"Euskararen berri era entretenigarrian eman nahi dugu"
1995eko azaroaren 26a
Aintzane Gardoki "Hitzaro" saioaren aukezleari elkarrizketa
Aintzane Gardoki
"Euskararen berri era entretenigarrian eman nahi dugu"
Aintzane Gardoki, Mikel Irizarrekin batera, Joxe Aranzabalek zuzentzen duen ETB-1eko «Hitzaro» eta ETB-2ko «Lengua viva»saioko aurkezlea da. Ez da, ordea, aurkezle lanetan aritzen den lehenengo aldia, lehenago ere aritua da Arrasate Telebistan.
Zer ekarri diezaioke horrelako saioak euskarari?
Orain arte euskararen inguruan egin diren saioak didaktikoagoak edo teknikoagoak izan dira. Saioarekin modu entretenigarri edo behintzat modu biziago batean euskararen berri eman nahi genuke. Euskara beti izan da nire hizkuntza, baina programa hasi denetik konturatu naiz euskararen inguruan zenbat informazio dagoen. Euskaraz bizi gara, baina gauza asko ez dakizkigu euskarari buruz.
«Hitzaro» eta «Lengua viva»k publiko ezberdinei mami bera eskaintzen al diete?
Hasieran gauza berdintsua ziren, baina aurrera goazen era berean bata eta bestea bereizten hasi gara. Kontuan dugu euskaldunok albiste batzuk errazago jasoko ditugula eta albiste bera beharbada erdaldungoak urrunagotik ikusten du. Euskara ikasteko metodo berria sortu izana, euskaldunentzat neurri batean soberan dagoen albistea da; aldiz, erdaldunentzat interesgarriagoak dira horrelako albisteak.
Orduerdiko saioa nahikoa al da euskararen berri emateko?
Ezer ez egotetik orduerdiko saioa izatera igaro gara. Hutsetik hogeita hamar minutura pasatzea... hor dago hori. Inguruko batzuek esan digutenez, orduerdia arin pasatzen zaie, horrek orduerdi hori sobran ez dagoela esan nahi du. Gertuko lagunek hasieran gauza ezberdina espero zutela esan digute, askoz ere astunagoa izango zelakoan zeuden, eta orain heldu zaigun iritzia programa bizia eta arina dela da.
Arrasate Telebistan jarduna zara; zer alde dago hortik ETBra pasatzean?
ATB moduko komunikabide txiki batek beti ematen dizu hurbiltasun handiagoa izateko aukera, handi batean baino errazagoa da hori lortzea.
ARRITXU ZELAIA
ZELAIA, Arritxu
Mikel Irizar eta Aintzane Gardoki dira «Hitzaro»ko aurkezleak.
49