argia.eus
INPRIMATU
"Proiektu sozio-ekonomikoa lehenbailehen behar dugu
2021eko uztailaren 19a
Peio Olhagarai, Iparraldeko garapen kontseiluko kudeatzaileari elkarr
"Proiektu sozio-ekonomikoa lehenbailehen behar dugu
Peio Olhagarai, Iparraldeko garapen kontseiluko kudeatzailea
Iparraldeko Garapen Kontseiluko kudeatzaile berria da Peio Olhagarai. Zenbait urtez Akitaniako Kooperatiben Federazioko arduraduna izan eta ongi daki proiektuen azkartzen; gaitasun premiazkoa duela bi hilabete hartu duen karguarentzat. Atea ideki digu duela 3 urte abiatu Iparraldearen geroa bideratzeko xedea duen desmartxa zertan den jakin nahi ukan dugularik.
Euskal Herria 2010 izeneko bilkurak Donapaleun abiatu ziren 1992ko buruilean. Oroitarazten ahal diguzu laburki zer egina izan den hiru urte hauetan?
Donapaleuko lehen bilkura honetan argiki erakutsiak izan ziren Ipar Euskal Herriko egoeraren joera orokorrak. Barnealdetik kostalderainoko jendeen konzentrazioa handitzen ari eta laster arranguragarria bilakatuko zela; denbora berean Iparraldeko jendaldea beste lekuetan baino lasterrago zahartzen ari zela: 60 urtetik gorako jendeen kopurua 20 urterainoko gazteena baino handiagoa duen eskualde bakarra da Frantzia guztian. Problematika horri buru egiteko, sektore ekonomiko sozialeko ehun eta larogei pertsona bildu dira lehen urrats batean Iparraldeko garapenaren oinarria finkatuko zuten funtsezko faktoreen eztabaidatzeko.
Zein dira nagusienak?
Partehartzale guztien artean hautatuak izan diren irizpide nagusienetako lehena da BAB deiturikoa, Angelu-Miarritz-Baiona herri multzoaren erakarpena. Nola kontrolatu eta nora bideratu? Bazter egina den kriterioa. Bigarrenik hemengo herritarrek euskaldunak direlako sendimendu azkar bat dutela. Euskal gizartean gazteek duten tokia ondotik heldu da, zer egin gazteak egon eta jin daitezen Euskal Herrirat?
Barnealdeko jendeen nahikeriak eta tokiko jendeak beren geroa eskuetan hartzeko gaitasuna kontuan harturik, beste irizpide bat ere ari da nagusitzen: mugaren bi aldeetako garapen koordinaketa.
Diagnostiko zehatza egin eta zein izan dira ondoko urratsak?
Diagnostikoarekin, aipatu faktoreak integratuz Ipar Euskal Herriak ukaiten ahalko dituen garapen posibleak aurkeztuak izan dira 1993ko abenduan. Ondoko urtean sortu da Garapen Kontseilua. Bost lan taldetan ari diren 90 partaideek ikerketak egin eta garapenerako proposamenak egin dituzte. Azkenik, Hautetsien Kontseilua moldatua izan da aurten 65 hautetsirekin.
Hilabeteko hastapenean proposamen bat aurkeztu duzu Hautetsien Kontseiluari, zer erabaki du?
«Lurraldea» izeneko txostena aurkeztu dugu bere lau ardatz nagusiekin. Ardatz nagusi horiek onartu dituzte hautetsiek, baita aurkeztu duten Ipar Euskal Herriaren antolakuntzarako plangintza proiektu bat ere.
Lehenbailehen aztertu eta antolatu beharko diren txostenak baditugu eskuetan: lurraldeen arteko harremanak eta Baiona-Donostia konurbazioaren perspektiba, abiadura handiko trena edo bigarren autopista legaleko azpiegiturak, Euskal Herri barnealdearen egituratzea eta abar. Urte batez epea emana izan zaigu plangintza osoaren gorpuzteko.
Norabideak onartu eta zer gaitasun ukanen du Hautetsien Kontseiluak hautatu politika gauzatzeko?
Barne dauden hautetsiek hartu nahiko dutena: herrietako ahalmen zenbait, nahiz ez den deus deliberatua izan oraino, adibidez aipatu proiektuarentzat beharrezkoak diren lur komunen biltzea eta kudeatzea. Dena den, presio indar bat izanen da gaurko instituzioei buruz: departamendua, Akitania, Frantziako Gobernua, Europa.
Ipar Euskal Herriaren instituzio berria izanen da?
Nik ez dezaket erran. Hautetsiek dute ikusiko. Lehen eztabaidak doi-doi agertzen hasiak dira bideratu nahi dugun proiektuaren lurraldetasunaren inguruan: batzuentzat Ipar Euskal Herria baino lurralde egokiagoa ditaike hiru nagusiek hunkitzen duten lurralde ekonomiko osoa, Landetako hegoaldea barne. Hiru probintzia historikoek ez dute garrantzia berdinik haien begietan. Ikusten duzun bezala, debatea hasten baizik ez da.
Zein izanen dira hurbileko hitzorduak?
Lehena datorren larunbatean. Urriaren 21ean bildu beharra da Garapen Kontseilua eta hautetsiek hartu erabakiak beharko ditugu elkarrekin antolatu eta blokatuak dauden zenbait proiektu aitzinarazi. Hala-nola Iparraldeko Unibertsitatearena: formakuntza egitura bat eta horri lotua den ikerketa zentro bat baitezpadakoak dira garapenarentzat. Baina dosierra aitzinarazi nahi badugu ikusmolde eta indarrak bateratu beharko ditugu. Ez gara barreiatzen ahal, anitz jende mintzo da gai horretaz, batzuek gehiegi. Ordezkari bat hautatu dugu gure artean boz bakar bat entzuna izan dadin Parisen. Espero dut horrela gure mezua hobekiago ulertua izanen dela.
Beste gaientzat egiten dugun analisia ere berdina da: elkarte batek edo auzapez batek ezin izanen du bakarrik proiektu baten finantziamendurik ukan. Ez da beste biderik, elkarrekin lan egiten ikasi beharko dugu.
BIDART, Jojo
16,17

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakKontseilua
PertsonaiazOLHAGARAI1
EgileezBIDART4Ekonomia