"Hirurogei enpresaren inbertsioak sustatzeko asmoa dugu aurten".
1995eko maiatzaren 21
Luzaro enpresak inbertsioak sustatzen
"Hirurogei enpresaren inbertsioak sustatzeko asmoa dugu aurten".
Salome Ibarmia,Luzaro-ko operazio-estudio eta segimenduaren arduraduna
Orain hiru urte hasi zen Luzaro mailegu elkartea Euskal Autonomi Elkarteko enpresa txiki eta ertainen inbertsioak sustatzen. Ordudanik ehun enpresaren finantzaketa bultzatu dute, guztira 5.200 milioi pezeta erabiliz. Krisia amaituta inbertsioek gora egin duten urte honetan, 2.200 milioi pezeta dituzte enpresa ezberdinei emateko.
Nola funtzionatzen du Luzarok?
Sei entitate sozio ditugu, Eusko Jaurlaritza, BBK, Lankide Kutxa, Gipuzkoako Kutxa, Vital Kutxa, eta Banco Guipuzcoano. Enpresak hauetako entitate batera jotzen du eta hauek gugana bidaltzen dute. Entitateen bidez egiten dugu, beraz, enpresekiko lotura.
Gaur egun gero eta garantia gehiago eskatzen dira maileguak emateko. Zein da Luzaroren exigentzia maila?
Entitateek bezeroei buruzko estudioa egiten dute aurrena, inbertsioak aztertzeko. Operazioa bideragarria bada, eskaria Luzarora iristen da. Hilean behin, entitate bakoitzeko ordezkari batek, Luzaroko gerenteak eta Luzaroko lehendakariak osatzen duten batzorde eragilea biltzen da eta hauek erabakitzen dute enpresari mailegua eman ala ez.
Azken batean, Luzaroren exigentzia maila, entitateak enpresari buruzko estudioa (balantzeak, inbertsioa...) egin eta onartzea litzateke.
Zenbatekoak dira Luzarok ematen dituen maileguak?
Mailegu altuena 70 milioikoa da eta gutxienekoa 10ekoa.
Gure maileguek ezin dure enpresaren inbertsioaren %40 baino gehiago estali. Bestalde, batzorde eragilearen erabakiz ez bada, ezin dugu enpresak duen kapitala baino mailegu altuagoa eman.
Mailegu eta kredituen munduan, zer eskaintzen du Luzarok konpetitibo izateko?
Partaidetzazko maileguak ematen ditugu; beraz, diru osoa enpresaren kontura pasatzen da oso-osorik. Bestalde, bi ezaugarri ditu: batetik, oso epe luzera egindako maileguak dira. Entitateak enpresaren egoera aztertu eta bost eta hamar urte bitarteko epeak eskaintzen ditu. Azken hau oso garrantzitsua da enpresentzat, sorrera fasean aurkitzen badira batez ere. Zer gertatzen da? Kreditu bat eskatzean, lehen urteetan interesak baino ez dira ordaintzen, baina bigarren edo hirugarren urtean kreditua itzultzen hasi behar duzu. Gure maileguekin, aldiz, hamar urte pasatu arte interesak bakarrik ordaintzen dituzu eta prestamo osoa hamargarren urtea bukatzean. Hori oso berezia da, normalean epe txikiagoak izaten baitira.
Zein da eskatzen duzuen interes minimo hori?
MIBORrraren %60 da interesa, enpresek hiruhilero ordaindu behar dutena. Mailegua eman eta hurrengo urteko ekainean balantzea egin eta horren arabera kontuak onartzen dira. Horretarako bezero bakoitzak irabazien eta galeren berri eman behar dio batzordeari, enpresaren etekinak ikusi eta interesak zenbatean igo behar duen zehazteko. Galerak izan badituzte, interesa ez da batere igotzen. Irabaziak izan badira, aldiz, irabazitakoaren araberako portzentaia izaten da interesari gehitzen zaiona.
Sekula ez da ordaindutako minimoa baino gehiago izango.
Zein da Luzaro mailegu elkartearentzat lan eremu aproposena?
Edozein enpresa txiki edo ertaini zuzenduta dago Luzaroren gestioa.
Enpresa berriak oso onak dira, eta hauentzat Luzaro oso aproposa da, gainera. Ideia ederrak baina dirurik ez badute, prestamoa jaso eta hamar urtetan itzuli behar ez izatea oso ona da. Tartean, minimoa baino ez digute eman behar. Halaber, Luzaro ez da enpresaren gestioan sartzen.
Enpresa zaharrei dagokienez, gure maileguak euskarri txikia izaten dira beraientzat, inbertsioren bat egin nahi badute ere.
Enpresak mailegua hartu dutela, zein aukera dute beste bat eskatzeko?
Epeak hain luzeak direnez, enpresaren berezko fondo gisa kontsideratzen dira maileguak. Enpresek beste prestamo bat eskatu nahi badute, entitateek badakite diru hori luzarorako dutela, laguntza berriak jasotzeko egoera hobetuz.
Zein motako inbertsioak estaltzen dituzue?
Oraintsu arte, duela bi urte egindako inbertsioak ere finantzatzen genituen. Orain, krisitik ateratzen ari garenez, soilik inbertsio berriak finantzatuko ditugu.
Zer interes-tipo darabilzue?
Tipo aldakorraa da, hau da, tipoak jaisten badira guk gutxiago kobratzen dugu.
Nola jokatzen du Luzarok?
600 milioiko kapitala du Luzarok, hamar mailegu emateko adina. Baina enpresa bati dirua ematen dion unean, entitateak diru kopuru bera Luzaroren kontuan sartzen du. Luzarok MIBORaren %60 kobratzen dio enpresari, baina entitateak MIBOR osoa kobratzen digu. Orduan, %40ko galeran geratuko ginateke, baina portzentaia hori Eusko Jaurlaritzak jartzen du, enpresei laguntzeko sistema gisa. Horrela Luzaro parean geratzen da beti eta ez du dirurik galtzen.
ZUAZABEITIA, Ainhara
18,19