantsesak garela esaten, utzi guri beste ehun urtez euskaldunak garela esplikatzen, eta ea zer dioten ehun urte barru botoa eskatutakoan.
Etxean politika ezagutu duzu alde guztietatik.
Politika baino sindikalgintza, baina politika ere bai. Aitak Primo de Riveraren garaian Argentinara ihes egin behar izan zuen, eta hortik aurrera kontuak atera. Aitagandik ikasi dugu herri bat egin behar genuela eta herriari askatasuna eman behar geniola. Eta programa horrek orain ere balio du. Helburua Euskadiren askatasuna da, eta alderdiak tresnak baino ez.
Baina askatasuna behar dugu gure kultura eta gure izatea garatu ahal izateko. Zeren eta eskaintzen badidazu Euskadi askatu bat baina euskararik gabe, segidan esango dizut hori ez dudala nahi. Askatasun hori ez zait interesatzen. Ekonomiaz hobeki bizitzeko? Ameriketara joango nintzateke. Irlanda bezalako Euskadi bat egiteko?
Hauteskundeen emaitzak ikusita, esaten ahal da abertzaleek ez dutela gehiengoa eskuratzen...
Batzuek diote, erromatarrek bezala, vox populi, vox dei, baina ardien deia ere izaten ahal da. Erdi Aroan bozkatu izan bazenu lurra biribila ala planoa zen, gehienek planoa zela esango zuten, baina ez zuen ezer aldatuko: lurra biribila da. Beste modura planteatu behar dira gauzak. Irlandarrek `demokratikoki' jokatu zuten eta hizkuntza galdu. Israelen hebraiera modernoa inposatu zuten, eta hor bizi da.
Demokrazia aipatzen delarik bi adibide ditut beti, XIX. mende bukaera eta XX.eko hasierakoak. Bata Turkia, eta diktadurarekin armeniarren genoziodioa burutu zuen. Aldi berean, demokraziarik zaharrenak, Estatu Batuek, bost milioi indio garbitu zituzten, hori bai, demokratikoki. Frantzia ere demokrazia omen zen Aljeriako gerran, eta milioi bat pertsona hil zituen. Orain Tibeten alde ari dira, eta hori ongi iruditzen zait, baina txetxenen alde egin behar zuten beste manifestaldi bat.
Nola ikusi duzu ELA-LAB sindikatuen akordioa, egunotan hain larri zebilela zirudiena?
Euskal sindikalgintza politikari guztien aurretik dabil. Konfiantza handiagoa dut sindikalistengan politikariengan baino. Begira Nafarroan ere nola dabiltzan: denek dakite zer diren, abertzaleak direla, eta hala ere indarra dute. Nahi den bezainbat enbata edo ekaitz etorrita ere, ELA eta LABek elkarri lotuta aurrera egin behar dutela pentsatzen dut. Herri honen etorkizuna hortik doa, besteekin ez dago zer eginik, espainolak baitira.
Nik, norbaiti sinplista irudituko zaion arren, diferentzia horretan ikusten dut: espainolak eta euskaldunak. Piska bat amore eman behar dugula diote, baina horretan ari gara berrehun urtez eta begira.
Politikariek txisteetarako aukera handia eskaintzen dute.
Baina nik ez dut Euskal Herriko politikari abertzaleen arteko txisterik. Une oso serioa da eta gure artean ez gara horretarik hasi behar, bata besteari gatazkan. Espainolen kontra, nahi den guztia, baina gure artean ez. Gure politikariekin ados ez naiz, baina gureak dira, zer nahi duzu!
PELLO ZUBIRIA
30-35