argia.eus
INPRIMATU
Maddalen Iriarte: "Irratia telebistaratu nahi izan dugu".
1995eko apirilaren 30
Maddalen Iriarte, "Euskadi Zuzenean" saioaren aurkezlea
Maddalen Iriarte: "Irratia telebistaratu nahi izan dugu".
Maddalen Iriarterena aurpegi ezaguna dugu ETBren ikusleok. Mota desberdinetako saioetan ikusi izan dugu eta orain Andoni Aizpururekin batera «Euskadi Zuzenean» aurkezten du. Elkarrizketak, musika, artea, Euskal Herriari buruzko gaiak..., zuzeneko konexioak falta baditu ere, denetarik dauka goizeko saio honek.
Zein gai jorratzen ditu «Euskadi Zuzenean»ek?
Gertu gertatzen diren eta albistegi nagusietan normalean lekurik ez daukaten gaiak ahalik eta modu erraz eta freskoenean ematen saiatzen gara. Lurralde guztietako beste mota bateko gaiak sartu nahi ditugu.
ETBn emandako murrizketek zein eragin izan dute zuenean?
Lehen egunero unitate mugikorrarekin zuzeneko bat egitera irteten ginen eta orain zuzeneko hori ez dago, eta hala esaten dugu. Eguneko gai bat aukeratzen dugu eta zuzeneko itxuraz egiten dugu, baina sekula ez zuzenekoa dela esanez. Baina elkarrizketak, musika... zuzenean egiten ditugu.
Medio honek duen baliabideetariko bat zuzenean konektatu ahal izatea da, irratia baino askoz geldoagoa da zentzu honetan eta zuzenean konektatuz azkartasuna eta bizitasuna ematen da.
Zer lortu nahi duzue zuen saioarekin?
Albistegi nagusietan lekurik ez duten albisteen tartea da, neurri batean. «Euskadi Zuzenean» diseinatu genuenean irratia telebistaratu nahi izan genuen. Hau oso zaila da, telebista irratia baino medio askoz ere geldoagoa delako, gainera ez da nahikoa albiste bat hitzez esatea, irudiaren laguntza behar du. Guk inguruko albisteetara ahalik eta azkarren iristea nahi izan genuen, formula desberdinak erabiliz, goiz tankerako irrati kutsua izango lukeen programa eginaz.
Udazkean zer egitea gustatuko litzaizuke?
Ez nuke «Gaur egun»en haria galdu nahi. Gure saioa amaitu eta «Gaur Egun» jarraian egoteak nolabaiteko batasuna ematen dio goizeko informazio saioari. Udazkenera begira hau osatu, hobetu nahi nuke, baina orain bezala integratua izango lukeen albistegi luzeago bat osatuz.
GERRA, Ainhoa
49

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazIRIARTE3
EgileezGERRA1Komunikabid