70eko hamarkadan hasitako Uda Ikastaroen filosofiarekin bat gatoz
1995eko uztailaren 02a
Kepa Altonaga, UEUko lehendakariaren iritzia udako ikastaroez
70eko hamarkadan hasitako Uda Ikastaroen filosofiarekin bat gatoz
Kepa Altonaga, UEUko lehendakaria
Zein nobedade eskainiko ditu aurtengo UEUk?
Badago nobedade aipagarririk bai mekanika bai irudiaren aldetik ere. Orain arte kalitateaz kezkatuta egon gara. Aurten, guk emandakoari buruz ikasleen iritzia hobeto ezagutzeko inkesta batzuk pasatuko dira. Honetaz aparte, Baiona eta Iruñea ez bereizten saiatu gara; hau programan nahiz ikastaroak ematera datozen pertsonen izenean ikus daiteke. Alde honetatik berritasun ugari egongo da. Baina gauzak progresio batean daude eta hau ez dugu aurten asmatu; lehendik zegoen joera nabarmendu nahi izan dugu.
Zein litzateke UEUren betebeharra?
Noiz edo noiz Euskal Unibertsitatea edukiko badugu horrtarako oso beharrezkoa izango da materiala edukitzea, humanoa nahiz bibliografikoa. Material bilketa honetan UEUk oso lan inportantea dauka.
Gorantz al doa kurtsoen partaidetza?
Ez dago joan den urteko zenbakiei begiratzea besterik: guztira 800 partaide inguru izan ziren, aurrekoan berriz 700. Gure prebisioetan kopuru hori igarotzea dago. Batetik, oso pozgarria da jende gehiago hurbiltzea, baina bestetik, honek gure defizita areagotzen du.
Euskara al da UEUk eta EHUk antolatzen dituen Uda Ikastaroen arteko desberdintasun nagusia?
Argi dago lehen desberdintasuna hori dela, Donostiako ikastaroak erdaraz baitira. Filosofian ere badago desberdintasun nagusi bat. Donostian «jet unibersity» hori, ponpa handiko izen guztiak biltzen dira. Honekin ez dut deskalifikatu nahi, baina planteamendua modu honetako da. Guk antolatutakoak berriz, 70eko hamarkadan hasitako uda ikastaroen filosofiarekin bat gatoz. Hor ikusi edo sumatu egiten zen beharrizan sozial inportante bat, hizkuntza eta herriaren arimarekin erlazionatuta zegoena. Beharrizan horri erantzaun nahian, duela mende laurden bat sortutako mugimendu horren ondorioa da UEU. Ostera, Donostian, Madrilen edota Santanderren beste zerbait saltzen da. Nik esango nuke desberdintasun nagusia hemendik datorrela, eta argi dagoela gainera.
Eta zer eskaintzen du UEUk?
Esan bezala, jendea eta materiala prestatu nahi dugu. Beraz, harrobi-lan garrantzitsua da gurea.
ROZAS, Ixiar
22