argia.eus
INPRIMATU
"Ekonomi atzerakada emakumeen lorpen askoren galga izan da".
Xabier Letona Biteri @xletona 1995eko maiatzaren 21
Garapenean dauden herrietako emakumeen egoera
"Ekonomi atzerakada emakumeen lorpen askoren galga izan da".
Patricia Bifani, garapenean dauden herrietako emakumezkoaren ikertzai lea
Garapenean dauden herrialdeetako _batez ere Afrika_ emakumearen egoerari buruzko lan ugari egin ditu emakume honek. Txilen jaioa orain dela 52 urte, Psikologia eta Soziologia ikasketak eginak ditu, eta unibertsitate askotako irakaslea izan da; besteak beste Nairobikoan urte luzez. Txosten eta txosten artean, bost seme-alaba hazteko denbora ere atera du.
Bizi dugun mundu aldakorrean, Mendebaldean emakumezkoak aurrerapauso handiak eman ditu. Izan du honek islarik garapenean dauden herrialdeetan?
Mundu garatuan zein azpigaratuan lorpenak izan dira, baina ekonomi atzerakadak eragin txarra izan du, eta lorpenetan galerak eragin. Afrikan aurrerapenak izan dira baina galga Mundu Bankua eta FMIk ezarritako egiturazko planetatik dator. Lan munduan geldiune handia egon da, eta emakumearen lana egituratu gabeko lan esparrura bideratzen ari da: prestakuntzarik eskatzen ez duena, txarto ordaindua, kale salmenta, prostituzioa...
Garapenean dauden herrialdeetako emakume mugimenduek Mendebaldekoetara asko begiratzen al dute, ala euren bideak ezarri dituzte?
Begiratu bai, baina Menbebaldekoak ez dituzte, inolaz ere, eredu gisa hartzen. Garapenean dagoen mundu horretan txarto ikusten da herri garatuetan haiekiko dagoen aitatasun babesle hori. Aitatasun hau bere ereduak ezartzen saiatzen da eta garapenean dauden herrietako emakumearen oso iritzi estereotipatua du. Alderantzizkoa da, euren egoera eta ereduetan oinarritutako bideetatik jo gura dute, eta batzuetan hemendik hara begiratzen da.
Nola antolatzen da emakumezkoa, gerra, gosea, lehorteak eta antzerako arazo larriak dituzten gizarteetan?
Afrikan, batez ere arazo horiei guztiei aurre egiteko antolatzen dira. Adibidez, leku askotan emakumezkoak beren mailegu sistemak dauzkate, eta batzuetan oso indartsuak gainera: emakumeek dirua jartzen dute eta maileguak handik hartzen dira. Afrikako mendebaldean ezagunak dira mama benz emakumeak (Mercedesagatik) -Ghana, Senegal..._. Emakume oso aberatsak dira, era guztietako produktuak saltzen dituzte, baina hasierarako, sarritan euren artean egindako maileguekin _tontin deitzen zaio_ hasten dira. Baina hau ez da orokorra, noski; beste aldean ozta-ozta bizirauten duen emakumea dago, egunero hiltzen den emakumea. Garapenean dauden herrietan urtero milioi erdi emakume hiltzen da erditzearekin zerikusirik duten arazoengatik: txirotasuna, HIESa, prostituzioa...
Saharapeko zona askotan nekazari ekoizpenaren % 60tik % 80ra emakumeen besoetatik ateratzen da eta prestigio handia ere izan badu; nolaz du gero horren eragin txikia politika eta erabakien munduan?
Batetik emakume analfabetoak gizon analfabetoak baino askoz gehiago direlako; sistema koloniala ondo arduratu zen emakumezkoa baztertu eta gizonezkoari baino hezkuntza gutxiago emateaz. Horrez gain, Afrika, Asia bezala, oso patriarkala da. Esate baterako, Afrikako mendebaldeko gizarte batzuetan menopausia izaten zuen emakumezkoa ohoredun gizona bihurtzen zen. Orduan, jada, erabaki sistemaren prozesuan eragin handiagoa zuten lanetara pasatu zitezkeen. Dena den, Afrika beltzean emakumea oso autonomoa da eta herri mailan bileretan partehartze handia du.
Parte hartu bai baina erabaki gizonek?
Erabaki batzuk bai, beste batzuk ez. Emakumeek erabakitzen dute lurra nola erabili, zer landatu... Baina ez dira lurrarren jabe, gizonaren bidez heltzen da lurrera; hau dela eta aukerak murriztzen zaizkio, adibidez maileguak eskuratzeko.
Eta gizonezkoak, zer egiten du gizarte horietan?
Gizonezkoak soldatapeko lanetan jarduten du. Gizonezkoa, kolonialismoak hala gura izan zuelako, Afrikako soldatapeko lehenbiziko lan-eskua izan zen. Nekazari mundua emakumezkoari utzi zitzaion. Gizonezkoen migrazio handiak ezagutu ziren eta horren ondorioz emakumezkoen % 30 famili-burua da. Dena den, oso gauza orokorrak dira; han herri eta kultura asko daude.
Gaur egun lehengo egituretara itzuli gura da?
Egungo egoera oso iragankorra eta bikoitza da. Batetik, Mendebaldean emakumeak bere bizitza eta pertsonarekin egin gura duenari buruzko eredu ugari daude; baina bestetik, hor daude askatasuna kentzen dioten eragile tradizional ugari ere. Ez dut uste inork atzera egin gura duenik.
Egin al daiteke berba, bereizita, emakume afrikarraz, emakume asiarraz eta Latinoamerikakoaz?
Ez, izugarri kultura mordoa daude, eta Suedia eta Espainiako emakumeaz modu berean berba egitea legez litzateke. Egiten den akatsa da eta ez bakarrik hizketan, baita garapenerako planifikazio guneetan ere. Batzuetan egiten diren garapen proiektuak mesedegarriak baino kaltegarriak dira, eta hori gertatzen da herrien desberdintasun horiek kontuan hartzen ez direlako.
LETONA, Xabier
14-15

Gaiez\Gizartea\Sektore baz\Emakumea\Besteak
Pertsonaiaz\BIFANI1
Egileez\LETONA1\Gizartea