argia.eus
INPRIMATU
"Baserritarren lana ez da ondo baloratzen gizartean"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Paul Nicholson, EHNEko arduradunari elkarrizketa
"Baserritarren lana ez da ondo baloratzen gizartean"
Paul Nicholson, EHNE sindikatuko nazioarteko arduraduna
Bera Inglaterran jaio da, baina, Euskal Herrira gaztetxo etorri zen bere familiarekin. FAOren inguruko bilkuretan izan berria da Quebecen, Europako Nekazarien Koordinadoraren izenean. Berak dioskunez, munduko nekazari txikiek arazo berdintsuak dituzte eta elkarrekin jarduteko bildu dira.
Joan den astean Norvegiako baserritarrak izan ziren Euskal Herrian eta lehenxeago Austrian. Zer ikasi duzue bisita trukaketa hauetatik?
Batez ere haiek eta guk baserriarekiko dugun maitasuna eta baserriak gure herriei ematen dien nortasuna mantentzeko egiten dugun ahalegina. Bietan mendi-nekazaritza mantentzeko egiten den lana oso interesgarria da guretzat. Norvegian, esaterako, ez dute okelarik, garirik eta esnerik inportatzen eta hori Norvegia moduko leku batean lortzea oso esanguratsua da. Austrian ere, EBn sartu arte nekazaritza-politika berezia izan dute, prezio politika zehatzaren bidez nekazari jarduera mantendu ahal izateko. Eurak ere harrituta geratu dira hemen baserriarekiko dagoen atxikimenduarekin.
Austrian, 23.000 baserritarrek nekazaritza ekologikoa lantzen dute, kalitateari begiratzen zaio eta hemen egiten den mendi-nekazaritzak ere produkzio modu horrekin zerikusi handia du. Hemen ere, etorkizunari begira kalitatea da gure erronka.
Quebecen izan berri zara, 1996ko Erromako Elikadura Gailurraren Foro Alternatiboaren prestakuntza lanetan. Zer esaterik duzue baserritarrek hor?
Elikaduraren produkzioan baserritarrak protagonista gara. Quebecen egin zen batzarrean jendea nahiko domestikatua ikusi nuen, eta baserritarren erakunde gutxi --Iparramerikarrak ziren batez ere--; Gobernuz Kanpoko Erakundeak, estatuak eta multinazionalen arteko bilkura izan da nagusiki.
FAOren bilkuran, elikadura-segurtasunaren inguruan bi eztabaida nagusi izan dira, batzuentzat gosea arazo teknikoa da eta beste batzuentzat arazo politikoa. Gaur egun 800 milioi pertsona dago gosez munduan, eta 20 urtetan Lurraren egungo populazioa bikoiztu egingo denez, arazoa oso larria izango da, areago gainera lantzeko lur kopurua gero eta urriagoa denean.
Europako Nekazarien Koordinakundearen izenean izan ziren han eta mundu mailako Via Campesina erakundearen barruan, zer plazaratu duzue?
Osoko bilkuran publikoki berba egin duen nekazari elkarte bakarra izan da. Bost kontinenteetako nekazariak gaude hor eta argi ikusi dugu GATTen aurkako gure orain arteko kritikak ondo bideratuta zeudela. Globalizazioarekin aberastasuna banatuko dela zioten batzuek, baina datuek erakusten dutenez, garapenean dauden herrietako nekazariak ezin dira garatuetakoekin lehiatu eta hondoratzen ari dira. Eredu neoliberalaren aurka agertu gara, nekazari erreforma eskatu dugu, prezio justuak eta FAOren berbideratzea.
Via Campesinan herri garatuak eta garapenean dauden herrietako nekazariak zaudete, garatuetako soberakinek hondoratzen dituzte besteen prezioak. Ez al dago kontradikziorik zuen artean?
Ez dago kontraesanik, eredu berberaren aurka ari gara borrokan. Europan nekazarien % 20k laguntzen % 80 jasotzen dituzte, Latinoamerikan ere berdin gertatzen da. Eredu produktibista da eta intensifikazioa bultzatzen da. Bitxia zen, afrikarrak eta gu ekonomia lokalaren defentsa indartsua egiten ikustea. Kalitatea eta kontsumitzailearekiko harremana. Soberakinak ez dira haien aurkakoak bakarrik, baita gure aurkakoak ere.
Baserritarren defentsan jo eta ke baina, hemen behintzat, gero eta baserritar gutxiago, gazteak ez dira baserrian geratzen. Ez al du etsipenik sortzen horrek?
Egoera gogorra da, baina hor arazo desberdinak daude. Batetik errentagarritasun kontua: inbertsio gogorrak egin beharra, adibidez esne kuotetara heldu beharra... Bestetik, baserritarren astialdirako denbora urria da eta gazteek hori eskatzen dute, arrazoiz gainera; horrez gain, gizartean ez da ondo ikusten edo ondo baloratzen baserritarren lana eta horretaz ondo ohartzen da baserritarra, autoestimaren arazoa dago. Baserritarren lana oso sakrifikatua da eta maitasun handia behar du; sektorean sartzen den gaztea berezia da.
Duela gutxi Itoizko urtegiaren aurkako epaia eman zuen Entzutegi Nazionalak. Erriberako nekazariak, dena den, Itoizen alde azaldu ohi dira. Zuek ere badituzue afiliatuak han, zer diote, zer dio EHNEk?
Guk afiliatuak ditugu Erriberan eta baita mendialdean ere, eta azkenean adostasunera heldu gara guztiok. Lehenbizi erantzun behar da urtegi hori zertarako eta norentzat den, horren aurretik ezin da ezer egin. Nafarroako ubidea ez da egingo, ez baitago horretarako dirurik. Hori ez da Erriberarako egin, Mediterraniorako baizik.
XABIER LETONA
Paul Nicholson, EHNE sindikatuko nazioarteko arduraduna
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Lehen sekto\Nekazaritza
Gaiez\Ekonomia\Sindikalgin\Sindikatua\EHNE
Pertsonaiaz\NICHOLSON1
Egileez\LETONA1\Ekonomia