Mohamed Salem, Fronte Polisarioko ordezkariari elkarrizketa
"Borrokarekin bakea inposatu behar dugu"
Mohamed Salem, Fronte Polisarioko ordezkaria Euskal Herrian
Zein da su-eteneko lau urte hauetako balantzea?
Hasieratik ikusi zen Marokkok ez zuela bakerako borondaterik, su-etenean jada oso eraso militar zabalari ekin baitzion. Bazekien Polisariok ez zuela erantzungo. Dena den, gero ere behin eta berriro egin dio muzin bake planari: erreferendumerako etengabe eraman ditu milaka marokkoar gure lurretara, saharar lurraldearen % 70 inguru bere kontrolpean hartu du eta kontzentrazio eremua bihurtu du, Minurso-ren materiala hilabeteetan blokatu zuen, populazio sahararrari NBEko so-egileekin mintzatzea debekatu izan dio, errepresio basatiarekin jarraitu du... Eta horren guztiaren aurrean NBE isilik egon da, Marokkok, azken batean, bake plana bere interesen arabera moldatu du.
Marokkok bakarrik ez, diozunez Nazio Batuen Erakundeak ere ez du berea bete.
Ez du bete, baina batez ere bete ez duena Butros Gali idazkari nagusia da, Hassan II.aren laguna eta berarekin aspalditik oso harreman estua duena.
Ez da Butros Gali bakarrik izango, funtsean EEBBek eta beste potentzia handi batzuek ere zerikusi handia dute NBEn.
Gerra Hotzaren garaian, komunismoaren inguruko mila atxakia hartuta, EEBBek Marokko nabarmen lagundu zuten, baina bake planetik aurrera EEBBen jarrera arazoa konpontzekoa izan da. Lehen ematen zen laguntza itsua, behintzat, desagertu da.
Eta Espainia?
Bere kolonia ohia Marokkoren esku utzi zuen eta oraindik _dagoneko inongo baliorik ez badu ere_ ofizialki ez ditu Madrileko Hiruko Akordioak bertan behera utzi. Espainiak, sahararren aurka erabiliak izango direla jakinda ere, Marokkori arma ugari saldu dizkio.
Gerrara itzultzea ekidin ezina da?
Marokkok jarrera aldatzen ez badu bai, eta ez du aldatuko. NBEk Marokko gogor presionatzea da bake irtenbide bakarra, baina horretarako ere esperantza urriak daude. Lau urtetan denetik jasan behar izan dugu eta ezin dugu gehiago etsi, ezin dugu Marokkoren jarrera horrekin aurrera jarraitu.
Baina ezin duzue gerrarik irabazi.
Hori oso gaitza da, baina Marokkok ere ezin du irabazi. 1975ean Hassan II.ak gu bi astetan amaituko gintuela uste zuen; 20 urte iragan dira. Borrokan jarraitu beharra dugu eta borrokaren bidez bakea inposatu. Guk argi dugu Sahara ez dela inoiz Marokkorena izan, ezta izango ere.
LETONA, Xabier
Mohamed Salemek ez du gerrarik gura baina, dioskunez, sahararrek jadanik ezin dute gehiago etsi eta laster borrokara itzul daitezkeela iragarri du.
15