argia.eus
INPRIMATU
Nagore Sanz: "Emakumeek zailtasun handia izan dute tonoarekin".
1995eko maiatzaren 21
"Kantuz Goraintzi" lehiaketaren irabazlea
Nagore Sanz: "Emakumeek zailtasun handia izan dute tonoarekin".
Ahotsa ezaguna genuen, baina maiatzaren 6an, Zornotzan egin zen finalean ezagutu genuen Nagore Sanz. Solfeo eta antzeko ikasketarik ez badu ere, bera suertatu zen «Kantuz goraintzi» lehiaketako garaile. Musika Hezkuntza ikasten ari den 19 urteko bermear hau lehiaketa batera aurkezten den lehen aldia da.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Lagun batek egunkarian iragarkia ikusi zuen eta izena emateko esan zidan. Hasieran ez nuen serioski hartu, baino hobeto pentsatu nuen eta denek animatzen nindutenez, probatzea erabaki nuen. Ez nuen uste finalera iritsiko nintzenik, niretzat ere sorpresa izan da.
Musikarekin harremana duten ikasketak egin al dituzu?
Ez, ikasketarik ez, baina abestea asko atsegin dut. Bizpahiru urtez Bermeoko abesbatzan kantatu dut, gero ezkontzatan abesteko batu ginen eta neure parrokiako umeen mezan ere abesten dut. Edozein unetan, beti animatzen gara edozer gauza kantatzera.
Tonu bakarra egon da guztientzat. Arazoak sortu al ditu abeslariengan?
Batez ere neskak kexatu gara tonuaz. Elizako tonua edo herriko jendeak kantatzen duen moduan kantatu behar genuela esan ziguten, baina nesken ahotsa mutilena baino finagoa dela ez zuten kontuan hartu. Hor zailtasun handiak izan dira emakumeen artean.
Formulari dagokionez, aldaketaren bat egingo al zenioke lehiaketari?
Bozketa egiteko metodoa aldatuko nuke. Entzuleak telefonoz deitu eta bozkatzea nahiko erlatiboa dela uste dut, merezi ez zuen jende asko kanpoan gelditu da. Telebistako finalean bezala, profesionalen epaimahaia behar dela uste dut, justuagoa izango litzateke.
Honen antzeko ekimen gehiago egin beharko liratekeela uste duzu?
Bai, jendeari asko gustatzen zaio. Hogei lagun gelditu ginen barruan, baina beste berrogeik ezin izan zuten parte hartu. Horrek esan nahi du jendeak horrelako gauzak nahi dituela. Ea gehiago egiten dituzten.
GERRA, Ainhoa
49

GaiezKulturaMusikaMusika modeLehiaketakKantuz Gora
GaiezKulturaMusikaMusika klasPertsonak
PertsonaiazSANZ6
EgileezGERRA1Kultura