«Ikusi Makusiren kontuak argi eta garbi azalduko dizkiogu gizarteari»
1996ko martxoaren 10
Mikel Legarra Euskal Lotoko kontseilari-ordezkariari elkarrizketa
«Ikusi Makusiren kontuak argi eta garbi azalduko dizkiogu gizarteari»
Mikel Legarra, «Euskal Loto» boletoak plazaratzen dituen enpresako kontseilari-ordezkaria
Goldaratzen jaioa duela 32 urte, AEKn eta IKAn lanean ibilia, baita Elkarrin ere, Ikusi Makusi EAren kontseilari-ordezkaria da gaur egun. Mikel Legarraren iritziz, giza-mugimenduek eskubide osoa dute jokoaren bidez beren burua finantziatzeko, baldin eta kontuak garbiro azaltzen badizkiote gizarteari.
Ikusi Makusik, lehendik eskaintzen zituen txartelez gain, beste bi produktu plazaratu ditu. Zer dela eta? Zer bereizgarri dute txartel berriek?
Beste edozein produktutan bezalaxe, patata frijituetan adibidez, aniztasuna, hautatzeko aukera eskaini nahi izan diogu erosleari. Boletoen mundu honetan ere badira anitz produktu, mekanikak, estiloak edo estetikak bat bestetik bereizten dituztenak. Ikusi Makusiren eskaintza lehengo bera da, baina anitzagoa, bezeroari aukera zabalagoa ematen diona, sentsibilitate eta jende mota gehiagori zuzendua. Horrexegatik jarri dizkiogu hiru abar «Euskal Loto» izenekoari: bata lehendik genekarrena, «Ikusi Makusi». Eta besteak «Hiru Karta» eta «Euskal Pelota».
Bakoitzaren bereizgarriak, labur antzean...
Bertako, Euskal Herriko gaiak bultzatzen ahalegindu gara. Pilota jokoari dagokionez, akordioa lortu dugu Asegarcerekin, eta enpresa honek hamasei pilotariren irudia erabiltzeko baimena eman digu, trukean sosik ere eskatu gabe. Gure konpromezua, berriz, zera da, euskal pilota bultzatzea, bai boleto eta kartelen bidez baita publizitatean ere. «Hiru Karta» jokoa, berriz, Euskal Herriko `loto'tzat jo genezake.
Ikusi Makusi enpresaren xehetasunik eskainiko al zeniguke? Kapitala, fakturazioa, langile kopurua, inbertsioak...
Elkarte Anonimoa gara eta sorrerako kapitala hamar milioi pezetakoa izan zen, Elkarri erakundeak jarria oso-osorik. Horren auditoria egiten ari gara eta laster argitaratuko ditugu datuak. Inbertsioak dexentekoak izan dira: materiala, honako egoitza hau... Lanean hamabost bat lagun ari gara, sare komertziala ere barne.
Irabaziak?
Ez dago milioitzarik, ez da zenbaitek uste bezainbateko izugarrikeria «Euskal Loto»k mugitzen duen diru kopurua. Baina ez da hain gutxi ere giza mugimendu batentzat. Zenbakitan esanda: 13 milioi pezeta eman dizkio Ikusi Makusik Elkarri-ri lehen seihilabetekoan. Gogora dezadan, hala ere, Elkarri-ren diru iturri nagusiena militanteek jarritakoa dela.
Jaurlaritzaren Joko Sailak boletoen gaia Elkarriren esku uzteak eman zuen zer esanik. Alegia, giza mugimendu honi legitimotasun morala eta independentzia ken liezaiokeela Lakuarekin duen `menpekotasunak'.
Okerreko usterik ibili izan da honetaz. Zenbaiten iritziz, Jaurlaritzak `eman' egin zion Elkarri-ri boletoen adjudikazioa. Eta hori ez zen horrela izan. Lehiaketa publikoa izan zen, araudiak ere bai, berberak ororentzat. Edonork izan zuen aurkezteko aukera, eta guk ere geure proposamena eraman genuen. Puntuazio hoberena Elkarri-ren projektuak jaso zuen, eta lehiaketaren emaitzak begiratu nahi dituenak eskatzea besterik ez dauka.
«Euskal Herria baketzeko pauso sendorik ematen ez bada bi urteren buruan, Elkarri desagertu egingo da» esan zuen Jonan Fernandezek. Horrela izatekotan, Ikusi Makusi enpresa ere desagertu egingo litzateke?
Hipotesi hori gauzatzekotan, Elkarri-k berak izango luke azken hitza, erakundearena baita kapitala. Elkarri-k erabaki beharko luke zer egin.
Boletoen erosle eredu jakinik ba al duzue?
Horretaz ikerketa ari gara egiten, gure produktua zer nolako jende motak erosten duen ahalik eta zehazkien jakitearren. Orain arteko datuen arabera, sektore sozial eta politiko guztietan ditugu bezeroak, eta adinari dagokionez, 20 urtetik 50era bitartekoak lirateke erosle gehienak.
Produktu berririk eskaintzeko asmorik, lehen aipatuez gain?
Etengabe ari gara horri buruzko hausnarketan, eta boleto bakoitzak merkatuan duen harreraren arabera berrituko dugu eskaintza. Beti ere orain arteko arrastoari segiz: hemengo ohiturak direla, beste kirolen bat, Euskal Herriko parajeak eta gisa horretakoak.
XABIER ARANBURU
18,19