Iñaki Salvador Jazz musikariari elkarrizketa
Iñaki Salvador: "Ezin da euskal jazzaz hitz egin, jazza egiten duten musikariez baizik".
Euskal Herriko jazzaren egoera nola baloratzen duzu?
Euskal Herrian jaialdi garrantzitsuak badaude baina ez, ostera, urtean zehar mugimendurik. Beraz, ez arrazoi honegatik soilik baina bai nagusiki, Euskal Herrian ez dago jazz egiten diharduen musikaririk. Dozena erdi bat izango gara Euskal Herrian diskoak edota piezak osatzen gabiltzanak. Ia existitzen ez den industria denez, Euskal Herritik kanpo mugitu behar dugu. Ez dut uste euskal jazzaz hitz egin daitekeenik, jazza egiten duten euskal musikariez baizik.
Euskal Herriko jazza zenbateraino da kanpokoaren menpeko?
Jazz tradizioa batez ere amerikarra izaki, nahiz eta gero eta gehiago Europako joerak bildu, ezinbestean hortik jasotzen dugu eragina. Egia da, baina, hemen jazza egiten dugun musikarien artean, gero eta gehiago nabari dela mezua pertsonalizatzeko joera. Dena den, atzerriko begirada ezinbestekoa da.
Zein mezu darama zure musikak?
Ez da oso zehatza. Egitura aldetik oso librea den musika mota lantzea, inprobisazioa dut obsesio. Eta hortik abiatuta entzuleari energia hori bideratzea bilatzen dut. Konposizio berak hurrengo egunean desberdinak izango dira; eta hortik entzuleak irakurketa ezberdinak egingo ditu.
Jazz zirkuitua indartu asmoz Euskadiko Musikari Asoziatuak taldea sortu zenuten iaz.
Azkenean lortu dugu lege aldetik ere itxuratzea. Uztailean bertan banatuko ditugu musikarien artean informazio buletinak. Oso garrantzitsua da gure arteko batasuna, hortik bideratu baitaiteke jazza indartzea. Musikariok formulak asmatu behar ditugu eta gero ekimen pribatuari, taberna, areto edo erakunde publikoari eskaini, elkarlanerako proiektuak proposatu.
Donostiako jazzaldian izango zara aurten. Bestelako proiekturik baduzu buruan?
Gauza ugari ditut eta kontent naiz ez direlako proiektu pertsonalak. Urte asko neramatzan nire izenez zihoazen proiektuekin, baina une honetan kontratatua izateko hautua egin dut.
Oreretako Ur antzerki taldeak egin behar duen «Romeo eta Julieta» lanarentzat musika egiten hasi behar dut. Disko konponketekin jarraitu eta baita ETBko telesail berrirako, «Ajuria Enea»rako musika prestatu ere. Udaberrirako beste lan bat ateratzeko asmoa ere badut. Aurreratu dezaket, salsa musikarekin jazza egingo duen talde latinoa izango dela.
ARTOLA, Maite
38
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakMusikoakSALVADOR1
PertsonaiazSALVADOR1
EgileezARTOLA6Kultura