argia.eus
INPRIMATU
"Helburu nagusia Interneteko informazio garraiatzaile izatea da".
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Mikel Orrantia Telefonicako Bizkaiko zuzendariordeari elkarrizketa
"Helburu nagusia Interneteko informazio garraiatzaile izatea da".
Mikel Orrantia, Telefonicako Bizkaiko zuzendariordea
Astelehen honetatik aurrera Gipuzkoa eta Bizkaiak Internet Telefonicako saretik erabili ahal izango dute, eta 1996ko hasieratik aurrera Telefonicako bezero guztiek zabalik izango dituzte Interneteko ateak. Mikel Orrantia, 46 urteko bilbotarrak eskaini dizkigu gainerako xehetasunak.
Espainian dagoeneko 40.000tik gora ordenagailu konektatuak daude Internetera, ez ote dabil Telefonica berandutxo?
Argi dago Internet mundu mailako informazioaren erraldoi bat dela, munduan jadanik 30 milioitik gora erabiltzaile dituela eta Telefonicarentzat ere negozio ona izan daitekeela berarekin jardutea.
Baina Internet nagusiki enpresa publiko eta pribatuentzako negozio aukera da. Orain arte, akaso bere egituratzeagatik, Telefonica zain egon da, baina kontuan hartuta gure 15.000 bezerok telefonoa dutela jadanik, bete-betean heldu diogu eta gure helburua telefonoa PCa eta modema duten guztiek Internet zerbitzua erabili ahal izatea da.
2000. urtera arte Espainia osoan 80.000 ordenagailuk Interneteko sarearekin bat egingo dutela aurrikusten da, horietatik zer ehuneko aurrikusten duzue Hego Euskal Herrirako?
Ez dugu Euskal Herrian dagoen ordenagailu kopuru zehatzaren daturik baina jakin badakigu Espainiakoaren batez bestekotik gora dagoela. Beraz, Interneten erabilera Estatuko batez bestekoa baino handiagoa izango delakoan gaude.
Telefonicak bere konexio guneak izango ditu edo horretan ari diren enpresekin jardungo du?
Gure enpresa filialen baten bidez informazio eskaintza ere izango dugu, baina hori bigarren mailako helburua da. Gure asmo nagusiak sarean gardenak izatea eta informazioaren garraiatzaile izatea dira. Gaur egun telefonoaren eguneko batez besteko erabilera 9 minutukoa da, oso gutxi; gure negozioa, beraz, gure sarea gehiago erabiltzean datza. Urte batzuetan minutu gutxi batzuk igotzearekin gure helburua beteko genuke.
Zer abantaila eskainiko du Telefonicak erabiltzailea Interneta erabiltzera bultzatzeko?
Nagusiki erabiltzaileak erabiltzeko moduko prezioa. Gure abantaila nagusia --Internet erabiliz gero-- probintzia arteko telefono deien ezabatzea izango da. Hots, probintzia guztietako hiriburuetan izango da operatzaile bat eta hiru numero markatuz --055-- operatzaile guztietako informazio zentroetaranzko bideak zabalik geratzen dira. Hau Infobia zerbitzua da, aste honetatik aurrera Gipuzkoan eta Bizkaian martxan hasi dena. Horrela, bada, Bilbotik Sevillako operatzaile batekin bat lan egin gura bada, deia Bilbora egindako dei baten prezioa litzateke. Hori da Telefonicak eskaintzen duen abantailarik handiena.
Madril eta Bartzelonan jadanik martxan duzue zerbitzua ekainetik; ba al duzue emaitzen lehenbiziko baloraziorik edo?
Oporrak tartean izan dira eta ez dugu azterketarik egin, baina eskariak izan ditugu. Hemen Savenet dugu zentro zerbitzaile bakarra eta dagoeneko gurekin hitzarmena egiteko prestutasuna agertu du.
IBM, Servicom eta beste konpainia batzuk aspaldidanik lanean ari dira Internetekin, zer eskaini behar du Telefonicak haiekin lehiatzeko?
Horiek zentro zerbitzuzkoak dira eta ez da gure asmoa horiekin lehiatzea. Eurek informazioa ematen dute eta Telefonicak informazio horren garraiatzaile izan gura du. Lehenbiziko fasean informazio zentro horiek Internetera gure sarearen bidez konekta dezaten gura dugu, eta bigarren fase batean dauzkagun 15.000 milioi bezeroei, modema duten heinean, sarera iristeko aukera eskaini gura diegu. Infoviara iristea 130 pezeta kostatuko zaio erabiltzaileari; hori oso prezio merkea da.
Lehenbiziko fasea, enpresa munduari eskainitakoa indarrean dago jada, noiz erabili ahal izango du erabiltzaile arruntak Telefonicaren bidez Interneta hemen?
Bartzelonan eta Madrilen irailaren 4an hasi ziren froga gisa. Gainerako probintzietarako hemendik abendura zerbitzu hori jartzeko azterketak egiten ari dira; 900aren antzeko zenbaki batekin helduko litzateke Internet sarera eta oraingoz prezioa hirikoa eta probintziakoaren tartekoren bat litzateke. Dena den, urtarriletik aurrera gure muntaia guztia prest izango dugulakoan gaude eta zerbitzua probintzia guztietan zabalduta izango da.
Hemendik urte batzuetara Interneta errealitate sendoa izango da Espainia osoan, aurreratu dezakezu berarekiko duzuen proiekturen bat?
Gure proiektuak beti egongo dira lotuta sarrera motek izan ditzaketen berrikuntza teknologikoei. Sarrerak oraindik oinarrizko telefono saretik egiten dira, hau digitala da eta zati batean analogikoa, aurrera begira erronka bide zabaleko sareak dira. 1998-99rako hauen erabilera finkatuko dela espero da eta Tefonicak horiei helduko die.
LETONA, Xabier
20-21

Gaiez\Ekonomia\Zerbitzuak\Besteak
Pertsonaiaz\ORRANTIA1
Egileez\LETONA1\Ekonomia