«EA-EAJ arazoa konponduko bada, aberri mailan izan beharko du»

Eusko Alkartasuna eta abertzaletasunaren egoera Nafarroan
«EA-EAJ arazoa konponduko bada, aberri mailan izan beharko du»
Koldo Amezketa, EAko Nafarroako batzorde eragileko lehendakaria
EAJren zatiketa garaian eta EA abiatu zenean Nafarroako batzorde eragileko lehendakaria zena, gerente lanetan zortzi urte igaro ostean, politikagintzara itzuli da. Egun, postu bera du. EAn ematen ari den eztabaida prozesuaz mintzatu gara.
Politikagintzatik at zortzi urte igaro ondoren, zerk bultzatu zaitu itzultzeko tenorean?
Politikagintzatik kanpo zortzi urte igaro ditut. Alde batetik nekea izan daiteke utzi izanaren arrazoia. Urte gogorrak izan ziren horiek. Bestetik, 87an, EAJtik kanporatuak eta EA abiaturik, nire jardun profesionalera itzultzeko aukera izan nuen, hasieran «Navarra hoy» egunkaria kudeatzen, eta ondoren Nafarroatik kanpo. 1993an nire lanak bultzaturik itzuli nintzen. Pasa den irailetik hona, alderdiaren batzar eta bilkuretan murgildu izan naiz, kongresua eta karguen berritzea bazirela jakin banekien, eta interes berezirik izan gabe, baina aginte postuetara itzultzeko aukera baztertu gabe ere, dinamika horretan parte hartu nuen.
Kongresu horren ondoren, karguak berritzean, nolabaiteko lema aldaketa ikusi nahi izan da, egia al da hori?
Prozesu naturala izan da. Azken zazpi urte hauetan, politikagintzan gauzak arras aldatu dira, jardun politikoa garatzen joan da, eta kargu publikoen baitan geratu da jardun honen protagonismorik handiena. Politikaren profesionalizazioa eman da, eta egungo politikoak guztiz murgildua egon behar du zeregin horretan. Honen ondorioz, eta gurea ez da salbuespena, militantzia eta karguen arteko nolabaiteko urrunketa ezagutu da gizartean.
Hori al da EAn egun aurkitu duzuna?
Hilabete hauetan, alderdiak ilusionatzen jarraitzen duela, ekinbideak gogo biziz hartzen direla ikusi izan dut, baina aldi berean arduradun politikoekiko nolabaiteko desadostasuna sumatu dut. Ene ustez, kargu publiko batek eskatzen duen dedikazio mailak prozesu naturala den urrunketa hau esan nahi du. Prozesu hau ez da egun batetik bestera ematen, baina politikagintzatik kanpo egon den batentzat nabarmenagoa da. Nire kasuan, adibidez, shock bat izan da.
Urrunketa hori gainditu nahian erabakiren bat hartu al du Eusko Alkartasunak?
Batzorde eragile berriak elkarlanerako apustua egina du. Afiliatuekin komunikazioa hobetu, eta esfortzu handiagoa eskatu, baina aldi berean partehartze zabalagoa eskaini behar zaie. Kargu politikoei babes handiagoa eman behar zaie, eta hori barrutik egin beharra dago, behar diren batzorde eta lan taldeak sortuz. Martxoaren 4tik aurrera, seguraski, hiru urtez hauteskunderik gabe egonen gara. Hori aprobetxatuz, alderdiaren motorea martxan jarri behar da. Orokortasunez lan egiten ez bada, norbanakakoek lan egiten dute, erabakiak beraiek hartzen dituzte, eta militantzia eta kargu publikoen artean eman den urrunketa gauzatzen da. Azken hauek beren jardunean gero eta murgilduagoak dira, alderdi barneko babes falta horrek lan handiagoa eskatzen baitie.
Azken inkesten arabera goranzko bidea hartu duzue. Hala ere, aldi berean, beste inkesta batean nafar gizarteak EAz duen ezjakintasuna azaltzen da. EA gobernuan dagoela dakitenen kopurua % 36koa besterik ez baita.
IUko Felix Taberna Iñaki Cabases baino ezagunago izatea sinesten zail egiten zait. Zalantzan jartzen dut inkesta horren zuzentasuna.
Onerako edo txarrerako, EAk gobernuan duen presentzia etengabe azpimarratzen dutenak egon badira, jarraipen handia duten bozgorailuak. Boto kopuruan dugun hobekuntza eguneroko jardunarekin eta gobernuan egotearekin dago erlazionaturik. Gobernuan gure presentziak duen bertuterik nagusiena zenbait egoeraren normalizazioa da. Ideologia nazionalista ezezaguna, edota berataz dagoen irudia okerra izan da, nahita sortutako okerra. Gobernuan eta erakundeetan egoteak horren guztiaren normalizazioa dakar, jendeak egoera normal gisa ikustea.
Gobernuan egoteak, zenbait alorretan, guztiz baldintzatu du zuen jokamoldea. Alderdiak, zenbait aferaren aurrean, bere iritzia isilaraziko al du?
Gobernuan sartzea akordio publiko batzuen ondorio zuzena da, hiru alderdiok programa bat eta funtzionatzeko era bat adostu genituen. Oposizioan, gure parlamentarien lana koalitatiboki garrantzi handikoa izan da; baina hori desagertu egin da, orain ez gara Parlamentuan ari, Gobernu barruan baizik, non eztabaidak ez diren publikoak, eta arestian aipatutako akordio horrek baldintzatu egiten du gure jokamolde politikoa. Elkarlanerako apustu hori egin dugu, eta horrek ez du esan nahi alderdiak bere iritzia plazaratuko ez duenik hori eskatzen duten gai ororen aurrean. Egungo egoeran, gobernuaren jarduna bide batetik doa, eta une jakin batzuetan alderdia ez da ados egonen, baina hartutako konpromezuekiko fidelak izanen gara.
EA eta EAJren arteko harremanez mintzo ohi da, inoiz elkarlanerako deiak aditu izan dira, eta kandidatura bateratuak sortu ohi dira. Zer iritzi duzu, maiz aipatu den balizko hurbilpenaz?
EA eta EAJren izatea, bi alderdi izatea, ez da unean uneko gertakizun batzuen ondorioa. Desadostasun garrantzitsuak egon dira, neurri batean nazionalismoa bera ulertzeko moduan. Biek baturik indar gehiago eduki dezakete, baina politika ez da matematikaren eremua, bi gauza ezberdinak batzea ez da gehiketa bat, emaitza eskasagoa izaten ohi da. Ezin jakin etorkizunean zer gertatuko den, gure artean ezberdintasun aski dugu bi alderdien izatea justifikatzeko. Adostasun zehatzak eman daitezke, baina inoiz arazoa konponduko bada, aberri mailan izan beharko du. Nafarroan soluzio berezituak saiatzeko ez dut arrazorik ikusten.
Nafarroarena atxakia edota arrazoia izan zen?
Gai honen inguruan iritzi propioa daukat. EAJk bere garaian organizazio oso baten kanporaketa bideratu bazuen, ez dakit zein izan daitekeen orain hori zuzentzeko arrazoia. Garai hartan EAJ alderdiaren eremu jakin batzuetan Estatutuaren helburuak erdiesteko Nafarroa estakurutzat hartu zen. Egun, EAJren barruan Nafarroak duen garrantzia ezin da ordukoarekin alderatu. Nafarroa soberan zen, atxakia aurkitu zen, eta orduz geroztik EAJk Madrilekiko bere harremanetan ez du inolako arazorik izan, aregago, ez du kezkarik ere.
Egun duten arazo bakarra da ahalik eta antolakuntza txikiena mantentzea _ongi hornitua, bazterturik senti ez daitezen_, era honetan gaitasun politiko urria izan dezaten. Kontrako kasuan, EAE eta Estatuaren arteko harremanak arriskuan egon daitezke. Arazo horrek, oraindik ere, bere horretan dirau.
Azken urteotan euskal nazionalismoak Nafarroan ezagutu duen gainbehera bistakoa da. Aldi berean, kulturan, sindikalgintzan, bestelako garapenak eman dira. Zer deritzozu horri?
Nazionalismoak pisua, arrazoi desberdinak direla medio _barne zatiketarena konparazioa_, galdu du. Aldi berean alderdi estatalistak, hauteskunde mailan, indartu egin dira. PSEren duela hamabi urteko garrantzia eta egun duena konparaezinak dira, gizarte mailan errotuagoa dago egun. Indar horren zati handia EAEko Gobernuan egotetik datorkio, eta hori PSE Gobernuan egotea bideratu duenak eman dio. EAJk, besteon beharrean, sozialistak nahiago izan ditu.
Bestaldetik, nazionalismoan nolabaiteko nekea, etsipena ere sumatu da, abstentzioaren zati handia nazionalistaz osaturik dago. Errealitate horri kultura, euskara, sindikalgintza mailan eman diren aurrerapausoak kontrajartzen zaizkio. Seguraski alderdi abertzaleok ez dugu jakin izan gure mezua helarazten abertzaletasunaren beste adierazpen motek egin duten gisan.
Zeintzuk izan daitezke abertzaletasunaren mezua gizarteratzeko bideak? Zer dela eta komunikazio falta hori?
Baliteke komunikazio arazoak izatea, alderdi politikoek gizarteari helarazten dioten mezua bera izan daiteke komunikaziorako estakurua. Hauteskundeak igarota, EAn, azken urteotako jardunaren azterketa egiteko asmoa dugu, eta hausnarketa horren bidetik gure mezua berritu. Komunikazio arazoena denen kontua da, baina arlo honetan arazoa zer eta nola komunikatzean datza. Bistan denez, alderdi nazionalistak, gure izanaren errebindikazioan ez dira beste giza-estamentuak aitzinatu diren neurri berean aurreratu.
EAk, bere jardun politikoan, bakegintzarako estrategien leloa ibiltzen du. Hausnarketa berririk ez da egin afera honetan?
Gai hau funtsezkoa da. Konponbideak aurkitzeko xedean denok gara beharturik, soluziobideak elkarrizketarako eremuak zabaltzearen bidetik etorriko zaizkigu, eta eginkizun horretan indar politikoen arteko elkarrizketek duten garrantzia.
Indarkeriaren arazoa inoiz baino larriago azaltzen zaigu. Kaleko indarkeriaren handitzea, Iruñeko ostiral eta larunbat gauak, istiluetan parte hartzen duten pertsona mota, gaztetxoak gehienbat, errespetu guztiarekin esana bada ere, heldugabeko pertsonak direnak, hori guztia arazo larria bihurtzen ari da. Heldugabetasuna eta hausnarketa falta dira ekintza horien ezaugarriak, eta larriagoa dena, ohitura bihurtzen ari da. Badirudi ekintza mota horiek kirol gisa hartuak direla, arrisku handiko kirol gisa. Nire irudikoz, afera hortik doa. Aldi berean, Iruñeko Alde Zaharra polizialki hartzeak ez du arazoa konponduko, beste norabaita joanen baitira, eta gainera indar gutxi behar da kalte egiteko. Indarkeriaren arrazoien muinera jo beharra dago, eta horiek konpontzeko bitartekoak jarri behar dira.
Indarkeria mota honek orain arte ezagutu dugunak baino askozaz gehiago kezkatzen nau, epe luzera begira konpondu ahal izateko zailagoa baita, eta adin talde horretan ematen denez, indarkeria ekintzetan parte hartzen dutenak betirako markatuak suerta daitezke.
PATXI LARRION
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEA
PertsonaiazAMEZKETA1
EgileezLARRION1Politika

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude