argia.eus
INPRIMATU
"Gazteek ez dute itsasora joan gura, denek ikasketak gurago dituzte"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Arrantzak etorkizun beltza;teknologia eta gazteek ez dute nahi.
"Gazteek ez dute itsasora joan gura, denek ikasketak gurago dituzte"
Jose Manuel Gabantxo,Bermeoko San Pedro Arrantzaleen Kofradiako lehendakaria
Azken bost urteetan Jose Manuel Gabantxo 50 urteko bermeotarra da San Pedro Kofradiako lehendakaria. Bermeoko portuan arrantzaleek hegaluze kutxak deskargatzen ari dira, oraindik kosterak aurrera jarraitzen badu ere, Gabantxok azaldu dizkigu aurtengo hegaluze kanpainaren nondik norakoak. Ezaugarriak: beroa eta honek eragindako harrapaketa urriagoak; eta arrantzaleen arteko istilu eza.
Hegaluzearen aurtengo kosteraren lehenbiziko balantzea egiteko moduan gaude; benetan harrapatu da esaten den gutxi hori?
Kasan _beita eta hainbat amu arrastratuz erabiltzen den teknika_ ari diren arrantzaleek aspaldiko partez harrapatu den gehien ekarri dute, arraina oso zabal etorri da eta. Kainaberarekin ari direnek, ordea, beste batzuetan baino gutxiago harrapatu dute. Bi arrazoiengatik: batetik arraina zabal etorri delako, orduan multzo estuetan etorrita baino gutxiago hartzen da, baina batez ere beroagatik, tenperatura handiek beita hil egin dute eta itsasontzi askok Bordeleraino joan behar izan dute bokartak edo dena delakoak hartzera; arrantzan ibili beharreko egunak galdu dira, beraz, joan-etorrietan.
Oraingoan ez da arazorik izan, jadanik ez da bolantarik edo...
Egon badaude, oraintxe bertan Martxelok, Zeruko Argia itsasontziko patroiak, azaldu didanez eurek egunotan 60 bat itsasontzi frantses ikusi izan dituzte sare pelagikoekin. Hauek, gure itsasontziak lokalizatu besterik ez daukate, jakin badakitelako han arraina egongo dela. Gero gauez beren sareekin eremu hori inguratzen dute eta goizerako arrain guztia uxatu dute; beraz gure arrantzaleek berriro topatu behar dute arraina eta hori ez da batere samurra. Hori zergatik? Funtsean arrantzan ez dakitelako, samurrena egiten dute: gure itsanontziei jarraitu eta gero sare pelagikoekin itsaso guztia hankaz gora jarri. Sare pelagikoak bolantak baino arriskutsuagoak dira.
Debekatutako teknika eta neurriekiko agintarien kontrol eza ere salatu izan duzue, hobetu al da aurten?
Hamaika salaketa jarri ditugu, Madrilen, Brusselan... baina aurten ez da gatazkarik izan eta EBko ikuskatzaileek hobeto kontrolatu dute. Frantsesek aurten sare txikiak eraman dituzte, 2,5 kilometrokoak eta haientzat horiek ez dira errentagarriak; eurek itsasgizon bakoitzeko kilometro bat sare onartzen dute errentagarri izan daitezen; antza sare txikiagoekin ez dute errentagarritasunik eta ez dira atera. Dena den, gu ez gara ase sareen neurriak txikitzearekin, teknika horiek guztiz ezabatu behar dira.
Teknologiak gero eta gehiago era horietako sareetara jo izan du. Atzera geratzen ari zarete?
Teknologia berri horiek arrantzaleen etorkizuna ezabatzen ari dira; zaharkituak gaudela esaten digute baina guk ez dugu epe motzerako errentagarritasunik gura, etorkizuna baizik, eta etorkizuna gure arrantza tekniketan dago. Guztiok ikusten dugu nola itsasoa arrain barik geratzen ari den: gaur egun hemen atuna, zimarroia, antxoa eta berdela dabil; non daude lehen hemengo kaladerotan egoten ziren legatza, bisigua eta beste hainbeste arrain? Pelagikoekin frantsesek denak ezabatu dituzte. Teknologia horiek industri produkzio handietan dute oinarria: gaur ogia, bihar gose.
Nola duzue banatuta Bermeoko arrantza flota?
Bermeok Euskal Herriko flotarik handiena dauka: denera 80 bat arrantzontzi izango dira, horietatik 55 bat kasan ibiltzen direnak eta 25 bat kainaberarekin. Normalean azken honek kaseroak baino gehiago harrapatzen du, baina 15 gizonekin; kasakoetan bost besterik ez doaz. Aurten, kostera etorri den moduagatik, kasan dihardutenak hobe atera dira. 2.500.000 kilo sartu dira orain arte Bermeon, iaz bi milioi. Hona hori sartu da, baina bermeotarrek gehiago harrapatu dute, arrain asko uzten baitute Gijon, Aviles eta portu horietan.
Arrantza dela eta gero eta arazo gehiago daude mundu zabalean; zelan ikusten duzu arrantzaren etorkizuna?
Gaitza, bai lehen esan dudan teknologia berrien garapenagatik eta hauek itsasoan eragiten duten kalteagatik, baina baita arrantzarako gero eta joera gutxiago dagoelako ere; gazteek ez dute itsasora joan gura, denek ikasketak gurago dituzte. Gaur egun leku askotan urte guztian ari dira arrantzan eta hori ezin da, bedak ere behar dira, arraina lasai ibili eta ugal dadin.
Zer irizten diozu Eusko Jaurlaritzaren Arrantzaren Plan Estrategikoari?
Hor dago eta geldo doa gainera, baina guk ikusten ditugu ados ez gauden gauza ere: plan horrek, esaterako, pelagikoak onartzen ditu eta guk ez, guretzak bolantak eta pelagikoak ezabatu egin behar dira eta kitto.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Lehen sekto\Arrantza
Pertsonaiaz\GABANTXO1
Egileez\LETONA1\Ekonomia