argia.eus
INPRIMATU
"Eusko Bibliographia pikutara joan daiteke epe laburrean"
1995eko uztailaren 23a
Eusko Bibliographia erakundea desagertzeko zorian
"Eusko Bibliographia pikutara joan daiteke epe laburrean"
Gorka Aurre idazkariak esan digunez:
Tituluan esandakoak laburbiltzen du erreportaiaren mamia: zorretan itota, nahiko laguntzarik gabe eta egindako lanak argitaratu ezinean, Eusko Bibliographia erakundeak sortu zenetik unerik latzenak bizi ditu.
UNE oso latzean antzematen du Eusko Bibliographia Gorka Aurrek, eta bere hitzetan apenas geratzen da esperantzarako tarterik:
«Martxa honetan, erakundeak ez du etorkizunik».
Egoitzarik gabe geratzeko zorian, dirulaguntzen faltan, lanak argitaratu ezinik... arazoez gainezka beraz, eta instituzioetatik «inongo arretarik» eskaintzen ez zaiela omen dabiltza, erakundea sortu zenetik unerik kritikoenean.
Eusko Bibliographia hil honetan bertan gera daiteke kale gorrian, Caja Vitalekin duen zorra (23 milioi pezetakoa--920.000 libera inguru--), 1984an eskatu eta gainditu ezinean dabilen mailegu baten ondorioz pilatutakoa dela medio, Gasteizko egoitza uztera beharturik baitago. Bertan sei langile ari dira lanean, duela hamasei hilabete soldatarik jaso gabe (dagoeneko 22 milioi pezeta zor zaizkie). Madrilgo Gobernuak aurtengo aurrekontu orokorretan onartu dien bost milioi pezetako dirulaguntza pasa den astean jasotzekotan ziren, «baina oraingoz bidean galdu», eta beste hilabete t'erdi atzeratuko da. Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendariarekin, Eduardo Estradarekin, bilera egin zuten, aspaldiko partez, joan den astean, «hitz onak baino ez ditugu jaso ordea». Heldulekurik ez dutela topatzen dio Aurrek, guztira 45 milioi pezetakoa den defizit errealari aurre egiteko orduan.
Jon Bilbaok sortu eta sustatutako mugimenduak txarretik okerrera egin du azken urteotan. Duela hiru piztu zen alarma: oso inbertsio handia egina zuen ordurako bere zerbitzua (euskal gaien inguruan munduan zehar argitaratzen diren materialen bibliografia jasotzea) informatizatzeko, baina Eusko Jaurlaritzatik laguntzak eten egin zitzaizkien eta porroterako bidean geratu zen erakundea. Bibliografiarekin zer ikusirik ez duten beste lan batzuk (liburutegietako katalogazio lanak) burutzearen truke zenbait laguntza jaso eta horiei esker larrialdia gainditzeko moduan izan ziren, ez ordea burua altxatzeko moduan, eta denbora honetan korapiloa lasatu beharrean estutu egin zaie, «proiektua itotzeraino». Murrizketa murrizketaren atzetik, gastuen % 40 baino ez dute estaltzerik izan, 1993tik hona, urteroko jardunean, zorren interesek gora egin dute, eta ondorioa begibistakoa da.
Hutsaren hurrengo laguntzak
MUNDU osoan kaleratzen diren aldizkari, egunkari eta liburuetan arakatu, eta euskal gaiei buruz argitaratzen den edozein albiste edo artikulu jasoz 30.000 fitxa inguru osatzen du urtean Eusko Bibliographiak. Lan honen kostu osoa 40.500.000 pezetakoa dela zehaztu digu Gorka Arruek, 1.350 pezeta fitxa bakoitzeko, hain zuzen ere.
«Laguntzak ordea, oso azpitik iritsi izan zaizkigu. Duela gutxi heldu zaizkigu Eusko Jaurlaritzatik duela hamar hilabete jaso beharreko hamar milioi pezetak; aurtengo hainbat zor estaltzeko baliatuko ditugu. Atzetik dauzkagunak hala ere, gizentzen ari dira, datorren urtera arte ez dugu ezer jasoko, eta bitartean sortzen diren gastuei ezingo diegu erantzun».
Horren lekuko dugu azken hamasei hilabeteotan Gasteizko egoitzan soldatarik gabe ari diren sei langileen egoera.
«Bibliografia pikutara joan ez dadin jarraitu dute lanean».
5.000 erregistro egiten ditu bakoitzak urtean zehar. Horietatik hiru goi mailako tituludunak dira eta beste hirurak erdi mailako tituludunak, plantilakoak denak.
Lastrea askatu ezinik
EGUNGO lastrea askatzen hasi eta aurrera egiteko abiapuntua, 1994 maiatzaren 23an hil zen Jon Bilbaoren azken lanak (1981etik 1985era bitarteko bibliografia osoa) lau liburukitan argitaratzea izan zitekeela espero zuten. Hitzarmena sinatua zuten horretarako Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin, koedizioa erdibana har zezaten. Duela bi aste, alabaina, Bizkaiko Foru Aldundiak atzera egin zuen, eta ez du proiektuan parte hartuko, ezta dirulaguntzarik emango ere:
«Egoera honetan, gehienera jota bakarra argitaratu ahal izango dugu».
Liburuki bakoitza 600 orrialde ingurukoa da, eta 25.000 sarreraz dator. Inoiz guztiak kaleratuz gero, osatuta geratuko litzateke Bilbaoren ekarpen osoa, hemezortzi liburukitan banatua eta 500.000 sarrerez osatua.
«Azken hirurak, hala ere, agian ez dute inoiz argirik ikusiko. Eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin kaleratzea espero dugun honek ere hamaika burukomin sortu dizkigu: Jonek bizitza osoan jarraitu zuen metodoa zalantzan jarri digute, eta zuzenketak egin nahi dizkiote lanari, eta guk berriz bere horretan errespetatu behar dela diogu. Endrike Knör da, gure idazkari nagusia izandakoa, oztopo gehien jartzen ari dena».
Korapiloa korapiloaren gainean, beraz.
Seiko lantaldeak, nahiz eta egoera larrian, bibliografia eguneratzen darrai hargatik. 1985etik egun artekoa ere nahikoa aurreratua du, eta hainbat material plazaratzeko moduan,
«baina diruek huts egiten dute, erakundeen partehartzeak. Gurekiko errespetu falta izugarria erakutsi dute. Hipokresia. Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia prentsan agertzea nahikoa izan zen mahai batean eseri eta negoziatzeko. Gure zorraren aldean ederra zuten gainera, baina akordio batera heldu ziren, entzute handiko erakundeak direlako. Horien aldean askoz ere txikiagoak garen arren, gure lekutxoa dugu euskal gizartean eta zientzia alorrean. Instituzioek ez dute aurkakorik esaten, hots, gure lanak ez duela ezertarako balio, bai, bai, bai... esan eta gero bizkar eman digute orain artean».
Irtenbidea nondik etor daiteke?
«GOGORIK balego, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako Gobernua eta aldundiekin sinatutako hitzarmenaren antzekoa izan daiteke irtenbidea, euren aldetik gu babesteko konpromezua hartzea eta gure aldetik urtero materialak kaleratzekoa»
dio Gorka Aurrek.
Honekin batera, Eusko Bibliographiaren lekukoa Jon Bilbaoren izena eramango lukeen fundazioaren eskutan utzi, eta bertan, EHU, Eusko Ikaskuntza eta zientzia munduko ordezkaritza biltzeko modua aztertzen aritu direla argitu digu idazkariak, azken zartakoak kolpatu dituen arte:
«Proiektu ugari ditugu: Internet sarean sartu eta gure produktuak munduan zehar zabal ditzakegu. Bibliografia guztia CD-ROMean kalera daiteke. Sosak behar dira hori guztia burutzeko. Ideiak baditugu produktuak komertzializatzeko, baina hasierako dirubideak huts egiten du».
Eusko Bibliographian piztu den alarma gorriari nork erantzungo dion zain jarraitzen dute...
PETRIKORENA, J.J.
37-39,40


GaiezKulturaKultur ErakEusko Bibli
PertsonaiazAURRE1
EgileezPETRIKOREN1Kultura