argia.eus
INPRIMATU
"Bizitzen baduzu erakutsi egin behar duzu, saltzeagatik"
2021eko uztailaren 19a
Andres Nagel pintoreari elkarrizketa
"Bizitzen baduzu erakutsi egin behar duzu, saltzeagatik"
Paris, Donostia, Bilbo ... urte emankorra izan du Andres Nagel pintoredonostiarrak
Bilbon erakusketa antologikoa zabalik duen honetan, «egunero ari zara lanean, baina erakusketa daukazunean akordatzen dira zutaz» dio. Pintore pertsonala inondik ere, bere ondare `artistikoena' erakutsi digu.
IRRIBARRE umila erraz limurtzen zaio. Baina ez zaie galderei itzurtzen; arteaz asko daki, ez dabil eremu arrotzean. Sailkapenen aurka, ideien defentsan, «izua» hitza darabil hitzetik hortzera bere ibilbidetik aldentzen denaz mintzo. Izaera indartsukoa, lan pertsonalak ezaugarritzen du, bereziki, Andres Nagel.
Sailkapena horrorea da. Zerbait erakusten jarri eta azkarren bat etortzea gauza hura sailkatu eta kutxatan sartu nahian, ikaragarria da hori.
Artista pertsonala da nahitaez; ipuina da talde mailako artearen kontu hori. Beti daude bat edo bi lagun tira egiten dutenak, ideiak dauzkatenak, eta gainontzekoak borondate oneko lagunak dira, baina gurdira igotakoak. Gainera, denborak argitzen du panorama, ideiak benetan nork zituen.
Sailkapenetik at, baina, erraza da zure lanean ezaugarri konstante batzuk aurkitzea.
Ona da gauzen atzean pertsona bat egon eta iger dadin pertsona hori. Egiten duzuna hiru gauzak zedarritzen dute: egilea, lan egiten duen tokia -ez da hain garrantzitsua, baina eragina du-, eta zer garaitan egiten duen.
Garaiotan, nolanahi ere, nahasketa handia egon da, informazioa oso azkar iristen delako. Eta munduan egiten dena oso azkar dakizu, eta ikusteko aukera daukazu.
Ingurua aipatzen duzu.
Koadro batean elementu desberdinak daude: gehienbat eta nagusi, ideia; ideiatik abiatzen zara koadroa egiten, eta gero koadroaren barruan baliabide desberdinak erabiltzen dituzu espazio edo bestelako arazo batzuk soluzionatzeko. Elementu anekdotiko horiek -objektu bat, argia, kolorea...- normalean eguneroko elementuak izaten dira. Eta jakina, logikoena da zure inguruan dituzun elementu eta gauzei erreparatzea.
Ideiaren nagusitasuna defenditzen duzu, formen gainetik.
Koadro edo eskultura bat ideia batetik hasiko ez bazenu, azkenean denak igoalak lirateke; deskriptiboak. Formak aldatuko lirateke, baina koadroak berdinak izango lirateke.
Arte-lanek betetzen dute Andres Nagelen etxea, baina ez apaingarri; itxura batean anabasan diren obrek propio definitutako espazioa egiten dute. Etxepean tailerra, eta hantxe lanean topatu dugu. Eguneroko lana baita artea egiteko oinarria.
Koadro batean lanean ari zara, eta hortik hurrengoa egiteko ideiak ateratzen zaizkizu. Zuk buruan jada baduzun koadroaz gain, egiten ari zarena baliozkoa da hurrengoa probokatzen ari zaizulako.
Eguneroko zeregina, lanbidea da lana baino areago artistarena.
Lanbidea da, zalantzarik gabe. Eleberri horiek non bakarrik zauden eta norbait azaltzen zaizun eta dena oso ona den... Honetarako iraupen handikoa behar du, urte askotan jardun beharra dago. Iraupen luzeko lasterketa da hau.
Gazteengan nabaritzen da. Egun, dagoen informazioarekin, gaztea prestatua izaten da, asko ikusi du, teknikoki trebea da... baina azkenean inportanteena ideiak dira. Eta arazoa da ez lehen erakusketan, baizik eta hirugarrenean oraindik ideiak izatea. Eta segitzea; irautea ia ideiak izatea bezain garrantzitsua da.
Eskultorea eta pintorea, «mugak ez daude batere garbi», figuren erabilpenean bezala hainbat materialekiko jaidura izan du Andres Nagelek. Poliesterra eta beriazko-fibraren aukera baliatzen lehenetakoa, zinka, beruna eta bestelakoak ere erabili izan ditu.
Materialarena gaiarena bezala da. Inportantea da ikusten dena baita, formak bezala, baina bigarren mailakoa da egin nahi duzunarekiko.
Materialaren zeregina da zuri baliagarria izatea arazo bat soluzionatzeko. Eta materialaren arazo handia, formekin bezala, haren eskuetan erortzen uztea da. Zu jartzea materialaren menpe. Material bakoitzak forma eta aukera desberdinak ematen ditu, baina arriskutsua da materiala makurtzen saiatzea zuk soluzio bat aurkitzeko, materiala fortzatuz. Zure zerbitzura dagoen zerbait da.
Materialak legez, teknologia berriak ere balia daitezke.
Niri ihes egin dit, baina bideoak, esate baterako, izugarrizko aukerak ematen ditu. Bideo-klipa iruditzen zait oso ona, 80an oso gauza fresko eta politak egin dira. Bideo-artea, berriz, aspergarria iruditzen zait, handinahia, ideiarik gabea.
Artea egiten eta ikusten gozatzen duen pertsona, artearen inguruko mundua, merkatua ez du batere gogoko, nahiz badakien beharrezkoa dela. Bilboko Arte Ederretako Museoan zabaldu duen erakusketa antologikoari ere erreparoz behatzen dio.
Izutu egiten nau atzera begiratzeak; gauza zaharrak ikusi eta antzinakoak gogoratzea ikaragarria da.
Anitz egin dituzun arren, inoiz ez zara erakusketa eta merkatu kontuen zale izan.
Erakustea guk dugun madarikazioa da. Bizitzen jarraituko baduzu, erakutsi egin behar duzu, merkatu arrazoiengatik, saltzeagatik. Gaitz beharrezkoa da erakustearena, ez besterik.
Franko hitz egin da krisiari buruz, baina galeriak irekitzen dira...
Asko dago. Azken 15 urteetan publizitate handia egin da, ikaragarria. Publizitate hori ona da, baina ez dio gutxiengo baten gauza izateari uzten. Masarentzako artearen gai hori ipuina da, eta gainera ezinezkoa. Jendeak pasatutako gauzak irents ditzake, baina ez oraina, zeren eta oso sofistikatua baita egunean bizi den jendearentzat. Ondo dago, beraz, hedapena izatea, baina barneratzera iristea beste upeleko ardoa da. Denbora askoko kontua, eta gaitzerdi! Zeren eta egiten ari zarena egunero jango balute, zerbait gaizki doan seinale.
ELORZA, Mikel
37-38,39

GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakNAGEL1
PertsonaiazNAGEL1
EgileezELORZA2Kultura