argia.eus
INPRIMATU
"Herri indigenen batasuna eta kontzientzia lortu dugu"
2007ko otsailaren 21a
Leonor Zabalata Torres, herri indigenaren buruzagiari elkarrizketa
"Herri indigenen batasuna eta kontzientzia lortu dugu"
Leonor Zabalata Torres, Kolonbiako archuago herri indigenaren buruza- gia
Kolonbiako Sierra Nevada mendizerran bizi diren arhuaco, arsario eta kogis herri indigenak euren eskubideen alde borrokatu izan dira 1492az geroztik. Leonor Zabalata, buruzagi indigena, borroka horren lekuko zuzena dugu.
Kolonbian 82 herri indigena eta 64 hizkuntza desberdin biltzen dira. Zein da herrion borroka?
Gureak beti izan dira bake kulturak. Indarkeriaren kontrako erresistentzia egin izan dugu eta gure ustez, irtenbideak bakezalea behar du. Mendeak daramatzagu gurea ez den sistema baten kontra borrokatzen. Sistema honek gizateriaren baliabideak nola zapuzten dituen ikusi dugu eta ildo honetatik, herri indigenok egin dezakegun ekarpena garrantzitsua da oso. Gure kulturaren oinarrian dagoen naturarekiko harremana eta filosofia, bioaniztasuna edota herri aniztasuna errespetatuz, zibilizazio hauek kontuan hartu beharreko baloreak dira. Guretzat pertsonak gauzak baino garrantzitsuagoak dira, eta ilargira joateko tresneria baino garrantzitsuagoa da erreka. Gure borroka, beraz, zera da: gizateria osoarentzat onuragarriak diren ekarpenak egitea.
Inbasioak eragindako kalteen aurrean Kolonbiako herri indigenen batasuna indartu duzue.
Kolonbiako indigenak harro sentitzen gara gure izaeraz, gure kulturaz eta gure tradizioaz. Baina batasuna indartu dugu ez gurea inposatzeko, baizik eta gure eskubideak defendatzeko. Gutxiengo etniko bezala definitzen gaituzte baina, gure ustez, halako kontzeptuek ez dute baliorik. Kultura arloan, gure baloreak beste kultura batenak bezain onak baitira. Gure kulturak kultura menperatzaile baten pean bizirik iraun ba- du, kontuan hartzekoa da gutxienik bere miliurteko balioa.
Herri indigenok erresistentzia ahalmen handia erakutsi dugu, eta beste kultura batzuekin batera bizi gaitezkeela frogatu. Kultura eta herrien arteko diferentziak errespetatzen jakin dugu. Ez da horrela gertatu kultura menperatzaileekin, ordea.
Kolonbiako Buruzagi Indigenen Mugimenduko partaide zara. Alderdi politiko bezala 2 ordezkari dituzue Asanblea Nazionalean. Politikoki, zein da zuen lana?
Kolonbiako historian lehen aldiz, gure eskubideak defendatzen dituzten konstituzio-artikuluak lortu ditugu. Gure hizkuntzen ofizialtasuna eta herri indigenen aniztasuna bermatzea estatuaren zeregina izatea lortu dugu eta bereziki esaguratsua da Lurralde Antolaketarako Legea. Honen bidez, herri indigenen lurraldeen mapa egitea posible izango da. Eta lege aldetik ere, zenbait proposamen egin ditzakegu.
Aurrera egin dugu gure eskubideen defentsan baina lorpen hauek ez dira dohainikakoak izan. Batasuna eta erresistentziari esker Kolonbiako gizartearen elkartasuna lortu dugu, eta honen ondorioz etorri dira lorpen politikoak. Hala ere, lorpen politiko hauek baino garrantzitsuagoak herri indigenek indartu ditugun kontzientzia eta batasuna dira.
Lurralde Antolaketarako Legeari dagokionez, oztopoak jarri dizkizue Kolonbiako Gobernuak. Konponduta al daude?
Herri indigenen lurraldetasuna bermatuko duen legeak gure adostasun osoa lortzen ez badu, guretzat ez da aplikagarria izango. Lege bat inposatzea ez da bidezkoa kasu honetan, gu baikara lege honetako aktoreak. Ez badu adostasunik, lege hori ez da praktikoa izango gure esparruetan. Horregatik, Gobernuak herri indigenen garapena bermatuko duen legea proposatuko duen esperantza dugu.
Kolonbiak bizi duen indarkeri egoera gero eta bortitzagoa da. Zer eragin du honek herri indigenetan?
Herri indigenek jaso dituzten kolpeak bortitzak izan dira benetan. Baina konkista garaitik gerraren kontrako erresistentzia erakutsi dugu eta bake oreka mantendu nahi dugu. Hala ere, egun dugun arazorik larriena zigorgabe gelditu diren hilketena da. Erakunde penalek onartu dituzte Armadak eta Poliziak eragin zituzten hilketak, baina zigortzeke utzi ditu. Kolonbiako sistema politikoaren arabera, soilik Armadak zigor ditzake hilketa hauek. Eta ondorioz, ez dago herri justiziarik.
Kolonbiak, neurri batean, gerra zibil egoera bizi du, baina narkotrafiko eta bestelako interesek eraginda. Ez da Kolonbiako herriaren gerra.
Narkotrafikoak arazorik sortu dizue?
Herri indigenek ez dakigu narkotrafikoaz. Guretzat koka-landarea zuhaiska sakratua da eta zentzu honetan gure sustraiak defendatzen ditugu. Egun, badirudi koka-landarea dela txarra; baina beronen industria da suntsitu beharrekoa. Aitzakia bilakatu da gure tradizioaren kontra egiteko. Bestalde, estatuek kokaren industria bultzatu eta baimentzen dute.
MYRIAM GARTZIA
GARTZIA, Myrian
14,15


Gaiez\Politika\Nazioartea\Estatuak/Na\KOLONBIA
Gaiez\Gizartea\Sektore baz\Herri indig
Pertsonaiaz\ZABALETA8
Egileez\GARTZIA3\Politika