"Talde historikoek lan izugarria egin beharko dute tokia hartzeko".
1995eko apirilaren 30
Xabier Saldiasek diska berri bat kaleratu du"Egan Berria"taldearekin
"Talde historikoek lan izugarria egin beharko dute tokia hartzeko".
Xabier Saldiasek lehen diskoa plazaratu du Egan Berria taldearekin
Kasik mende laurdena Egan taldean aritu eta gero, zerotik hasi dela berriro aitatu digu Xabier Saldiasek, talde berria sortu, eta gazteez inguraturik. Maiatzean kaleratuko dute bataio-diskoa: «Egan Berria». Estudioko lanak bukatu berri dituztela, egindakoaz aritu zaigu.
25 urte betetzear zaude musika munduan. Egan taldearekin zilarrezko ezteiak ospatzeko orduan, baina, dibortzioa gertatu zen. Nola osatu duzu familia berria?
Elkarrekin jarraitzea nahi nuen, baina Trabuko egitea erabaki zutenez, bi aukera nituen: etxean geratu edo neure bideari heltzea. Ez ditut alferrik pasatu 24 urte musika munduan, eta berriro hastea pentsatu nuen.
Osatu dudan taldean, berriz, bi eratara joka nezakeen: nire izena aprobetxatu eta denak nire inguruan hartuz, edo apustua eginez. Taldekideak oso gai direla ikusi dut, ordea, bakoitza bere instrumentuarekin maisua dela, eta ni zentroa izan beharrean guztiek berea jarri dute lan honetan.
Aurkez iezazkiguzu aukeratu dituzun `ezkontideak'.
Oinarrizko taldea lehen Ostadarren zeudenek osatzen dute: David Redondo, Carlos Domeño eta Jorge Gonzalezek. «Queen omenduz» diskoa grabatzen lagundu zidaten aurretik, eta hor ezagutu nituen. Horiekin batera, Joxe Jabier Mendizabal eta Karlos Aranzegi, Xaximiku taldean aritutakoak, hartu ditut. Bi belaunaldi batera gaude. 44 urterekin, guztien aitona ematen dut taldean; gure ahaleginak uztartzen asmatuko ahal dugu!
Egan Berria izena jarri diozue taldeari.
Beti Egan izan naiz eta ez daukat izena uzteko inongo asmorik. Bestetik, lehengo taldetik bereizi nahi nuen proiektu hau, eta abesti propioak eginez bide berri bati heldu diogula adierazi. Guztion artean sortu ditugu piezak eta lehen diskoari taldearen izena jarri diogu.
Abesti propioak egin dituzuela diozu; estiloari dagokionez, ohizko doinuei heldu al diezue?
Dantzarako taldea gara, eta dantza mota ia gehienak hartu ditugu. Gauza berriekin ere ausartu gara. Joseluk rancherak ekarri zizkigun, salsa ere gureganatu dugu, reggae-a... denborarekin estilo guztiak onartzen ari gara. Guk beste urrats bati heldu diogu, beti txantxa edota burla gisa abestu izan den rumba txukun euskaratzeko aproposa dela erakutsiz. Honen lekukoa da «Gaztedi berria» abestia, eta bertan, gaur egungo gazteriak dena onartzen duela eta ez garela Euskal Herrikoak bakarrik, mundukoak baino, adierazten dugu.
Hamar kantu izango dira, luze samarrak, eta letrak ere gureak dira; nik zazpi egin ditut. «Joxemielen batela» talde berriaren inguruan mintzo da: «Joxemielen batela, txitxarroa eta berdela/ disko honetan ikusiko duzu oraindik Egan badela/ urtez urte ibili gara edukiz kriston kartela/ batzuk joan ziren besteak etorri/ mantenduko da batela». Aita hil zait oraintxe eta hari eskaini diot beste kantua, Davidek berriz, andregaiari...
Doinu komertzialak izan ohi dira sarritan plazataldeek jotzen dituztenak. Nola erreparatu diozue komertzialtasunari diskoan?
Oraingo taldekideak gazteak dira eta komertzialtasunaz ez dute ulertzen, askoz ere puruagoak dira, gustuko musika egiten dute. Disko honetan nire komertzialtasun ukitua eta haien purutasuna nahastu ditugu, erdiz-erdi. Denetarik aurki daiteke: fandangoa, jazz doinuko saxofoiaz, Carlos Vivesen moduko ballenato bat, Ostadarrekoei beren adrenalina hustutzen ere utzi diet, rockaren bidez, folk kantarik badago, biolinarekin, koruak... Hain denbora gutxian, lau hilabetetan taldea sortu eta diskoa egin dugu, nahikoa saltsatan sartu gara.
21 egun egin dituzue diskoa grabatzen, normalean gutxiago egiten direnean, eta teknikaria berriz, Daniel Lazerus amerikarra izan da. Oso arreta berezia eskaini diozue, beraz, lanari.
IZk apustu handia egin du gurekin. Bitarteko guztiak eta nahi adina denbora eskaini digu. Daniel Lazerus teknikariari ordea, oso gutxi iruditu zaio. Izan ere, Ameriketan sei edo zazpi hilabete pasatzen dituzte grabazio lanetan, eta hemen, gauez eta 21 egunez grabatu beharrak hamaika burukomin ekarri dizkio. Kosta egiten zitzaion gure martxa ulertzea. Hala ere, efektoak erabiltzeko orduan eta, egundoko lana egin du.
Aurreko urteetan erdietsitako arrakasta berdintzeko moduan ikusten al duzu zure burua?
24 urtetan Eganen hainbeste lan eginez arrakasta izan badut, orain, hain musiko onak ditudala, ziurtatuta dago ez duguna atzera egingo.
Plaza saioetako krisiak harrapatu al zaituzte?
Jende gaztea oso rock zalea ikusten da, baina gero kontzertu bat jarri eta apenas hurbiltzen da jenderik. Plazatan berriz, mordoa biltzen da. Garaiak oso ezberdinak dira, hala ere; lehen oso talde gutxi zeuden, baina egun Eganen mitoa apurtu egin da eta denok borrokatu behar dugu tokia hartzeko. Talde berriak sortzen ari dira, ez nolanahikoak gainera, Izotzek adibidez, disko zoragarria egin du... zeinek irtengo duen aurrera? Agudezia eta txispa gehien duenak. Lehengo talde historikoek lan izugarria egin beharko dute.
Saioei dagokienez, gero eta gutxiago egiten dira negu partean, bukatu dira ostiraletik igandera bitartekoak, larunbatetan bakarrik antolatzen dira kontzertuak. Udan nahiko lan badago, hor dago pagotxa. Garai bateko martxarekin alderatuta, hala ere, guztiz aldatu dira kontuak.
Disko ugari ateratzen ari dira azkenaldion, eta denetarik; orokorrean nola ikusten duzu musika mundua?
Taldean ditudanek musika klaseak hartu eta ematen dituzte, irakasle eta ikasle dira. Gureaz gain, egundoko prestaketa antzematen da edozein taldetan. Ez da garai baterako txunba-txunba... horrekin ez da inor konformatzen. Gero eta jende gehiago ari da honetan, gero eta gehiago eskatzen da gainera; ez da edozein kantu onartzen, maila bat eman behar da.
PETRIKORENA, J.J.
37-39
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakEGAN BERRIA
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakSALDIAS1
PertsonaiazSALDIAS1
EgileezPETRIKOREN1Kultura