argia.eus
INPRIMATU
"Ondasunean zati bat dibisetan inbertituta eduki behar da".
2007ko otsailaren 21a
Alberto Matilla, burtsa asesoreari elkarrizketa
"Ondasunean zati bat dibisetan inbertituta eduki behar da".
Alberto Matilla, AB Asesores Norteko burtsa asesorea
Norbaitek inbertsioren bat egiteko asmoa izanez gero beharko lituzkeen aholkuen bila jo dugu burtsa aholkulari honengana. 1.000.000 pezeta (40.000 libera) izanez gero eta diru kopuru hori duen pertsona baten ikuspuntutik abiatuta, aholkua eta egungo egoeraren azterketaren eske jo dugu Alberto Matillarengana. Hizpide izan ditugu joan den apiriletik hona inbertsiorik egin nahi dutenek kontuan hartu behar dituzten diru merkatuaren ezaugarriak, dibisen egoera eta hauei buruzko aholkuak, pentsio eta prebisio fondoak eta Altxor Publikoa, besteak beste.
Iazko apiriletik honantz zein dira inbertsio bat egin nahi duenari aldatu zaizkion oinarrizko datuak?
Epe motzeko interes tipotan igoera egon da. Altxor Publikoan interes tipoak %10etik gora igo dira azken enkanteetan. Euskobonoetan apurka interes tipoak igotzen joan dira. Bestalde, Moneta Aktiboen Inbertsio Fondoek (FIAM), epe motzera inbertitzean eta epe motzeko interes tipoak igotzean, euren errentabilitatea hobetu dute.
Azkenaldian fondo garantizatuak jarri dira modan. Hauen abantaila da fondook epe jakin batean egin daitezkeela errentabilitate garantizatu batzuekin: ez duzu kapitala galtzen.
Moneta ezberdinek darabiltzaten bideak ikusita, zein dibisetan inbertituko zenuke gaur?
Normalean ez dugu dibisa bat aukeratzen, dibisa talde bat baino. Hain zuzen, dibisetan eginiko inbertsio fondo bat kaleratzea pentsatzen ari gara, soilik dibisen gordailuetan inbertitzen duena.
Beti ekonomia garatua duten herrialdeen dibisetan inbertitzeko gomendatzen dugu. Une honetan guk daukagun dibisa taldea, Europako Batasunaren eremuan, markoak, suitzar frankoak, Frantziako liberak, Danimarkako koronak... osatzen dute. Ikusten denez, moneta indartsuak dira, markoaren eremukoak. Beste eremu ekonomikoetan, amerikar dolarra, yena..., dolarraren eremuko monetak.
Pentsio eta prebisio fondoak daude indarrean. Ongi aukeratzeko aholku batzuk emaizkiguzu.
Pentsio fondoek daukaten tratamendu fiskala ikusita, jendeak horretara tratamendu positiboa izan dezakeena bidera dezala. Mugei buruz ari naiz. Tontakeria da mugen gainetik joatea. Daukan tratamendu fiskala luzera ordaindu egiten da. Aurrezteko diru gehiago baldin badauka, baztertzaileak ez diren beste aktibo batzuk badaude: inbertsio fondoak...
Mundu guztia mintzo da zor publikoaren kontra. Baina ez al dira inbertsiorik seguruenak administrazioaren zor jaulkipenak?
Dirua berreskuratzeko segurtasunari dagokionez, bai. Zor publikoan kapitalaren berreskurapena seguruagoa da. Ahalik eta garantia gehien eskaintzen duten aktiboetan inbertitzen saiatu behar da. Segurtasunaren beste alderdia, inbertsio bat egiten denean dauden usteak eta itxaropenak beteko direneko segurtasuna da.
Erresuma Batuko Barings Bank-ekin gertatu denak jende asko aztoratu du. Espekulazioak hartu duen abiadurarekin, zein ziurtasun dauka inbertsoreak gaur?
Barings Bank-en lur-jotzea deribatuen merkatuan oso egokia ez zen kobertura baten ondorioz gertatu da, oso espekulatiboak baitziren. Deribatuen merkatuak oso teknikoak dira, eta kobertura bezala erabili behar dira. Karteren gestioaren, inbertsio fondoen, baloreen karteren, errenta finkoko karteren... kobertura gisa tresna bikainak dira. Gertatzen dena da espekulazioaren bidetik erabili direla. Benetako profesionalen merkatuak dira horiek.
Atzerrian inbertitzeko aholkurik ematen al duzu?
Europako Batasuneko herritar guztiak hel daitezke kapitalen merkatuetara, kapitalaren mugimendurako aske dira. Baina argi dago ondasunaren zati bat dibisetan inbertituta eduki behar dela.
ERASUN,Arantxa / JAUREGI, Mikel
32-33


Gaiez\Ekonomia\Burtsa
Pertsonaiaz\MATILLA1
Egileez\JAUREGI5\Ekonomia
Egileez\ERASUN2\Ekonomia