argia.eus
INPRIMATU
"Euskararen famili bidezko transmisioa da lehentasunetako bat"
1995eko uztailaren 09a
Xabier Aizpuruari elkarrizketa euskararen jarraipen azterketei buruz
"Euskararen famili bidezko transmisioa da lehentasunetako bat"
XABIER AIZPURUA
Xabier Aizpurua Ikerketa eta Informaziorako zuzendaria da Mari Karmen Garmendiaren sailean. Bere ardurapean bildu eta argitaratua da Eusko Jaurlaritzak liburu batean plazaratu berria duen «Euskararen jarraipena» azterketa zabala.
Azterketan atera dituzuen ondorioen artean, Euskal Herrian aniztasuna da nagusi.
Hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik, badira euskaldunak guztiz nagusi diren guneak eta beste batzuk erdaldunak nagusi direnekoak. Jarreren edo erabileraren aldetik beste hainbeste. Bilakaeraren aldetik bezala, gune batzuetan euskara galtzen ari da eta beste batzuetan irabazten.
Hiru administrazio, hiru hizkuntza politika. Hor ere aniztasuna.
Euskal Autonomi Elkartean egin den hizkuntza politikak hizkuntza gaitasunaren galera eten egin du, eta irabazte prozesua hasi da: hiztunak gehitzen, erabilpena handitzen, jarrera hobetzen. Iparraldeko hizkuntza politikak aldiz euskararen galera areagotzen du, transmisioaren ikuspegitik bezala gaitasunaren eta erabilpenaren ikuspegitik. Horiek dira bi muturrak.
Liburu honetako datuak 1991koak dira, eta 16 urtetik gorako biztanleak aztertu ziren. Honek eragozten du hizkuntza politiken benetako emaitzak argi azaltzea. Hiztunen irabazirik handiena, Hegoaldean eman dena gehienbat, ez da hor jasotzen, asko 16 urtetik beherakoak direlako. Eta Iparraldean ere ikastolen eta berreuskalduntze eta alfabetatze prozesuen bidez berreskuratu direnak ez dira azaltzen. Euskararen ekarpena askoz gehiago nabarituko da aurten hasi eta datorren urtean egin nahi dugun inkestan.
Euskaldun elebakarrak %1 dira eta elebidunak %21. Abiapuntu ahula.
Euskaldunok oso gutxi gara, egia da, eta elebakarrak desagertzear daude, zaharrak dira. Hogei urte barru desagertuko dira 16 urtetik gorako euskaldun elebakarrak. Dena dela, horiek gaur 20.000tik gora dira, eta horien eskubideak nola dauden ikusi behar da. Elebidunak, aldiz, eta zorionez, gero eta ugariagoak dira. Eta hau gaztelerazko eta frantsesezko elebakartasunaren kaltetan da.
Kopuruok gune soziolinguistikoka begiratu behar ditugu: euskaldunak %80tik gora diren lekuetan euskaldun elebakarrak %13 dira. Eta hori kontuan hartzekoa da.
Euskaldungoa itxuraldatu egin da urteotan.
Aldaketa nagusia zera da: euskaldungoaren gehiengoa gaur ez dago barnealdeko edo arrantzale herri txikietan, hirietan baizik. Araban 22.000 euskaldun daude, Aramaion %80 izan arren ez dira bi milara iristen eta Gasteizen %10 izanik 16.000 inguru dira. Euskaldunak hiritarragoak dira, baina beste aldetik askotan euskaldun berriak dira, harreman sarea erdalduna dutenak. Euskaraz hitz egiteko ez dute euskaldun zaharren erraztasuna, eta hitz egiteko aukerak ere urriagoak dituzte.
Aldaketen artean, hizkuntzaren transmisioan gertatu dena eta euskaldun berrien fenomenoa aipatu behar dira.
Urte luzez euskarak transmisioan galera handiak izan ditu eta hori, EAEn batez ere, eten egin dela dirudi: famili bidezko transmisioak gero eta garrantzi handiagoa du. Eta hizkuntza politikaren aldetik lehentasunetako bat hori izango da. Baina hizkuntza erabilpen eremu guztietara zabaltzea nahi badugu, ezinbestekoa da hiztun berriak irabaztea eta hizkuntzari arrotz zaizkion eremuetara sartzea.
Oso garrantzizkoa da euskaldun berrien ekarpena. Baina beren erabilera bermatzeko baldintza batzuk bete behar dira. Harreman sarea euskalduna izatea, batetik, eta euskaldun berriena ez da izaten. Bigarrenik, euskaraz erdaraz bezain erraz mintzatzeko trebetasuna dago. Eta hori ere berrietan erabilpenarekin lortzen da.
Berreuskalduntze prozesuaren birformulazio bat beharko da agian.
Euskara ikasten saiatu diren asko ez dira inoiz ongi lortzera iritsi. Gure inkesta ez da hori ebaluatzeko egina, baina bizpahiru erreflexio gai aurreratzen dizkigu. Batetik, zein den euskalduntze-alfabetatzearen emaitza eta horiek hobetzeko bideen eztabaida piztea. Bigarrenik, adinekoen euskalduntze-alfabetatzearen bidez espero behar duguna zer den. Asko ari dira esaten eskolari ez ote garen eman dezakeena baino gehiago eskatzen.
Azterketan hizkuntzarekiko leialtasuna aipatzen da, eta kontzeptu hori nahiko eztabaidatua da.
Euskaldunek euskaraz hitz egin dute luzaz besterik ez zekitelako, edo zenbait gunetan _familian..._ besterik erabiltzen ez zelako. Gaur, elebidunek euskaraz hitz egiten dute aukera dutenean, bi hizkuntzetatik edozein erabiltzeko gai izanik ere. Errazago egiten dutelako, edo gune euskaldunetan bizi direlako, edo ahalegintzeko erabakia hartu dutelako. Inertzia ala leialtasuna, ez da eztabaida garrantzitsua: baldintza batzuk betetzen direnean hala egiten dute, eta hori da inportantea.
Erabilera garantizatuko duen ezagutza lortzeko denbora asko beharko dela diozue.
Helburua euskararen erabilera eremu guztietara zabaltzea bada, ezinbestekoa da ditugun hiztunei eta erabilera eremuei eutsi eta hiztun eta eremu berriak irabaztea. Euskaraz gehien etxean egiten da, gero inguruko auzoan, apaizarekin, lagunartean eta haurren irakasleekin, gutxiago lanean eta gutxien eremu formaletan.
Eremu guztietara iristeko epe ertainera begiratu behar dugu. Gaur eskolatzen ari diren haurrak familiak osatu eta beren haurrei euskara transmititzen hasten direnean, belaunaldi hori izango dugu lehenbizikoa kopuru handi batean lehen hizkuntza euskara duten elebidunak sortuko dituena.
Aldaketa hori urtetan koantifikatu al daiteke?
Jo itzazu hamabost bat urte. Gaur 13-14 urtekoen artean erdiak baino gehiago dira, EAEn, elebidunak. Eskolan oro har laster %60 bat izango dira elebidunak. Horiek seme-alabak ekartzen hasten direnean izango da aldaketa nagusia, hamabost edo hogei urte barru.
Erabilera handitzen doala diote ikerketa guztiek, gureak, EKBrenak edo Siadecorenak, eta hori gazte gehienak euskaldunberriak izanda eta ingurua guztiz euskalduna izan gabe. Askoz hazkunde handiagoa izango da aipatzen dugun epe horretan.
Lehentasunak zein dira, hiztun berriak sortzea ala erabilera eremuak irabaztea?
Biak batera, bata egiteagatik ezin dugu bestea baztertu. Baina ditugun bitarteko urriei ahalik eta etekin onenak atera behar dizkiegu. Oso euskaldunak diren herrietan esfortzu txiki batekin lor dezakegu biztanleek egunaren 24 orduak euskaraz bizi ahal izatea; batzuetan idazkaria edo medikua euskalduna izatearekin aldatzen da asko. Hiri handietan, biztanle guztientzako politika batek baino etekin hobeak emango dizkigu gazteei begira antolatuak: eskolaz kanpoko jardueretan euskaraz bizi ahal izateko aukerekin, adibidez.
Euskararen kontra posizionatzen den multzo handia ageri da.
Ia %40 euskararen aldeko jarrera batean dago. Heren bat ez alde eta ez kontra. Eta laurden bat euskararen sustapenaren kontra dago. Aldekoak kontrakoen ia bi halako dira, eta heren bat dago tartean. Espero ez zitezkeen datuak direla esan dute batzuek, baina guk espero genituen. Jarrera hizkuntza gaitasunaren arabera aldatzen da: euskaraz dakitenen artean aldeko jarrera, noski, askoz handiagoa da. Jatorriak ere zerikusia du, kultura nortasunak, euskaldun sentitzeak...
Lekurik txarrenean nafarrak gelditu dira. Entzun da horien jarrera neurtzeko baremo egokiena erabili ez ote den...
Idatziz behintzat ez dut gure inkestaren metodologiari buruzko horrelako kritikarik irakurri. Nafarroan kontra %54 azaltzen dira; aldekoak %22 dira, baina beste laurden bat bada ez alde eta ez kontra dagoena, eta hori gureganatu egin behar dugu. Iparraldean ere ia hamarretik lau dira ez alde ez kontra daudenak. Eta EAEn ere aldaketak badira. Ondorioz, politikak tokien arabera egokitu behar dira.
Egoeraren ikuspegi baikorregia eman duzuela ere esan da.
Balorazio baikor gutxi egon daiteke, baloraziorik ez baita apenas egiten, datuak eskaintzen dira. Euskalgintzan eztabaida bat egon dadin materiala da. Ez gaitasun aldetik, ez erabilera aldetik, ez jarrera aldetik, ez dira datu baikorregiak. Hori bai, zenbait aurriritzi hankaz gora jarri du: euskara eskolak salbatuko duen ustea, adibidez. Famili bidezko transmisioaren garrantzia azpimarratzen du. Erabilera gehien baldintzatzen duten faktoreak ere argi eta garbi azaltzen dira.
Eztabaida aipatu duzu. Hori martxan al dago?
Datuok kaleratzea bera eztabaida hasteko modua da. Eztabaidak zabala izan behar du eta euskalgintzan ari garen guztiok hartu behar dugu parte hausnarketan. Eztabaida bat euskalduntze-alfabetatzearen inguruan behar da. Jende bat ari da horretan. Bigarren bat, emaitza horiek nola hobetu. Nik esango nuke azterketa honetan proposatzen diren lehentasunak eta gaur aurrekontuetan ageri direnak ez direla berdinak. Hizkuntza transmisioa ez da lehentasun osoz ageri aurrekontuetan, eta gainera oso iniziatiba gutxi ikusten dira.
Transmisioa ageri zaigu beti lehentasun gisa.
Bi urte eman ditugu HABE, HPIN, udal batzuk, EKB, UEMA eta abarrek transmisio programa bat diseinatzen, programa piloto bat jarri genuen martxan eta orain gabiltza zabaldu nahian, eta aurrekontuetan oso eragin txikia du.
Beste adibide bat: gero eta gehiago dira aisialdi programak sustatzen dituzten udalak. Eta gure diagnostikoaren arabera lehentasunetako bat izan behar du, eta oso gutxitan da hola.
Hiru administrazioek hartu dute parte azterketa honetan. Aurrerapausorik izango al da honetan?
Egin den lana denen artean egin da. Zabalkundeko liburuska ere hiru administrazioen artean atera da, eta hiruretan zabaltzen da. Bigarren azterketa soziolinguistikoa jadanik prestatuta dago, otsailean bertan hasi ginen lehen urratsak ematen. Urte bukaeran hasiko da datu bilketa eta datorren uztailerako izango ditugu jada ustiaketa eta emaitzak. Joan den astean hitzartu zen zein izango den galde sorta.
AMONARRIZ, Kike/ ZUBIRIA, Pello
29-33

GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzErabilera
PertsonaiazAIZPURUA10
EgileezAMONARRIZ1Hizkuntza