argia.eus
INPRIMATU
"Zintekin eta bakarrik ikasi nuen trikitixa".
2007ko otsailaren 21a
Kepa Junkerari elkarrizketa trikitixari buruz
"Zintekin eta bakarrik ikasi nuen trikitixa".
Kepa Junkera:
Zein eratara ikasi zenuen trikitixa?
Bilbon eta Bizkaian orokorrean bazen jende heldua erakusten, baina hutsunerik ere ez zen falta. Ez zen transmisiorik egon, Gipuzkoan egon den bezala. Beraz, zintekin ikasi nuen, autodidakta naiz. Ondoren, teknika propioa garatu dut. Denborarekin ohartu nintzen horrekin lan egitea posible zela.
Beste metodoak ez al zitzaizkizun egokiak iruditzen?
Aurrez aurrekoan ikaslea irakaslearen aurrean eseri eta bere mugimenduak errepikatzen ditu. Baina gerta daiteke etxera joan eta ez gogoratzea. Nire ustez paperean adierazi beharra dago. Martinek zenbakiekin landu zuen beste metodo bat, baina honetan musika ez zen isladatzen, neurketa... soilik zenbakiak daude.
Beraz, solfeoarekin lagundutako metodoan hasi nintzen. Lehenbizi melodiak transkribatu, eta gero zenbakiekin jarri, nik egindako sailkapenaren arabera. Metodo hau oso aproposa da, Bizkaian batez ere, jendea ez baitago erromerietara hain ohituta.
Orain urte batzuk gorakada izan zuten trikiti-eskolek. Nola ikusten duzu egoera egun?
Gorakada mantentzen delakoan nago. Musika orokorrean indartsu dabil, ia herri guztietan musika eskolak daude. Horrezaz gain, ohizko instrumentuez gain, jendeak beste instrumentu zenbait ikasteko gogoa du. Diziplina gutxigorekin agian, abesti batzuk jotzeko aukera eskaintzen dutenak.
Zer aholku ematen diezu zuregana hurbiltzen diren ikasleei?
Askotan trikitixa, pandereta, alboka eta honelako instrumentuez hitz egitean badirudi ez duzula sakrifikatu behar eta hor dator akatsa. Horixe esaten diet nire ikasleei: ondo ikastekotan etxean landu behar dela.
ARTOLA, Maite
46

Gaiez\Kultura\Musika\Musika trad\Trikitixa\Trikitilari\JUNKERA1
Pertsonaiaz\JUNKERA1