Ricardo Sanz (EAJ) politikariari elkarrizketa
"Estatu federala defenditzea akatsa errepikatzea litzateke".
Ricardo Sanz, EAJ-ren ordezkaria Espainiako Senatuan
Administrazio zuzenbidean espezialduriko berrogeita bat urteko abokatua, Madrilgo Senatuan ari da euskal taldearen ordezkaritzaren arduran. Pragmatikoegia soilik itxura betetzen duen politikaria izateko, behin-behineko egoera bizi duela aipatzen du. Sistema konfederatuaren aldeko agertzen da, foru sistemaren defenditzaile sutsua den aldetik.
Turtzios eta Trebiñoko Konterriaren kasuak oso gertutik jarraitu dituzu. Nola baloratuko zenuke hauen egungo egoera?
Baliogarriena eta egoera hobeki adierazten duen froga bertako biztanleen bizimodua da. Osasun, heziketa eta hainbat zerbitzu publikoen egoera tamalgarria da, egoera anormalak eta kafkiarrak eragiten ditu honek. Legea gizabanakoen zerbitzurako baldin badago eta arazoei irtenbidea emateko erabiltzen badugu, ulertezina egiten zait honelako egoerak ezin konpondu izana. Hain zehatza den arazoa konpontzen ez badugu asmatzen, zer ez da gertatuko hori baino konplexuagoak diren beste hainbat arazorekin.
Alderdi politiko guztien arteko akordioa premiazko dute biztanle hauek, Trebiñon eta Turtziosen gertatzen ari dena injustizia bat da, biztanleen borondatea ez delako errespetatzen. Estatutuen erreforma bidez edota Konstituzioaren erreforma bidez egin daiteke hau, eta Konstituzioaren erreformarako zabaldu den tarteari egokia deritzot. Gainera, aprobetxatu nahiko nuke zera salatzeko: Trebiñon izan ginenean hauteskunde garaia bukatu bezain laster, ponentziaren aurkezleok berriro ere bertan egongo ginela agindu genuen. Agindu hori betetzeko asmo eta gogo biziak ditut eta deialdia zabaldu nahiko nuke ARGIAko orrialdeak baliatuz.
Turtziosen edota Trebiñon bizi diren hainbat biztanle inguruko udalerrietan erroldatuak izatea lotsagarria iruditzen zait. Erreferenduma eginez gero, honek arazo asko ekarrituko lituzke. Inperialistatzat jo gaituzte irizpide hauek defenditu ditugunean baina paradoxikoa bada ere, euskaldunok badakigu zer den inperialismoa, ez eragiten dugulako, Estatu espainiarraren eta fratsesaren inperialismoa jasaten dugulako baizik.
Espainiako Senatuaren erreformarako eztabaidaren inguruan, beto eskubidearen alde azaldu zara. Nolako harrera izan du?
Senatuaren erreformarako aurkeztu diren ponentziek ekarri duten aportazio bakarra iritziek osatu dute: hainbat akademiko, elkarte autonomoetako lehendakariak eta Konstituzioaren `aitak' izan diren Fraga, Sole Tura, Roca, Cisneros eta beste hainbat _hauen artean abertzale bat bera ere ez da izan, Arzalluz bera baztertu baitute_. Bakoitzak bere errezeta liburuska ekarri du besapean baina oraindik, neuk behintzat, ez dakit norantz goazen erreforma honekin, alderdi nagusiek ez baitute ezertxo ere esan. Ez da Senatuaren barneko eztabaida zabaldu eta ni neu beto eskubidearen alde egon arren, ez dakit erreforma hau apaingarri hutsa den edota benetako erreforma sakon baten aldeko saioa den. Senatuak aldaketa premia du, bere nahia aldaketa honen aldekoa bada, orduan aurkeztuko du euskal taldeak bere proposamena. Eta ez dugu ezer baztertzen, autodeterminazio eskubidea, beto eskubidea, gainordezkaritza... Euzkadi Buru Batzarrak zabaldu beharreko eztabaida dugu hau. Egun goizegi da ezer aurreratzeko.
Senatuak une honetan duen funtzio eskasa, salatu beharra dago?
Egoera argi eta garbi islatzen duen adibidea jarriko dut. Duela gutxi, Senatuak atzera bota zuen Diputatuen Kongresuak onartutako lege proiektua. Honen arrazoiak aztertu beharrean, Diputatuen Ganbarak Estatuaren Aldizkari Ofizialera eraman du lege-proiektu hau, legea indarrean jartzeko asmotan. Ganbara bien artean gatazka sortzen den lehendabiziko aldia da.
Arrazoia du Xabier Arzalluzek Senatua edo aldatu edo kendu behar dugula esaten duenean. Euskal taldeak, Senatura heldu denetik, behin eta berriro errepikatu du Senatuaren erreforma beharrezkoa dela, horretarako Konstituzioaren benetako erreforma egin behar dela.
Izquierda Unidakoek estatu federal baten alde agertu dira. Zuk egindako adierazpen batzuetan estatu konfederatu bati buruz hitz egin duzu. Zure proposamena eta haiena ezkon daitezke?
Egunkari bati egindako adierazpenak dira zuk aipatzen dituzunak eta bere garaian kritika asko jaso nituen.
Ni estatu konfederatu baten alde agertu naiz baina honek ez da zertan EAJren proposamena izan behar. Irrikitan nago alderdiak eztabaida hau zabal dezan, subiranotasunaren inguruko eztabaida delako azken batean.
Hala ere, zure galderari erantzunez, ni sistema konfederalaren alde nago honen esanahia berdinen arteko paktoa delako. Eta berdinen arteko paktoa aipatzen dudanean, Euskadik nazio bezala duen subiranotasuna eta Espainiaren subiranotasuna parekatzen ditut. Nazio bien artean harreman bat hitzartzen bada, berdinen arteko hitzarmena izango dugu. Ildo horretan, Estatutua eta Hitzarmen Ekonomikoa elementu konfederalak dira.
Sistema federalista batek goitik beherako sistema defenditzen du. Konstituzioa abiapuntutzat hartu eta nazioen nahia ez errespetatzeak edota autodeterminazio eskubidea ez aurrikusteak herritarren borondateari muzin egitea dakar. Autonomien Estatuak Estatu federalista baterako bideak zabaltzen ditu eta ildo honetatik, Estatu honek proposatzen duen berdintasuna, minimotan oinarritzen den berdintasuna da. Beraz, sistema federal bat defenditzea orain arte egindako akatsak errepikatzea litzateke. Espainiak behar duen lurralde arloko irtenbideak jatorrizkoa behar du, autentikoa eta Konstituzioak 2. artikuluan esaten duena errespetatuko duena: hemen nazionalitateak _nazioa adierazteko Konstituzioak erabiltzen duen kontzeptu lithg-a_ eta erregioak daudela. Madrid bezalako erregio artifizialak, Errioxak, Kantabriak, Murtziako erregioek ez dute zerikusirik Euskadik duen nazio borondatearekin.
Beste gauza bat aipatuko dizut: Izquierda Unidakoek aulki bat dute Konstituzioaren erreforma eztabaidatzen den mahaian eta aulki hori hutsik dago, ez datoz euren eredua defenditzera.
Dena den, EAJren hainbat kide estatu federal baten alde agertu dira.
Kontraesanak ematen dira batez ere gai hauen inguruan; eztabaidaren beharra dugu. Coaliccion Canariak, adibidez, sistema federal asimetrikoaz hitz egin du. Guk ez dugu aukerarik baztertzen, aukerak argi eta garbi azaltzen diren heinean.
Erradikala zaren ospea duzu Madrilen.
Kontua da nik berdin hitz egiten dudala Bilbon lagun artean eta Madrilgo Senatuan; nahiko harrituta daude. Hala ere, oso harreman pertsonal onak ditut senatukideekin.
Koroak paper bereziren bat joka dezake euskaldunon eta Estatuaren arteko harremanetan?
Hala uste dut. Erregearen argazkia dut bulegoan eta ez da ni monarkiaren aldekoa naizenik, baina badakit Errepublikako lehendakariak bezala, Erregeak zeregin garrantzitsua joka dezakeela gu eta estatuaren arteko harremanetan. Estatuaren egitura territoriala bideratzeko Erregeak gobernuan zein alderdi politikoetan duen eragina ukaezina da.
Abertzaletasunak 100 urte beteko ditu laster. Zeintzuk dira zure ustez landu beharreko puntuak?
Arriagako izpirituaren aldekoa naiz. EAJk bere lehioak zabaldu eta abertzaleen bilgunea bilakatzea gustatuko litzaidake. Sabino Arana Fundazioak horren alde egiten duen lanari oso baikorra deritzot. Patxi Zabaleta, Txema Montero, EAko ordezkari esanguratsuak eta abertzaletasunatik kanpo dauden ideologien ordezkari izan daitezkeen Elorza moduko pertsonak bertan biltzea etorkizunerako urratsak ematea da.
ETAk borroka armatua uzteko jarri duen baldintza marko politikoa aldatzea da. Posible ikusten al duzu?
Saiatu naiz eta saiatzen naiz ETA eta bere inguruko mundua ulertzen baina ezinezkoa egiten zait. Marko politikoari dagokionez, nik ez dakit gauzak oso argi dituzten, Jon Idigorasi behin entzun bainion Suitzako sistemaren aldekoa zela. Konfederazio Helvetikoak konfederazio sistematik hartu duen gauza bakarra izena baita. Joan den mendeaz geroztik Suitzak sistema federal baten elementuak baino ez baititu hartu. Une honetan Euskadik edozein kantoi suitzar baino independentzia handiagoa, autogobernurako ahalmen handiagoa du. Ez dut uste Albaniako eredua dutenik gustuko, baina gustatuko litzaidake gai honen inguruan duten iritzia entzutea.
GARTZIA, Myrian
8-10,11