argia.eus
INPRIMATU
"Eskari instituzionala oso garrantzitsua da gure sektorearentzat"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Javier Caceres, Elektronika industrien Elkartekoari elkarrizketa
"Eskari instituzionala oso garrantzitsua da gure sektorearentzat"
Javier Caceres, Euskal Herriko Elektronika Industrien Elkarteko zuzen-dari nagusia
Elektronika, informatika, telekomunikazioa, automatizazioa eta beste hainbat azpi sektoreko 94 enpresa biltzen ditu 1983an sortu zen elkarte honek. Javier Caceres, 47 urteko donostiarrak kontatu dizkigu gaur egun goian dagoen sektore garrantzitsu honen inguruko gora-beherak.
Elektronika-informatikaren industria bere maila gorenetakoan dago Euskal Herrian; goia jo du edo oraindik gorago egingo du?
Aurrera egingo du, areago, etorkizunera begira sektore moduan gehienetarik haziko direnen artean izango dela esango nuke, sektore zein teknologiaren eremuan. Gure teknologia horizontala izatean, gero eta aplikazio handiagoa dauka, bankuetan, industrian, etxean, osasunean... Beraz, gero eta aplikazio gehiago baldin badaude gero eta merkatu eta aukera gehiago egongo da.
Eta datorren erronka horri eusteko moduan al da elektronika-informatikaren sektorea?
Gu bizi garen lekuan bizi gara, bi milioi pertsona t'erdi dituen Euskal Herrian, ez gara Alemania, ez EEBB ere... baina gure zenbait azpisektoretan ahalmen handi samarra dugu. Enpresa txiki eta ertain askok teknologi maila handikoak dira... Automatizazioan ia edonorekin lehia gaitezke. Guk ez dugu Motorola, Philipps, Thomson eta abarrekorik, baina hori ez da ez ona ez txarra, gure errealitatea baizik.
Lehia arazoak, orduan, ez dira eremu teknologikokoak?
Azpisektore askotan ez, gehiago dira finantz arazoak, egiturazko ahuldadea, sorkuntzen prozesu luzeei aurre egin ez ahal izatea...
Atzerrian saltzen duzue, baina bertan gutxiago. Zer egin behar da etxean ere saltzeko?
Hori ez da gure arazoa bakarrik, hemen orokorra da, Espainian zein Euskal Herrian. Gure sektorea puntakoa da, defentsan, segurtasunean, komunikazioetan... Administraziotik beren erosketetan kontuan hartu beharko lirateke bertako produktuak, hori bai lehiakortasunari muzin egin barik. Horrez gain, har litezkeen neurri makroekonomiko guztiak ere ondo leudeke, baina ez guretzat bakarrik, guztientzat baizik. Kontsumorik ez badago ez dago inbertsiorik, eta inbertsio gabe ez da automatizaziorik, eta orduan gure enpresek sufritu egiten dute... Kate bat da.
Dena den, zuen sektorean entzun izan da sektore publikoak hemengo merkatuan erosi beharrean atzerrian erosten duela; produktu garestia eta txarra da, ala?
Guk esan nahi duguna sarritan txarto ulertu delakoan nago. Sektore hau, mundu osoan, neurri batean eskari instituzionalaren menpe dago. Frantzian, EEBBetan, Alemania, Italian... ederto asko dakite hori eta, lehiakortasunari muzin egin gabe, beren industriari arreta gehiago jartzen diote. Hemen EEEn berandu sartu ginenez, akaso kontzepzio horietan ere atzera gabiltza. Hori bai, gero inor baino europarragoak gara eta Europan erosten dugu. Ez da kexu garela, baina gure eremua defenditu behar dugu, eta azkenengo boladan hobetzen ari bada ere, sektore publikotik ez dago sentsibilitate nahikorik. Eskari instituzionala oso garrantzitsua da gure sektorearentzat. Gure lanpostuak defenditzeaz gain, gure teknologi garapena defenditzeko modua ere bada.
Atzerrian, gaur egun Hegoamerikan oso zentratuak zaudete, hurrengo erronkak non egingo dituzue?
Hegoamerika hazkunde eremua zen, eta jarraitzen du izaten, eta negozio eta garapen aukera handiak eskaintzen ditu. Hizkuntza eta euskal jatorriko abizen askok ere ateak zabaltzen dituzte. Baina duela bi urtetik hona, Polonia, Txekar Errepublika eta Hungarian ere arrakastaz ari gara lanean. Eta Ekialde Urrunean ere han gabiltza, oraindik ezer gutxi lotuta; baina hangoa desberdina da, merkatu erraldoi hartan derrigorrez egon beharra dago. Etorkizunari begira han ez egotea ia pekatua da.
Mundu mailako lehiakortasunari aurre egiteko enpresa txikiak batzera jotzen dute. Zuen sektorean enpresa txiki eta ertaina da nagusi, aurrikusten al duzue horrelakorik?
Joera hori ez da halabeharrez ona. EBk, hain zuzen, argi esan du behin eta berriro, enplegua benetan sortzen dutenak enpresa txiki eta ertainak direla. Erraldoi osasuntsu bat aldamenean izatea onuragarria da, baina enpresa txiki eta ertainek handiek ez duten erreakzio ahalmena dute. Jakina, beren desabantailak ere badituzte, baina orduan zenbaiten artean esparru zehatz batzuetarako batu egiten dira: atzerri merkatuetara jotzeko, kalitate sistemen azkerketak... horrela enpresak beren produktuetan zentra daitezke.
Nola ikusi duzu CITA'95?
Azoka hau txikia da, eta gainera kopuruz zein azaleraz txikitu egin da. Bisitariak ere gutxitu egin dira kopuruz, baina orain datorrena benetan ikusle profesionala da. Azokaren joera gero eta profesionalagoa da eta horrek eman diezaioke azokari, orain eta aurrerantzean, bere benetako nortasuna.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Industria\Besteak
Gaiez\Gizartea\Zientzia\Informatika
Pertsonaiaz\CACERES1
Egileez\LETONA1\Ekonomia