argia.eus
INPRIMATU
«Hemen», Gipuzkoaren ehun urte Kutxaren leihatilatik
2021eko uztailaren 27a
KUTXAk argitaratutako HEMEN liburua
«Hemen», Gipuzkoaren ehun urte Kutxaren leihatilatik
Elena Barrenak koordinatu du lana
Industrializazioa, errepideen hobekuntza, hazkunde demografikoa, hirien handitzea eta nekazari populazioaren gutxitzea, trena, lehenbiziko baporeak, gerrak, miseria... Horiek eta gehiago ageri zaizkigu «Hemen»en. Kutxaren eskutik eta ikuspegitik eratua eta egina.
HISTORIAN doktorea, Deustuko Unibertsitatean irakaslea (Donostiako EUTGn), duela 42 urte Eibarren jaioa, azken 19 urteotan irakaskuntzan dabilena eta abokatu sobera ezagun batekin ezkondua. Elena Barrena Osorori dagozkio datu biografikook, «Hemen» liburuaren egileari.
«Ez egile bakarra -zehaztu digu-, talde lana izan baita. Sei hilabete inguruz aritu da talde osoa bilatze eta pilatze lanetan, eta Arantza Anza izan da zeregin horren arduraduna. Gipuzkoa eta Donostiako Kutxen akta guztiak irakurri ditu».
Xabier Alkorta izan da proiektuaren arduraduna, Felix Garrido diseinuarena eta Alberto Martinez koordinatzailea.
Meritu banaketaren segidan argitu digu Elena Barrenak zernolako poz, atsekabe eta buruhausteak eragin dizkion «Hemen» liburua sortzeak.
«Poz handia, jakina. Izerdi gehiena, berriz, material guztia 300 orrialdetan laburbildu beharrak. Pena eman dit hainbat eta hainbat material interesgarri bazterrera uzteak. Izan ere, bada `Hemen'en sartu ezin izan dugun zera bat: eguneroko bizitzaren isla hain juxtu».
«Izan ere, egunkaria ziruditen mende hasierako Kutxetako aktek. Idazkariek notario txit leial gisara jasotzen zituzten bileretako xehetasun guztiak, eta horiek irakurtzerakoan kalean aditzen diren elkarrizketak entzuten ari nintzela iruditzen zitzaidan».
Adibide gisara aipatu digu Elena Barrenak 1918. aldera zenbateko harridura sortu zuen Gipuzkoako gizartean lan publiko eskaintza batek. «Eskribienteak» behar zituen erakunde publiko batek, eta lehenbizikoz, bi emakumezko ere aurkeztu ziren lanpostu horietarako. Ausardia handitzat jo zuten sasoiko komunikabideek aurkezte hori, eta Kutxetako aktetan bada horren islarik.
Mende osoa arakatzen
«HEMEN» izeneko liburuan, anekdotak anekdota, zera jasotzen da gainerakoan, azken ehun urteotako historia, Gipuzkoarena, jakina. Industrializazio prozesua paper eta oihal enpresek hasi zutela (ez siderurgiak, askok kontrakorik uste izan arren); demografiaren hazkundea; trenaren etorrera eta honek eragin zituen aldaketak (trikitixaren hedapena); hirien handitzea, ezkontzen ugaltzea eta zelibatoaren murriztea; errepideen hobekuntza; baporezko untziak, ibilgailuak...
Eta ondorengo guztiak. Alegia: 12-14 ordu lan egin beharra egunero fabriketan, gizarte segurantzarik eza, istripurik izan edo gaixo jarriz gero jornalik ez. Gosea eta miseria, beraz, inongo ezbeharrik gertatuz gero. Hamar urteko haurrak lantegietan, analfabetismoa, etxebizitza eskasia, epidemiak. Horri guztiari aurre egitearren sortu ziren Donostiako Aurrezki Kutxa lehenbizi (1879an) eta Gipuzkoakoa segidan (1895ean), «Hemen»ek dioskunez. Eta oraintsu izan da bi kutxek bat egin zuteneko bosgarren urteurrena, liburua kaleratzeko aitzakia edo arrazoia aldi berean.
Elena Barrena gai horietan murgildurik ibili da iazko maiatzetik urri-azarora bitartean. Lotarako astirik gabe apenas, eta oporretarako zer esanik ez. Nekatua eta pozik. Ezinbesteko galdera luzatu diogu, ez al duen Kutxak bere buruaren laudoriotan egin liburua, ez al den ageri erakunde hau gipuzkoarren gaitz guztien konpontzaile gisa.
«Diskutigarria litzateke esatea kutxen sorrera izan zela miseria, laneza eta beste hainbat gaitzen aurkako konponbide zuzenena. Baina dudarik ez positiboa izan zela oso haien sorrera, ekonomia ttipien erakunde finantzaria izan baitzen»,
diosku Elenak.
Karitateaz mintzatu zaigu ondoren, eta gaur egungo zentzu gaitzesgarririk ez zuela gogorarazi digu.
«Gizarte hartan on-egitea, benefizentzia, balore guztiz hedatua zen goi mailako klaseetan. Ospe edo prestijio soziala eskuratzeko bide bakarretakoa agian. Jauntxoak eskuzabalak izatera behartuak zeuden, beren `karismaren' osagaietakoa zen».
Testuinguru kultur-psikologiko horretan hedatu ziren Gipuzkoan karitate erakundeak, eta gutxi asko, kutxen sorrera ere hor nonbait aipatu behar. Elena Barrenak, bien bitartean, azken ehun urteak alde batera utzi eta bere saltsan segituko du, Erdi Aroko historian murgildua, horixe baitu bere espezialitatea unibertsitatean. Liburu parea ere argitaratuak ditu, oraingoaz aparte, Gipuzkoako historiaz: «La formación histórica de Gipuzkoa» eta «Historia de las vías de comunicación en Gipuzkoa». Gerora begira, ikertzen segitzea du asmoa, eta irakaskuntzak egunero sortu ohi dituen buruko minei ahalik eta modu hoberenean aurre egitea.
XABIER ARANBURU
Elena Barrena, bere liburu argitaratu berria eskuetan duela.
18,19

GaiezGizarteaHistoriaBesteak
PertsonaiazBARRENA2
EgileezARANBURU6Gizartea