argia.eus
INPRIMATU
"Euskara batua baino, euskara dispertsatua egiten ari gara"
1995eko abenduaren 03a
Xabier Amuriza bertsolariari egindako elkarrizketa
"Euskara batua baino, euskara dispertsatua egiten ari gara"
Xabier Amuriza
Matienan elkartu gara etxanoarrarekin. «Bizkaiko bertsogintza» bilduma argitaratu berria atxakia, Bizkaiko koplagintzaz, bizkaieraz eta bertsogintzaren lehengo eta egungo egoeraz jardun dugu idazlearekin. Batzuek kontrakoa uste badute ere, ez da inolaz ere bertsolaritzatik erretiratu, horrela azpimarratu digu bertsolariaren jarrera aktiboa aldarrikatuz.
«Bizkaiko bertsogintza»rekin zein hutsune bete nahi izan duzu?
Bizkaiko bertsogintza, ez bertsolaritza, nebulosa batean dago eta zegoen, zeuden gauza apurrak sakabanaturik. Hain ez zegoen bildumarik, ezen nik neuk ere zerbait egiteko ez bainekien zer zegoen. Bizkaian ez da bertsolaritzarik izan guda garaira arte, oraingo kontua da. Bizkaian egon dena koplaritza da, baina non? Argitaratu dudana, beraz, Bizkaiko bertsogintza da, baina guda garaira arte, zaharrena.
Koplaritza Bizkaiko jenero berezia al da?
Bizkaian espezifikoa da, batez ere erromeriarako eta dantzarako koplak. Orain koplaritza nahiko zabal dago, trikitilarien bitartez zabaldu baita, baina trikitia nahiko modernoa da. Alboka, dultzaina edo panderoaren inguruan egiten ziren erromerietan koplaritza tradizio handia izan da Bizkaian.
Galdu egin da koplaritza?
Ez da galdu, ni bizi naizen artean ez da galduko. Tradizio hau arkaismotzat jo izan da, eta bertsolaritzak irentsi egin du. Pobretasun ikaragarria litzateke jenero batek bestea irenstea. Ez dugu ezer irabazten horrela.
Bizkaiko bertsogintza nahikoa ezagutua izan al da?
Euskaldun guztiok gara beste hizkuntzekiko akonplexatuak, baina euskaldunen artean bizkaitarrek dute konplexu handiena, edo bere burua errazen saltzen edo abandonatzen dutena. Bizkaitarrek erraz gutxiesten zuten zeukatena eta gehiago baloratu ondokoarena.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan normala da bertsolariek bizkaieraz ez kantatzea. Hain da normala, ezen entzuleek ere normaltzat eta hobetzat hartzen duten. Konplexuak transmititu egiten dira.
Horregatik ez da ezagutzen Euskal Herrian Bizkaiko bertsogintza?
Ez da ezagutzen eta gainera bizkaitarrok ere ez dute ezagutzen. Eskuzabalegiak gara. Eskuzabal izateko gertu nago ni, baina ez abandonorako. Euskara batuan ez dago tradiziorik horrelako gauzetan, honelakoak euskalkietan daude. Euskara batuak egin behar duena da hau guztia jaso, bestela hizkuntza horrek ez du balio. Horrela ezin dugu egin. Bizkaitar asko dago bere euskalkia ezagutzen ez duena.
Eta nola behar luke?
Bizkaiko eta euskalkietako hitz guztiak jaso egin behar ditu batuak, bestela ez dago hizkuntza. Arazoa da horiek nola jaso eta galdu direnak berreskuratu. Euskara batuak birplanteamendu handia behar du, ezin baten aurrean baikaude. Azkenaldian sakabanaketara gehiago doa batuketara baino. Gainera, hipokrisi handi batean gabiltza. Uste dugu hizkuntza nahiko normal daukagula, baina hizkuntza normaltzea ez da «euskañol» baten ereduari jarraitzea. Euskara batua baino, euskara dispertsatua egiten ari gara. Euskalkiek ez badute aportatzen daukaten guztia, euskaldunek ez dute euskara batua maiteko. Ezin da maitatu norberaren etsaia den gauza bat.
Euskal kulturgintzan bizkaieraren presentzia gehiago ez al da sumatu azkenaldion?
Bai, eta «Bizkaiko bertsogintza»ren harrera ere zabalagoa izan daiteke horren eraginez, «Hiru Truku»ren eraginez, esaterako. Exotismoz heltzea ere ez da ona, baina elementu bat da. Bizkaiko askok ere ez zekien hemen «Hiru Truku» bezalako zerbait eduki genezakeenik.
Formula berriak erabiltzen dira bertsogintzarekin lotuta. Nola ikusten dituzu?
Berreskuratzen ari da bertso jarrien tradizioa. Musikarekin nahi diren adina egin daitezke, beti ere bertsoaren izpiritua errespetatuaz. Indartu daiteke bertsolaritza bera horrela. Hala ere, ez da muga zehatzik kantagintza eta bertsolaritzaren artean.
Bertsoaren presentzia handiagotzeak, kantitateak, kalitatea ekarri al du era berean?
Bertsolaritzak zabalpen handia izan du entzuleen aldetik, masifikatu egin da telebistaren bitartez. «Hitzetik hortzera» amaitu ostean, urak atzera bere ubidera itzultzen ari dira. Pantailaz oso entzuleria zabal, heterogeno eta kalitateari hainbeste begiratuko ez dionarengana ere iritsi gara. Zenbat eta gehiago masifikatu eta zabaldu, orduan eta exigentzia gutxiago dago publikoaren aldetik.
Bertsolaritza gehiegi zabaldu da. Kalitatea bertso jarrietan isurtzeko arriskua egon liteke. Hori bat-bateko saioetan ere bilatu behar da. «Hitzetik hortzera»n gehien ateratzen zirenak, gero horiek gehiago ibili dira. Ni gehien ematen ziren gai jarrien saio mota horietan ez nengoenez, jende gehienak uste zuen eta uste du erretiraturik nagoela.
Nolakoa da entzulego masifikatu hori?
Gure entzule potentziala ez dira 250.000 lagun, telebistak ematen zuena. Hori ez da gure audientzia, ez. Hori bluf bat da. Ez da bertsozaleen audientzia. Ezin dugu audientzia zabal masifikatu hori fomentatzeko behar diren efektuen bila ibili. Hizkuntza hori ondo ulertzen duena behar dugu. Telebistaren pantailarik ezak mesede egingo dio atzera birkokatzeko gure gunea.
«Demokrazia Euskal Herrian» agiria kaleratu berri duzue militante abertzale historiko batzuek. Zertan dakusazu trantsizio bidea amaitua, blokatua dagoela?
EAJri eskatu behar zaio gutxieneko borondate bat, bere indar errepresiboa ez dezala hain indiskriminatuki eta hain gogor Ezker Abertzalearen aurka baliatu. Ertzaintza ez dadila Goardia Zibil bat gehiago izan, orain gertatzen ari den moduan.
Badirudi EAJk autodeterminazio eskubidea gauza formaltzat besterik ez duela. Hau ez da formala, hau abertzaleen gauza funtsezkoa da. Hori eta lurraldetasuna birplanteatu gabe, Ezker Abertzaleak ez du amore emango. Izeberg handiaren puntak hemen daude, baina punta horiek ez dira joango izeberga azpian baitago.
Eta Ezker Abertzalearen funtzioa, betebeharra, zein da egungo egoera honetan?
Distentsiorako arrazoiak ikusten al dira inon? Ez dira ikusten. Ertzaintzak gero eta gehiago jotzen du, beraz ez dago distentsiorako borondaterik. Goardia Zibilak suntsitu ez gaituenean, Ertzaintzak egin behar du hori? Oraindik inpunitatean ari dira, baina badirudi enfrentamendu zuzenaren bila doazela.
Trantsizioko urteen balantzea egin duzu. Bertsolaritzak, berriz, nolako bilakaera izan du urteotan?
Gaia ipinita aritzea bertsoa eskema batean, dekoratu batean sartzea da. Eredu horretatik atera banintzen ez zen hainbeste gai-jartzailearen aurka izan, bertsolarien aurka baizik. Bertsolarien inerziaren edo ekimen ezaren aurka. Gaia jarrita egin liteke, baina norberak, bertsolariek, parte gehitxoago hartuz ere bai. Orain normaltzen hasi denez gero, gai-jartzaileren papera bertsolari batek edo bik har dezakete...
ARANTXA ERASUN
ERASUN, Arantxa
23-26

GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaAMURIZA1
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakBesteak
PertsonaiazAMURIZA1
EgileezERASUN2Kultura