«Industrializazioak jan egiten gaitu eta gelditzen ari dena erakutsi dut»
1996ko otsailaren 11
Juan Gorriti eskultureari elkarrizketa bere azken erakusketari buruz
«Industrializazioak jan egiten gaitu eta gelditzen ari dena erakutsi dut»
«Araitz zatiak» erakusketa zabaldu du Juan Gorritik Donostiako San Telmon
Egurra aukeratu zuen bere sentimentuak adierazteko. Ez daki artista edo eskultore den; zurgintzat dauka bere burua. Nafarroako bere bailarako tresnak, langak, metak eta zuhaitzak hartu eta Donostiara ekarri ditu.
Nola sortu zen erakusketa hau egiteko ideia?
Uztailean San Telmo Museoko Rafa Zulaika zuzendaria eta Javier Martinez etorri zitzaizkidan duela zortzi urte egindako erakusketarekin gustura gelditu zirela esanez, eta hilabete pare baterako San Telmo eskainiz. Atseginez onartu nuen.
Eskultura baino gehiago sentimentuak dira, baina sentimentuak idatzi beharrean, egurrari forma emanez adierazten ditut. Araitz bailaran bizi naiz, aterik gabeko galeria handi batean. Hori hartu eta eraman dut Donostiara: langa (Peña Santiagoren omenez), meta, mendiko usaina, tresnak, altzariak, artzain eta baserritarren eguneroko bizitza. Ofizio horien omenez egin dut. Araitz deitu diot erakusketari, baina azken batean Euskal Herri osoa da.
Industrializazioak jan egiten gaitu eta gelditzen ari den hori `idatzi' eta erakutsi nahi izan dut. Ez dakit artea den. Duela zortzi urte Sigfrido Koch lagunak etxean nuen meta San Telmora eraman behar nuela esan zidan. Orduan nuen beldur edo lotsa hura kendu eta eraman dut Sigfridoren omenez eta Euskal Herriaren omenez.
Araizko jendea ere museoratu duzu.
Gela txiki batean Araizko hainbat gauza jaso ditut diapositibatan: mendiak, errekak, arbolak eta horiekin batera jendea ere bai.
Erakusketaren beste zati bat zuhaitzen ezaugarriei buruzkoa da.
Guztira 70 zuhaitz mota jarri ditut (gehiago ere baditut) eta bakoitzaren enborra moztuta, azalarekin eta azalik gabe, muina, hostoa eta lorea Arrastaluk margotuta, ikusleak bereiz ditzan. Beste zati batean ilargiaren eragina islatu nahi izan dut. Horretan Arrastaluk asko lagundu dit. Berak itsasoko mundua ezagutzen du eta artista da. Itsasoa lurrarekin nola uztartzen den mural batzuetan adierazten lagundu dit.
San Telmon halakoak ikusteak zer pentsa emango dio zenbaiti.
Usaina, meta, belarra garraiatzeko kablea dela..., erakusketa moderno asko ikusi behar da eta lagun artista asko eduki. Laguntza handia izan dut, bakarrik ezingo nukeen egin, beldurtu egingo nintzatekeen. Azken batean herriak egiten duen nahigabeko arte hori hizkuntza desberdinetan adierazten da: bertsolariak bertsoa botako du, besta batek idatzi egingo du, besteak zinema egingo du. Nik ikusten dudan bezala egin dut.
Azal ezazu kablearen istorio hori.
Duela ehun urtetik orain dela 30 urtera arte erabili da hemen belarra Mailoetatik baserriraino ekartzeko. Kablea mila metrokoa bazen, burdinazko ardatza izaten zuen eta 200-300 metrokoa zenean egurrezkoa. Burusiak edo betebelarrak antzadilekin lotu kableari eta irristaka bidaltzen zituzten. Mailoetako ardatzak indarra ematen dio erakusketari.
Nolaz jarri dituzu oiloa eta oilarra egur metaren barnean?
Bailaran espazio hori oilategi edo txerritegi modura erabili izan da beti. Artoa, ura eta behar duten guztia badaukate. Gainera, kukurruka ari da oilarra eta horrek esan nahi du gustura dagoela. Animalien Defentsarako Elkarteak salaketa jarri du. Sentsibilitate hori ez dut ulertzen. Askotan ezjakintasuna izaten da. Arbola ez dut nik bota. Hil baino lehen aprobetxatu egin behar da. Mendiak ez du usainik telebistan, horregatik eraman ditut elementu horiek guztiak erakusketara. Eta gustura nago jendearen erantzunarekin.
«Batzarre» zure etxean erakusketa galeria duzu. Nola funtzionatzen du?
Herri txikietan ez dago horrelakorik. Orain arte Zumeta, Iñurrieta, Ortiz de Elgea, Antton Mendizabal, Zumaiako gazte batzuk... bere lanak jarri dituzte erakusgai eta neure lanak ere hor egoten dira. Laster Iñigo Altolagirre eta Arrastaluren lanak jarriko ditugu. Eta ilusio handia daukat Araizko artista batzuen lanak bildu eta jartzeko.
ETBn haurrentzat programa bat aurkeztu zenuen. Itzultzeko asmorik ba al duzu?
Orain beste bat proposatu didate, baina ez dakit zer egin, ez daukat oso argi. Telebistarena gezur askokoa da, asko sufritu nuen, gogorra eta oso muntaia artifiziala delako.
Zer duzu orain buruan?
Aitona zurgina nuen eta aita mendiko goarda. Nire jostailuak erremintak ziren. Bost urterekin hasi zen nire proiektua eta bizi naizen bitartean gauzatuko da. Egunero egunsentia iristen den moduan, nik ere nire proiektuari eusten diot. Bonbila beti piztuta daukat eta hori aprobetxatu egin behar da, bururatzen zaizuna gauzatu, denbora pasatzen utzi baino lehen. Orain langaren kontua dut buruan eta neurri txikian ari naiz zerbait egiten. Gero ikusiko dut neurri handian zerbait egin ala ez. Bestalde, laburmetraia bat egin nahi nuke; 500 ardiko artalde bat sartu nahi dut galerian eta irudiak filmatu. Beti artzain eta nekazarien munduarekin egiten dut lan eta polita iruditzen zait.
JOXEMI SAIZAR
40-41