argia.eus
INPRIMATU
"Musikari baino dantzari hobea naizen ustea izan dut beti"
Patxi Larrion Galdeano @plarrion 2021eko uztailaren 19a
Bittor Aiape musikariari egindako elkarrizketa
"Musikari baino dantzari hobea naizen ustea izan dut beti"
"Gaztea naiz eta zer ?", Bittor Aiaperen bigarren lana IZren eskutik
Musika eta dantzarena dira Iruñean jaio baina Kasedakoa sentitzen den Bittor Aiapek aukeratu dituen bideak. Hamabost urte eta bi lan luze besapean, horiek ardatz harturik, musikaren munduaz duen ikuspegia azaldu digu. Aurki, osatu berri duen taldeak lagundurik, Euskal Herriko plazetan ikusi ahal izanen dugu eskaintza berriarekin.
«Gaztea naiz eta zer?». Zer dela eta izenburua?
Duela bi urte izenburu bereko abestia egin nuen. Herri Urratsen abestu nuen estreinako aldiz, eta ez dakit zergatik baina abesti zaharrak inork ez zituen ezagutu ere egiten eta hori jende guztiak abestu egin zuen. Hori ikusita lan berriari izena emateko ona iruditu zitzaidan, ez da abesti bat bakarrik, disko guztia definitzen du eta ni neu ere era berean.
Sarrionandiaren hitzekin moldaturiko abestia alde batera utzirik, zeureak dira abesti guztiak. Kontzertuetan maiz beste kantari eta taldeen bertsioak jotzen dituzu. Zer dela eta?
Orain hasi naiz ezaguna egiten, baina lehen kontzertuetan jendea geldirik egotean zen eta ezagunak zituen kantuak jotzen nituenean erreakzionatu egiten zuen, beraz, beste kantu batzuk sartu beharra ikusi nuen, gehienbat ezagunak direnak, kontzertuaren azken partean ematen ditudanak.
Non sentitzen zara erosoago, kontzertu batean edo estudioan?
Estudioan erosoago sentitzen naiz, gauzak mantsoago egiten dituzu. Diskoa ateratzearekin zure etapa bat erretzen duzu. Hala ere, jendearen aurrean egoteak zirrara ematen dizu, estudioan aurkitzen ez duzun zirrara.
Lan berri honetako kantuen artean baten bat nabarmenduko al zenuke?
«Beste egun bat», dudarik gabe. Grabatzerakoan hamarren bat abesti eraman nituen, eta zortzi ongi zeuden baina besteak ez, eta maiatzean atera nahi bagenuen ere, ez zen posible izan. Udan zehar abesti gehiago egitea erabaki genuen eta «Beste egun bat» egin nuen. Nire abestirik landuenetakoa da, biribilena, gainera irratietara eramaten diren aurkezpen diskoetan ez dugu sartu, hitza piska bat konprometitua baita.
Zein izan daiteke bi diskoen arteko ezberdintasun nagusia?
Bereziki hau askoz ere landuagoa dela, agian helduagoa; bestea freskoagoa da. Beste aldetik, aurrekoan hiru urte izan nituen kantuak egiteko, hogeiren bat kantu banituen; disko honetan urte eskas izan dut.
Zure lanean ba al da eraginik entzuten dituzun abeslari eta taldeetatik?
Euskal Herrikoen artean, Nahi ta Nahiez, Su ta Gar, EH Sukarra, Etsaiak eta Kortatu dira gehien entzuten ditudanak. Abeslarien artean Mikel Laboa dut estimatuen. Kanpokoetatik Neil Young aipa dezaket; ez nuen inoiz entzun grabaketan sartu arte eta Kakik entzutea gomendatu zidan, nire estiloarekin bat zetorrela, eta halaxe gertatu da.
Euskal Herrian kontzertu sarea aski zabaldurik zegoela esan izan da; egun, bestelako egoera bizi da, gero eta kontzertu gutxiago antolatzen omen dira. Iritzi horretakoa al zara?
Lehen kontzertua antolatu eta jendea taldea ikustera joaten zen. Kortatu, Hertzainak, Cicatriz eta beste, horren adibide garbiak ditugu. Baina orain kontzertuak bospasei talderekin egiten dira, iraupen luzekoak dira, eta jendea gaupasa egitera joan ohi da; berdin zaio taldeak zeintzuk diren, jendeak martxa nahi du eta kitto. Taldeei egiten zitzaien jarraipen hori jaitsi egin da nabarmen.
Musikaz aparte, dantzaren munduan buru belarri ari omen zara.
Gitarra eta dantza klasikoa ari naiz ikasten, asteko hogeiren bat ordu eskaintzen dizkiot dantzari, oso gutxi ateratzen naiz.
Agian hemendik gutxira musika utzi eta dantza klasikoan erabat murgildurik izanen zara.
Musikari baino dantzari hobea naizen ustea izan dut beti. Gainera, mutila izanda, dantzak aukera gehiago eskaintzen dizkizu. Kantatzearena ez dut inoiz utziko, beti izango naiz abeslari, baina dantzarena indartu nahi dut. Musikan gauzak ongi aterata ere, ez dut dantza utziko.
Nafarroak ez dizu aukera anitz eskaintzen dantzaren munduan jarraitzeko, hor daukazu Yauzkari taldearen adibidea. Nora joanen zinateke?
Holandara joan nahiko nuke, kanpora joango naiz, seguru. Jarraitzerik ez badut ere, ez naiz larrituko.
LARRION, Patxi
50,51

GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakAIAPE1
PertsonaiazAIAPE1
EgileezLARRION1Kultura