argia.eus
INPRIMATU
"1996rako Frantziak % 10 irentsiko digulakoan gaude"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Jose Maria Calvo y Garcia, Logoseko Zuzendari gerenteari elkarrizketa
"1996rako Frantziak % 10 irentsiko digulakoan gaude"
Jose Maria Calvo y Garcia, Logos Altzari-kooperatibako zuzendari gerentea
Aurretik Yany zen baina 1983an Logos Kooperatiba Elkartea bihurtu zuten, sukalde eta komunetako altzariekin jarraituz. Berrogei bazkide dira eta urteko fakturazioa 600 milioi bat pezetakoa da. Enpresaren ezaugarria, asteroko 40 orduak asteko lehenbiziko lau egunetan banatzen dituztela.
Logos kooperatiba arrakastaz atera da aurrera; hori, dena den, ez da ohikoena kooperatiba mundura jauzia egiten duten enpresetan, non dago giltzarria?
Enpresa baten arrakasta ez dago bere izaera juridikoan. Gure elkartearen sendotasuna azaltzen duten irizpedeak oso xumeak dira: lana zintzotasunez egitea, guztiok, eta dauzkagun eta sortzen ditugun baliabideak egoki administratzea. Logos egiten dugunon kolektiboarentzat, zintzotasun profesionala, bakoitzari dagozkien ardurak kontuan hartuta, bere kide bakoitzak duen ahalmen guztia eskaintzean datza. Bestetik, baliabide ekonomikoen administrazio egokia, dirua alferrik ez gastatzea da.
Kooperatiba izatean, egon da ahaleginik, alde batetik edo bestetik, Logos MCCn sartzeko?
MCCk bere filosofia du eta integrazioak bilatzea baino, bere egituraren sendotasunean oinarrituz bideragarritasun handia duten aukerak sortzen ditu. Logos Elkarte Kooperatiboak bere proiektuan sinetsi izan du eta bere proiektua sortu du; oso harro gaude horretaz. Edozelako integraziok gure nortasuna urtuko luke. Behin ere pentsatu edo landu gabeko gaia da.
Zeintzuk dira zuen arazo handienak altzari enpresa esparru horretan?
Gure esparrua oso eremu zehatzekoa da, sukaldeko altzariena hain zuzen, eta bere ezaugarriak direla eta oso aktibitate lehiakorra dela esan behar da. Hau ikus dezazun zenbait datu emango dizkizut. Espainiako Sukalde Altzari Egileen Elkarteak 1989an egindako Sukalde Altzari Industriaren sektore azterketaren arabera _berau da sinesgarritasunarekin egindako azkena_, Espainian modu kontrolatuan dauden 530 sukalde-altzari egile daude; kopuru honetan ez dira sartzen jarduera honetan ari diren zurginak. Urteko fakturazioa 50.000 milioi pezetara iristen da eta 41 lantegi handienena 22.000ra. Beraz, gure produkzio ahalmenaren arabera, guri dagokigun merkatu zatia lortzea oso lan mardula da, eta irudimen handia eskatzen digu. Hasieratik kalitatea, diseinua eta zerbitzuaren esparruetan egindako erronka medio, sektorearen lehenbiziko hamar enpresen artean kokatu gara. Logos puntako enpresa da eta aipatzen dituzun zailtasun horiek eztenak dira guretzat.
Lehiakortasunari eta globalizazioari aurre egiteko ETEek (Enpresa Txiki eta Ertainak) elkartzeko joera dute, behintzat zenbait arlo edo zerbitzuri dagokienez.
Gure sektorearen egitura berezia, enpresen sakabanaketa eta produktuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez dut uste batasunerako baldintza onenak dauzkanik. Ez da aurrikusten atzerriko lehiarik, eta barrukoari, benetakoa eta handitu egingo dena, orain arteko arma berberekin egingo diogu aurre: kalitatea, diseinua eta zerbitzua, eta hiru hauei gero eta gehiago gehituko diegu produktibitatearena ere.
Enpresan lau egunetan 40 ordu egiten dituzue, azalduko al didazu neurriaren zergatia eta zer ondorio dituen?
Produkzio planifikazio erabaki hau 1992an hartu zen, barnizatu sailean bi ordutik gorako zikloa zuen instalazio robotizatua sartu genuenean. Egunean lau ziklo egin ahal izateko, sail horretako lan eguna zabaldu behar zen, baina beste sail batzuei ere eragiten zienez, gure produkzio beharrei erantzungo liokeen barne lan arautegia sortzea aztertu genuen. Bestalde, eskaria urte osoan ez da lineala, eta urtaroekin lotutako eragileak medio hortz-zerrak izaten dira.
Ondorioa, lan egutegia asteko lau egunetan banatzea izan zen, opor garaietan izan ezik, urteko aste guztietan zehar. Astelehena eta osteguna bitartean jai egunen bat baldin badago, ostiralean lanera. Horretaz gain, eskari handiko garaietan ostiralean ere lan egiten da. Bezeroarekiko harremanetarako sailean, berriz, ostiral goizez lan egiten da. Funtsean, lan ordutegia enpresaren beharretara moldatu dugu. Sistema hau baliagarria zaigu.
Industriak gero eta gehiago begiratzen du atzerrira. Logos elkarteak ere bai?
Sukalde-altzarien esportazioa oso zaila da. Duela hogei urte Espainian sartu ziren Alemaniako etxeak 1994an 800 milioi pezeta bakarrik fakturatu dituzte, eta enpresa horiek guztiak beren plantiletan 1.000 produzitzailetik gora dituzte. Horrek frogatzen du sektore honetan esportazio alorrean dauden zailtasunak. Logosek 1992an Frantzian merkatu zabalkundeari ekin zion hego-mendebaldeko eremuan, hots, Bordele-Baiona-Pabe hirukian, eta horretan ari gara gaur egun. 1996rako eremu honek fakturazioaren % 10 irentsiko digulakoan gaude. Urrats txikiak baina ziurrak eman behar dira.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Industria\Besteak
Gaiez\Ekonomia\Kooperatiba\Kooperatiba
Pertsonaiaz\CALVO Y GA1
Egileez\LETONA1\Ekonomia