argia.eus
INPRIMATU
"Lan banaketaren hitzarmena alde guztien artean egin behar dugu"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Langabeziarekin amaitzeko lan banaketarekin hasi behar da.
"Lan banaketaren hitzarmena alde guztien artean egin behar dugu"
Francisco Egea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea
Duela 44 urte Jacan jaio bazen ere, azken 25 urteetan Elgoibarren bizi da Francisco Egea. Ekonomia Sailean murgildua, Europako beste leku batzuetan langabeziari aurre egiteko ezarri diren lanaren banaketa sistemak ekarri gura ditu EAEra.
Ekonomi hazkunde garaiak bizi ditugu, BPGa gora doa baina langabezia ez doa beherantz, zer gertatzen da?
Ekonomi hazkundeak ez du langabeziaren arazoa konponduko, orain arteko arau horrek jadanik ez du baliorik, gezurrezkoa da. Ekonomi esparruan aldaketa handiak izan dira, garapen teknologikoarekin lotua, inflazioaren aurkako borrokan murgildutako ekonomia bizi dugu eta, beraz, enplegu sorrera eta beste hainbat osagairen sakrifizioa... Hau guztia aspalditik dator Europan eta Mendebaldean, baina hemen horrez gain Europako Komunitateko sarrera bizi izan dugu, eta berarekin zenbait sektoreren gainbehera. Langabeziarena oso arazo sustraitua da eta berau konpontzeko ekonomi mundua eta gizarte mailako jarrera aldaketak behar dira, eta horietaz gain irtenbide teknikoak ere bai.
Irtenbide teknikoaz ari zarenean lanaren banaketaz ari zara. Posiblea da berau gauzatzea egungo euskal gizartea?
Langabeziaren arazoaren benetako irtenbidea, eskari iraunkorraren zerbitzuan egongo diren makroekonomi politikak bultzatzea da. Baina hori Europa mailan egin behar da eta Europan ez da hori egingo. Beraz, lehenbizi gizartea landu behar da, agente sozialak, sindikatuak, enpresariak... baina hau oso konplexua da, horregatik esaten dut arazoari planteamendu teknikoekin heldu behar diogula, eta hauetako bat da lanaren banaketa. Gaur egun gehienontzat lanaren banaketa lan-egunaren murrizketa da, eta ez da hori bakarrik: lanaren banaketa, lan-egunaren murrizketa gehi produkzio prozesuen antolaketaren aldaketa da. Hots, lanaren banaketarekin ezin da lehiakortasunik galdu, bestela existitzen ez den zerbait banatzen ari garelako.
Nola lortzen da hori?
Kostu eragile askoren elkar eragiketarekin. Tresneriaren amortizazioa esaterako, tresneriari etekin handiagoa atera behar zaio, jendeak lan gutxiago egin dezala baina makinak gehiago, horrela emaitza kontua arindu egiten da. Amortizazio teknologikoa, energia kostuak, azpiegituran aurreratzea... Alegia, lanaren banaketa egiteko langileak hartu badituzu eta beraz masa lan-saria handitu baduzu _ez soldatak_, zure unitate produktuan handitze horren eragina beste alor batzuetan aurrezten denarekin orekatzen da.
Behin ekonomi agenteen arteko akordio batera helduta, balizko lanaren banaketa legez bultzatu eta arautu behar da, hala merkatuari bere kasa funtzionatzen utzi behar zaio?
Nire ustez lan banaketaren hitzarmena alde desberdinen artean egin behar da. Frantzian, nahi duen enpresarentzat, lan banaketari heldu gura diotenei laguntzeko araudia dago, eta hemen egingo bagenu ere hobeto. Dena den, ez da beharrezkoa. Merkatuari dagokionez, makinak ordu gehiago lanean jartzen badituzu, gehiago ekoizten da eta ezinbestez atzerriko merkatuetara jo behar da. Euskadi moduko herri batek ez du arazorik izan behar atzerriko merkatuetan saltzeko, txikiak garelako eta tarteak topa ditzakegulako. MCCren nazioartekotzearen erronka hor dago, lau urtean ekoiztutakoaren % 50 atzerrian kokatu gura dute.
Europako Sindikatuen Konfederazioak maiatzean egindako bilkuran lan-sariak jaitsi barik lana banatzea proposatu zuen, posible ikusten al duzu hori?
Hori ondo begiratu behar da. Ezinbestez langile bakoitzeko kostua mantendu egin behar da, bestela sistemak ez du funtzionatzen. Nire ustez, jatordu baten moduan, enpresek edo sektoreek erabaki beharko dute, baina gutxitu egin behar badira, gutxitu egin behar dira. Zergatik? Langabetuak _batez ere gazte eta emakumeak_ lan merkatu duin batera sartzeaz ari garelako. Finean, familia batean, batek lan eginda baino bik edo hiruk lan egiten badute sarrerak handitu egiten dira. Europan hau leku askotan egiten ari dira, esate batera krisiaren aurreko defentsa sistema: lan orduak gutxitu eta soldata ere bai, eta bitartean enpresa egokitzen saiatzen da. Arrasateko kooperatiba taldea aspaldi ari da hori egiten. Urteetan beren langileen %6 enpresaz enpresa ibili izan zen langabeziari aurre egiteko.
EEBBetan langabezia txikia da baina lan egonkortasuna oso handia, soldadak gero eta eskasagoak... Eredu hura zabalduko al da alde guztietara?
Ez dut uste, Europa desberdina da. Hemen ongizate gizartea berraztertu behar da eta subsidiaritatea langabeziaren arazoa konpontzera bultzatu. Ongizate gizartearekin ez dago ageriko horrenbeste marginazio, baina langabezia dugu. Bestetik lehiakortasuna ezin da urrezko altxorra bihurtu, lehiakortasuna ez da enpresen kontua bakarrik, gizarte osoarena baizik.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Gizartea\Sektore baz\Langabezia
Gaiez\Politika\Euskal Herr\Erakundeak\Jaurlaritza
Pertsonaiaz\EGEA1
Egileez\LETONA1\Politika