argia.eus
INPRIMATU
"Gure iraganaz aberastuagatik ere etorkizunari begira gaude".
2021eko uztailaren 19a
Sokoa enpresari buruzko erreportaia
"Gure iraganaz aberastuagatik ere etorkizunari begira gaude".
Gilles Chaudiere, Sokoako langile-arduraduna
Gilles Chaudiere langile-arduraduna dugu Sokoa enpresan. Sozietate honek hazkunde erraldoia ezagutu du azken urte hauetan. 1993an 90 langile zituenak 126 ditu gaur egun. Hala ere, arrakastak beldur piska bat ematen diola adierazi du Chaudierek. Iaz sortu zen Sofikoa finantza sozietatea dugu enpresa hendaiarraren azken berrikuntza.
Sokoak oso hazkunde azkarra ezagutu du azken urte hauetan. Non dago, zure ustez, Sokoaren sekretua?
Ez dut maite hitz hori. Lehenik, adierazi nahi dut apaltasuna beharrezkoa dela. Asko hitz egiten da Sokoari buruz, ondo dabilen enpresa bakarra garela esaten da. Baina arrakasta honek beldur pixka bat ematen dit. Gu zerbait egiten saiatzen gara, baina horrek ez du esan nahi Sokoak leihoak ireki behar dizkionik Hendaia, Iparralde edo Europa osoari gugandik ikas dezaten. Konturatu behar dugu bihar porrot egin genezakela.
Dena den, langile-arduradun gisa, uste dut Sokoaren indar nagusia enpresaren inguruan mugimenduan dagoen munduari egokitzen jakitean datzala. Mundua aldatzen da Sokoaren inguruan eta beraz Sokoak ere aldatu beharra du. Horregatik, Sokoak, Euskal Herrian lanpostuak sortzea eta gure eskualdearen etorkizuna gure eskuetan hartzea diren hasierako baloreei uko egin gabe, aldaketa handiak ezagutu ditu. Gure iraganaz aberasten bagara ere, etorkizunari begira gaude. Bere ingurumenari egokitzeko duen borondatea dela eta, gaurko Sokoa ez da orain 5 urteko Sokoa edo 2000. urtekoa ere.
Sokoaren jarduera bulegoko aulkien produkzioan kokatzen da. Zein da merkatu honen bilakaera azken aldiotan?
Merkatu honek krisia nozitu du 90eko hamarkadaz geroztik eta bereziki egun. Frantzian eta Espainian %35eko beherakada eman da aulkien esparruan 91tik. Bestela, merkatu erakargarri batean gaude, zerbitzu sektorea zabaltzen baita eta horrekin batera bulegoko aulkien beharra.
Zer esan dezakezu Sofikoari buruz?
Sofikoa holding bat da, Sokoaren kanpo hazkundea kudeatzeko bitartekoa. Euskal Herritik kanpoko garapenak eztabaidak eragin ditu. Baina honek ez du ezertan aldatzen Euskal Herrian lanpostuak sortzea den gure nahia. Sofikoa eraikitzean, gureak ez diren esparru eta merkatuetan sartu eta gure kanpoko irudi komertziala indartu nahi dugu. Sofikoak beste bitarteko berriak ematen dizkio Sokoari.
Estrategia hau ez al doa Sokoaren hasierako filosofiaren kontra?
Uste dut ezetz eta akziodunen gehiengoak ere honela uste du. Honek ez du aldatu gure eguneroko bizitza. Fabrikazio zuzendariak Baumann enpresara joan dira esperientziak elkar trukatzeko besteak beste, baina ez da iraultzarik eman. Honek guztiak ez du eraginik izan gure eguneroko jardueran.
SEI enpresaren porrotak ez al du ondoriorik izan Sokoaren gestioan?
Horrek pena eman digu batipat, baina beste motibapena ere eman digu. Konturatzen gara aintza laburra dela eta edozein unetan atzerabidean eror gaitezkeela. SEIren esperientziak irakatsi digu kontuz ibili behar dugula enpresaren gestioarekin.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira Sokoaren proiektuak?
Bost proiektu nagusi daude 1995 eta 1996an. Epe motzean, kalitate plan zabala eraman behar dugu aurrera. Bigarrenik, formakuntza plana ere badugu. Formakuntza plan honen bidez, Sokoan sartu berria den langilea `sokotar' ona bilakatzea nahi dugu. Erran nahi baita langile berriak ondo formatua izan behar duela egiten duen produkturako. Langileak «langilearen filosofiaz» jabetu behar du. Informazioa ere jaso behar du bere lanaren inguruan gertatzen den oro jakin dezan.
Laster hasiko den lantegiaren zabalkuntza dugu beste proiektu bat. Zabalkuntza hau hirugarrena izango da 1988tik. Laugarren proiektua produkzio txartelen informatizazioa da, ekoizten ditugun produktuen identifikazioa bermatuko duena.
Azkenengo puntu aipagarria akziodunak eta enpresaren arteko komunikazioari dagokio. Sokoa gero eta handiagoa bilakatzen den une honetan, zenbait akziodun galduta senti daitezke. Komunikazio lan horretan ahalegin handiak beharrezkoak dira.
Horretarako, Soko Moko gure aldizkaria gero eta txukunago egiten saiatzen gara. Helburu honekin irailean Parisko profesionari arteko erakusketa batera joateko asmoa dugu bai langileak, bai akziodunak. Gure ateak zabaldu dizkiegu akziodunei eguneroko gure errealitatetik hurbilago senti daitezen.
Eman al dezakezu Sokoari buruzko zure iritzia?
Nahi nuke Sokoan hobekuntza bat ematea giza harremanei dagokienez. Alegia, estres eta presio gutxiago izatea lan egiteko orduan. Agian badago gure enpresan arrakasta ekonomikoak inposatzen digun hoztasun bat. Uste dut zerbait galdu dugula gure harremanetan eta berreskuratu behar dugu.
DEL CURA, Joxe Joakin
18,19

GaiezEkonomiaIndustriaBesteak
PertsonaiazCHAUDIERE1
EgileezDEL CURA1Ekonomia