argia.eus
INPRIMATU
"Bidaiarien terminal berria 1998ko udan inaguratzea espero dugu"
2007ko otsailaren 21a
Sondikako aireportuko zuzendaria aireportuaren etorkizunaz hizketan
"Bidaiarien terminal berria 1998ko udan inaguratzea espero dugu"
Vicente Almoguera, Sondikako aireportuko zuzendaria
Azken urtean %15 hazi da Sondikako bidaiari kopurua. Honi aurre egiteko aireportuaren handitze planari ekin diote bertako arduradunek. Terminal eta aparkaleku berriak, 12-30 pistaren luzatzeak eta kontrol dorrea eraikitzeak beharrezkoa den inbertsioa eskatzen dute mendea bukatu aurretik.
Sondikako aireportuaren handitze lanak berehala hastear daude, oraindik zenbait lan burutzeko adjudikazioak lehiaketara atera ez badira ere; zertan gauzatuko da Sondikaren handitze proiektua?
Sondikako aireportuan burutuko diren handitze planak hiru fasetan gauzatuko dira: kontrol-dorre berria 1996an jada amaitua egongo dela espero dugu, 12-30 izeneko pista bostehun metro luzatzeko proiektua datorren urtean aterako da lehiaketara eta lanik garrantzitsuena, hau da, terminal berriaren eraikina eta 1.500 autoentzako aparkalekua hil honetan bertan edo abenduan aterako dugu lehiaketara eta 30 hilabetetan amaiturik egongo direlapoentsatzen dugu.
Aipaturiko lan hauek guztiek zenbaterainoko aurrekontua eskatuko dute?
Egin ditugun kalkuluen arabera, kontrol dorrea, terminal berria eta aparkalekua eraikitzeak eta 12-30 pista luzatzeak 20 mila milioi pezetako inbertsioa (800 milioi libera) eskatzen du.
Dena dela, 1999ra arte ez dira amaituko handitze lan guztiak; zein proiektuek itxaron beharko dute oraingoz?
Aipatu ditudan lan guztiak 1999a heldu aurretik amaiturik egongo direla pentsatzen dugu. Urte hori iritsitakoan edo, karga terminala orain eraikiko dugun bidaiarien terminal berritik gertu kokatzea espero dugu.
Egun Sondikako aireportua erabiltzen duten bidaiaren kopurua handitzen ari da ala mantenduz doa?
Egin ditugun prebisio eta neurketen arabera, aurten bidaiarien kopurua nabarmen igo da, iaztik %15 hazi da bidaiarien bolumena.
Hazkuntza honek Sondikak lehendik zituen arazoak larrituko zituen; nola egingo diozue aurre kuestio honi?
Oraingoz, bidaiarien terminal berria amaitu arte, neurri puntualak estudiatzen ari gara.
Neurri horien artean sartuko zenuke zenbait konpainiek -Air Europa, Iberia_ kapazitate handiko hegazkinak erabiltzeko hartu duten erabakia?
Azken urteotan euren bidaiarien bolumena etengabe hazi dela ikusi duten aireportu guztiek heldu diote kapazitate handiko hegazkinak erabiltzeak dakartzan abantailei.
Sondika erabiliko luketen zenbait bidaiari potentzialek azkenean beste aireporturen batera joatea erabakitzen dutenik edo antzeman duzue?
Ez, alderantziz. Kasu bat aipatzearren: Kantabria eta Bizkaia lotzen dituen autopista eraiki zenetik Sondikako aireportuan Santander aldetik datozen bidaiarien kopurua asko igo dela sumatu izan dugu.
Handitze lanak burututakoan, bidaiarien kopurua oraindik gehiago haz daitekeela uste duzue?
Gure ustez, bidaiarien kopurua ez da urtez urte %15 haziko, ez dugu hori pentsatzen behintzat. Gure hipotesien arabera, bidaiarien bolumena %6 edo %7 igoko da datozen urteotan.
1990ean Lufthansa, Sabena eta Swiss-Air nazioarteko konpainiek euren lehiatilak ireki zituzten Sondikan; harrezkero nola doa nazioarteko hegalaldien oferta?
Lufthansa eta British Airways konpainiek geroz eta bidaiari kopuru handiagoa izan dute urtez urte, eta egun kapazitate handiko hegazkinak darabiltzate. Sabenak, bestalde, bere hegaldiak bikoiztu ditu eta Swiss-Air konpainiak bidaiari kopuru egonkorra mantendu du, Genevara zuzenduz lehen Zurichera bidaltzen zituen hegaldiak.
Beste gai bati helduz, Sondikan merkantzien kopurua ez da hazi bidaiarien kopuruaren neurri berean; honek badu zerikusirik Forondak kargaren esparruan egin duen apustuarekin?
Gasteizko aireportutik egiten diren merkantzien hegaldiek eta Sondikakoek ez dute zerikusirik. Forondatik merkantzia hutseko hegaldiak egiten diren bitartean, Sondikatik bodega kargak egiten dira bidaiarien hegazkin berberak erabiliaz.
Epe laburrera Foronda eta Sondika bateragarriak izango dira?
Sondikan bidaiarien hegaldiak dira nagusi, merkantzien garraioa ahaztu gabe. Forondan aldiz, erregio mailako hegaldiak eta, batez ere, karga hutsekoak dira nagusi. Kokapen geografikoak baldintzatu ditu aireportu bakoitzaren funtzioak. Bilbotik pasatzen diren bidaiari askok bere eguneroko bizitzan hegazkina berehala erabili beharrean ikusten dira, eta horrez gain Sondikako azpiegiturak ez dira Forondakoak. Forondako pista luzeek eta kapazitate handiko plataformek posible egiten dute karga hutseko hegazkinen lurreratze eta aireratzea inolako arazorik gabe. Horretarako aireportu oso egokia baita Gasteizkoa.
KOLDO GOITIA
GOITIA, Koldo
18,19

Gaiez\Ekonomia\Zerbitzuak\Garraioak\Aireportuak
Gaiez\Gizartea\Azpiegitura\Garraiobid\Garraio pub\Hegazkina
Pertsonaiaz\ALMOGUERA1
Egileez\GOITIA1\Ekonomia