argia.eus
INPRIMATU
"Zazpiak bat" mezua musikaren bitartez gauzatzea lortu dut
1995eko maiatzaren 14a
Enrike Zelaiaren azken diska
"Zazpiak bat" mezua musikaren bitartez gauzatzea lortu dut
Enrike Zelaiak 18 urteotako lanari amaiera eman dio "Baxe Nabarra" diskoarekin
Euskal Herria aldenik alde ibili ondoren, herrialdez-herrialdeko folklorea zazpi diskotan bildu du Enrike Zelaiak. Elkar etxearekin kaleratu du azkena, «Baxe Nabarra». «Zazpiak Bat» bilduma osatu du: batasunaren mezua.
HITZ errazekoa duzu Enrike Zelaia, arrasto luzeko arrazoiak ematen dituena. Arrasto horiei jarraituz, euskal folklorearen eremu zabaletara eraman gaitu altsasuarrak, eta akordeoia lagun jaso dituen doinuetara. Azkenak Elkarrekin kaleratu duen «Baxe Nabarra» diskoan bildu ditu, eta modu honetan amaiera eman dio duela hemezortzi urte abiatu zuen «Zazpiak bat» bildumari. Euskal Herri osoa ibili du zeregin honetan, soinu handiaren botoietan zazpi herrialdeen batasunaren aldeko mezua sakatuz.
Erraz esaten dira hemezortzi urte. Zazpi disko kaleratzeko lain eman diote Enrike Zelaiari, Nafarroan hasi, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Zuberoa eta Lapurdin ibili, eta «Baxe Nabarra»raino. Herrialde bakoitzak ehundaka urtetan gorde dituen doinu esanguratsuenak aurki daitezke «Zazpiak bat» bilduman, eta hau guztiarengatik lan historikoa dela dio:
«Zentzu honetan egin den bakarra baita, ez Euskal Herrian, ezta Espainian ere ez da antzeko besterik egin».
Gidoi melodikoen datu bankua
BIDE beretik osatu ditu zazpi diskoak. Lekuan lekuko folklorearen arrastoetan arakatzea zen lehendabiziko lana,
«gidoi melodikoak direla, partiturak... gizarte jokaerari loturiko soinu orotaz jabetzea».
Batez beste 500en bat gidoi biltzen zitzaizkion herrialde bakoitzeko. Bi iturri nagusitatik edan du lan hau burutzeko orduan: R.M. Azkue eta Aita Donostia.
«Beraiek izan dira gure folklorearen inbestigatzaile handienak, eta eskerrak egin duten lanari, galduta genituen bestela gure altxorraren hamaika adibide».
Autore hauen lanetan aurkitu ez duena bere kabuz osatu du Enrike Zelaiak,
«dantza taldeekin, herriko taldeekin, adituekin... hitz eginez bete dut almazena»,
edo datu bankua, orain esaten denez. Hau guztiaren ondoren, entresaka egitea egokitzen zitzaion, hau da, 500 gidoietatik material esanguratsuena 45 minututan diskoratzeko irizpideak finkatzea.
«Beti ere, adituak diren sektore guztietara jo dut urrats hau eman aurretik, eta gero, kontuan hartu dut pieza bakoitzaren zabalkundea, politika, gizarte edo kultura mailan izan zezakeen oihartzuna, eta besterik».
Herrialde guztietan arazo berarekin egin du topo:
«Hainbat partitura esanguratsuri diskoan sartzeko forma ematea».
Nafarroan material ugarien
45 minutuk ez dute gehiagorako ematen, eta neurri horretara moldatu behar, nahiz eta aitortu digunez,
«Nafarroarekin bakarrik hamalau disko osa nitzakeen».
Material ugariena bertan jaso du:
«Beste herrialdeekiko diferentziak nabarmenak dira. Aro primitiboekin lotuago dago. XVIII. mendean, adibidez, beste lurraldeetan kultura bilakaera ematen da eta doinuen aldetik aberastasun gehiago aurki daiteke. Nafarroa, alderantziz, bere horretan geratzen da, erreserbetatik elikatzen».
Bakartuta egon direla dio Nafarroa, Zuberoa edo Nafarroa Beherea, eta besteak, kanpoko musika eraginarekin eta, aldatzen joan direla.
Nafarroan hasi eta Nafarroa Beherean amaitu du bira luzea Enrike Zelaiak, eta ez da kasualitatea izan.
«Nafarroatik abiatu, Euskal Herriari besarkada eskaini eta disko honekin bukatu nahi bainuen bilduma».
Eta pieza oso berezi bat gorde du gainera, okasiorako: Nafarroako himno nazionala, joan den mende hasieran Walkinson ingelesak partitura batean argitaratu eta, Bernardo Estornes Lasak helarazi diona.
«Lehen diskoan Nafarroako Gorteetako himnoa, ofiziala dena, sartu nuen. Bizkaiari zegokion diskoan berriz, `Gora ta gora'. Azkenekoan honi heldu diot, gure historiaren aparteko testigantza delakoan».
Izan ere, Enrike Zelaiak ikuspegi guztiei loturiko doinuak jaso ditu diskootan, baita politikoak ere.
Herriaren izpiritua gogoraraziz
BAKARRIK egin du bidaia osoa altsasuarrak, lanaren zama inorekin banatu gabe.
«Erosoagoa zitekeen datu bankua osatzeko eta, ekipoekin kontatzea, baina ez hain aberasgarria, batetik bestera ibiltzeak herri honen mamiaz jabetzeko aukera eskaini dit eta».
Horretan datza, hain zuzen ere, obra honen ekarpen nagusia, Enrikek azpimarratu nahi izan duenez:
«Herri mailako musika kultura jaso nahi duen zerbitzaritzat dut neure burua, eta zerbitzu hori eskaintzera jo dut bilduma honetan, oinarrietan arakatu eta herriaren izpiritua hilezkorra dela adieraziz, eta era berean, Euskal Herriaren batasunaren aldeko mezua zabalduz. `Zazpiak Bat' mezua musikaren bitartez gauzatu dut; politikari askok egin ez dutena akordeoi batekin lortu dut».
Hau guztia erakusteko eta zabaltzeko baliatzen duela musika gaineratu digu,
«akordeoia ez da soilik fandagoak eta arin-arinak jotzeko... Herriarekin harremanetan jartzeko astintzen dut nik, nondik gatozen, zer garen eta gure erroak non dauden adierazteko. Hori da niretzat garrantzitsuena»,
eta «Zazpiak Bat» bere bizitzako emaitza kuttunena bihurtu duena, erabateko ziurtasunez aipatu digunez.
Elkarrizketaren pasarte honetan berotu ere egin zaio eztarria, azaldu digun arrastoa, bere garrantziagatik, bete-betean harrapatuko dugula ziurtatu nahian.
«Jendeak herria maitatzeko ezagutu egin behar du aurretik, eta horretarako aukera izango du lan honekin».
«Baliagarria izan dadin nahi dut»
KEZKARIK ere agertzen du ordea, egindakoak eta gero, bildumaren aurrean antzeman dituen jarrerak epaitzerakoan, artistaren itzala lanarena baino gehiago baloratzen den susmoa baitu:
«Gehiago entzuten da nire izena obra baino: `Hor jarraitzen Enrike Zelaiak hogeita hamar urte jotzen...' Egia da itzalik gabe obra ez litzatekeela zabalduko, baina garrantzitsuena ez da Enrike Zelaia, egiten duena baino, eta egun badirudi, jasotzen ditudan inpresioen arabera diot, errentak jasotzetik bizi naizela. Ez da horrela eta burutu dudan lana baliagarri izan dadin nahi dut».
Argi eta garbi esan dizkigu hauek ere.
Ez dauka noski, erretiratzeko asmorik, ezta hurrik eman ere. Donostian harrapatu genuen guk, diskoaren berri zabaltzen. Batetik bestera, urteotan legez. Saioak eskaintzeko prest du akordeoia. Azken diskoa bereziki zaindu du gainera, armonizazioei dagokienez eta, taulatu gaineko emanaldietara ahalik eta zuzenen egokitzeko. Proiektu berriak ere baditu besapean, «bat, bi... asko» aitatu digunez. Urte bukaera aldera grabatu nahi du hurrengo lana:
«Agian herriari ez zaio interesatuko nik eskaintzen diodana, baina niri asko interesatzen zait herria».
PETRIKORENA, J.J.
57-58,59

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakELAIA1
PertsonaiazELAIA1
EgileezPETRIKOREN1Kultura