Juan Manuel Giral, Inasmeteko zuzendariari elkarrizketa
"Teknologia eta berrikuntza lehiakortasunaren garantia dira".
Jose Manuel Giral, Inasmet zentro teknologikoko zuzendari nagusia
Gaztetatik ari da teknologia eta berrikuntzaren munduan eta gaur egun, Inasmeteko zuzendari nagusia izateaz gain, iaztik Berrikuntza eta Teknologia Erakundeen Espainiako Federazioko lehendakaria ere bada. Jakan jaioa, metalurgia ingeniaria eta 47 urtekoa, Inasmeten abiadaz eta teknologiaren sustraitzeaz jardun dugu.
Nolakoa izan zen 1994a Inasmeten eta nola doakizue 95a?
Berrikuntza teknologikoak merkatu librean enpresei saltzetik bizi den Inasmet moduko zentro baten jarduna, neurri batean ekonomi egoera orokorraren menpe dago, eta iazko amaieran egoera hobetzen hasi bazen ere, ingurune ekonomiko eta politikoan zalantzak hor daude. Teknologia oso eraginkorra da industri krisiei aurre egiteko, gehiago eta hobeto saltzeko lehiakortasunari hobekuntzak gehitzen baitizkio, baina azken lau urteetan enpresek larritasun handiak pasatu dituzte. 1994an Inasmetek 1.337 milioi pezetako sarrerak izan zituen eta 1995erako hobetzea espero dugu.
Han eta hemen teknologia ageri zaigu, teknologiaren `boom'a bizi dugu ala egiten dena hobe saltzen diozue gizarteari?
Ez da horrenbeste `boom' kontua, enpresak eta, oro har, industria eta mundu produktiboa teknologia eta berrikuntzan inbertitzea merkatuetan lehiakortasun handia lortzeko modurik eraginkorrenetakoa dela ohar daitezen baizik, ez bakarrik prezio eta kostuetan, eskuarki ekoizketa eta kudeaketa prozesu osoan ere bai. Poliki baina progresiboki, berrikuntzaren aldeko enpresa kultura horren aldeko giroa sustraitzen ari delakoan gaude, eta hori etorkizun garantia da guztiontzat.
Hala ere, Euskal Herriari ematen al zaio behar beste garrantzia teknologiari?
Euskal Herrian ahalegin garrantzitsua egiten ari gara lehen aipatu dugun enpresa kultura hori bultzatzeko, eta Inasmet moduko zentroak, erakunde publikoak eta beste hainbaten arteko elkar sendoa antolatu da; zientzi-teknologia munduko unibertsitatea moduko erakundeak ere hor daude. Alabaina, beste herri batzuetan egiten den moduan, Barne Produktu Gordinaren ehuneko zehatz bat teknologia eta berrikuntzarantz bideratzea lortu arte, oraindik bide luzea daukagu egiteko.
Zer diozu euskal teknologiaren lehiakortasunaz Espainia eta Europari dagokionez.
Eskuarki, euskal teknologia estatukoaren batez besteko mailatik gora dagoela esan liteke, ez bakarrik hemen BPGrekiko ehuneko handia bideratzen dugulako ikerkuntzara, berrikuntzaren kultura eta giro horren sorkuntzan gehiago egiten delako. Zientzia eta teknologiaren arteko elkar lanean urratsa handiak eman dira. Europako Batasunari dagokionez, aurretik doaz, esparru produktiboetara bideratutako berrikuntza teknologikoan ohitura zabal eta zaharragoa dutelako; teknologia berritu eta transferitzeko laguntza eta bitarteko gehiago dauzkate.
Inasmetek arrakasta handia eduki du plasmaren tratamenduarekin, konta iezaguzu nola ari zareten saltzen berau eta aurrera begira dauzkan aukerak.
Plasmaren inguruko teknologien aplikazio industrialak, hots, egoera solidoak, likidoa eta gaseosoaz gain-materiaren egoera berria deitu izan denak, lehen mailako garrantzia du prozesu askotan, adibidez ingurugiroaren kalitatearen mantenurako eta hobekuntzarako: industri hondakinen berreskurapena eta inertizazioarekin, materialak sortzeko eta lantzeko: iraupena, gogortasuna, kostuak...
Irungo CN Plasma Zentroarekin Inasmetek herri honetan teknologia honen zabalkunde eta sustraitzerako lehen mailako urratsa eman du, eta urtebeteko jardunak erakusten duen gisa, bere etorkizuna oso esperantzagarria da.
Horrez gain, zeintzuk dira gaur egun zuen material izarrak eta zein eremutan?
Materialen teknologia --hau da lorpena, erabilera eta ingurugiro hobekuntza, Inasmeten jardueraren esparru garrantzitsua dira; eremu hauetan 33 urteko esperientzia dugu eta hori nabaritu egiten du. Dena den, zehaztu beharra dugu gaur egun produkzio eta kudeaketa eremuetan edozein enpresak izan ditzakeen arazoei irtenbidea emateko gaitasuna dugula. Finean, enpresa bakoitzak dituen beharretara egokitzen gara eta haiekin elkar lanerako prest gaudela.
Azkenik, galdera erlatiboa da baina, zure ustez, lehiakorra izan gura duen enpresa batek bere aurrekontuaren ehuneko zenbat eskaini beharko lioke ikerketa edo berrikuntza teknologikora?
Enpresa eta sektore desberdinak baitaude. Teknologia ikerketan eta berrikuntzarekiko inbertsioak bere lahiakideekiko enpresa bakoitzak bizi duen araberakoak dira. Eta beharrak beteta ere enpresa bat ezin da lokartu, Erabateko Kalitatea eta Hobekuntza Iraunkorra moduko kontzeptuekin ate guztiak zabalik daude.
LETONA, Xabier
18,19