argia.eus
INPRIMATU
"Azken urteetan ez dute itzulpenik onartzen"
2007ko otsailaren 21a
Yolanda Molina abokatuari elkarrizketa
"Azken urteetan ez dute itzulpenik onartzen"
Yolanda Molina, abokatua
Ipar Euskal Herrian prozesu judizial bat hasten den bakoitzean inplikatuak ba al du idatziak euskaraz eramateko aukerarik?
Ez dago batere aukerarik. Ez pertsonak berak, ezta abokatuek ere. Hemen paperak euskaraz baldin badira, posible da, baina itzulpena ere eman behar da. Bestela ez du baliorik.
Epaitegietan bada itzultzailerik?
Ez, guk bidali behar dugu itzulpena, eta gainean orain, adibidez orain Baionan, Ipar Euskal Herrian, ez dago itzultzailerik. Orain arte bazen bat Baionako epaitegian, baina joana da.
Idatziek itzulpenaz joan behar badute, nola egiten da ahozko deklarazioei dagokienez?
Hor gertatzen da arazorik garrantzitsuena. Guri askotan gertatu zaigu anitz jendek euskaraz mintzatu nahi izatea eta frantsesez ez. Bai Euskal Herrian baita Bretainian ere jujeek onartu izan dute jendea euskaraz mintzatzea itzultzaile batekin. Bistan da, tribunalak ez daki euskaraz, gehienetan nehork ez daki, epaileak Frantziatik etortzen dira.
Bestalde, behar da itzultzaile bat izan, zeren prozedura osoak frantsesez izan behar du. Azken urte hauetan beti borrokatzen gara itzulpenen alde, baina ez dute gehiago onartzen, bada arrunt blokeo bat. Politikoki aldatu dira gauzak. Haiek erraten dute audientziak, jendeak, inkulpatuak, edo lekukoak frantsesez baldin badakite, legeak derrigorrez inposatzen diela frantsesez egitea. Guk, ordea, diogu legeak ez duela batere hori erraten.
Bi interpretazio ezberdin daude, bada lege bat, 1939koa, inposatzen diguna justizia administrazioko langileei, epaile eta abokatuei frantsesez egitea. Baina hori epaileentzat eta justizi-auxiliarrentzat bakarrik dela diogu, ez jenderentzat. Legeak dio, pertsonak ez badaki frantsesa, itzultzaile bat behar duela. Horrek ez du esan nahi frantsesa ez baldin badaki ez duela itzultzailerik izan behar.
Itzultzaileen eskeak erantzunik ba al du?
Parisen, adibidez, onartzen diete hegoaldeko jendeei itzultzailea, baina Ipar Euskal Herrikoa bazara, frantsesez dakizula ziurtzat da. Lehen Baionan itzultzailea zenean ere, ezin genuen baliatzen ahal. Egia esan, jende gutxi da hemen frantsesa ez dakiena. Praktikan ez dute sekulan itzulpenik onartzen. Dena den, idatzizko itzulpenak egiteko diploma berezia behar bada ere, ahozkoa egiteko edonork egin dezake, epaitegian zin eginda.
ERASUN, Arantxa
27


Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Normalkuntz\Administraz\Besteak
Pertsonaiaz\MOLINA1