argia.eus
INPRIMATU
Koro Lasarte: "Errespetoa zor zaio jazz zaleari"
1995eko uztailaren 16a
Koro Lasarte, ETBko aurkezleari elkarrizketa
Koro Lasarte: "Errespetoa zor zaio jazz zaleari"
Musikari denbora dexente eskaini zaio ETBren udako programazioan, saio berriak eta aldez aurretik ikusitakoak. «Jazzondoan», «H2 Rock», «ETB unglugged»... «Jazzondoan» saioak jazz kontzertuak zabalduko ditu, iaz eta aurten «Gasteizko Jazz Amateurrean» grabaturiko emanaldiak.
Jazzak bere tartea lortu du ETBn
Azken urteotan ere hor egon da. Iaz ez baina aurreko urtean jazzari buruzko zuzeneko programa zegoen. Iaz saio berezi moduan eman genituen jazz emankizunak.
Jazza gutxi batzuen musika dela esaten da. Saioak honekin hautsi nahi al du?
Errespetoa zor zaie. Ez dugu ideia horrekin hautsiko baina behintzat jazz zale kopurua mantendu eta errespetatuko dugu. Gasteizko Jazz Amateurra osorik grabatzen dugu eta osorik emango dugu. Jazz zalea denarentzako nahiko notizia ona da.
Zein saio mota da «Jazondoan»?
Oro har jazz kontzertuak dira. Jazz Amateurrean grabatu genituen bost bat kontzertu eskainiko ditugu eta baita aurten grabatuko ditugun saioak ere. Horixe emango dugu larunbat gauero uda osoan zehar.
Kanpoko artistak dira gehienak: Stephen Scott Trio, Jesse Davis Quartet, Nnenna Freelon & Trio, Kurt Elling, Peter Delano...
Lehen saioan Gasteizko XVIII. Jazz Jaialdiaren laburpena eskaini genuen, baina gainontzeko saioetan jazz amaterra zabalduko dugu.
Zein ikusle motari dago zuzendua?
Batez ere jende gaztea da jazz zalea. Ez dugu adin finko batentzat egiten, baina nire ustez jazz zalea 22 urtetik 40ra bitartean dabil. Jende gazteagorengan ere nahiko arrakastatsua da orain jazza.
Euskal Herrian jazz zale asko al dago?
Baietz esango nuke. Ez dago kontzertuetara joaten den jendea ikustea baino. Aretoak beteta egoten dira.
Jazza ondo ezagutu behar al da saio honekin gozatzeko?
Ez dut uste. Musikazale izatea nahikoa da. Aurten etorriko den jendea ez da berezia, nahiko erraz irensteko musika da. Lasaia ere esango nuke, zenbait kasutan.
GERRA, Ainhoa
49

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazLASARTE2
EgileezGERRA1Komunikabid