argia.eus
INPRIMATU
"Orain Marokkon, eta urrirako Egipton ere lantegia jarriko dugu".
Xabier Letona Biteri @xletona 1995eko apirilaren 02a
Iñaki Belategi, Fagor-eko gerenteari elkarrizketa
"Orain Marokkon, eta urrirako Egipton ere lantegia jarriko dugu".
Iñaki Belategi, Fagor Elektrogailuak-eko gerentea
Duela 42 urte urte Eibarren jaio zen baina azken 17 urteak Arrasaten bizi izan ditu Iñaki Belategik. Aretxabaletako Coprecin ekin zion Arrasateko kooperatiben munduan eta Fagor Altzariak-eko gerentea ere izan da. Fagor Elektrogailuaken internazionalizazio prozesuaz jardun dugu.
Noizko zabalduko duzue Marokkoko lantegia?
Apirilean jada muntaia lanean izango da eta inaugurazioa geroxeago egingo den arren, maiatzean ekoizpen normalizatua izango du. Ehun bat langile izango ditu eta helburua urtean 80.000 hozkailu egitea da.
Hozkailuak egiteko, zer dela eta horren urruti joatea?
Garrantzitsuena ez da hozkailuak egitea marka lantzea baizik, bai Marokko eta batez ere Magreb osoan. Areago, funtsean Afrika osoan marka lantzeko neurria da, Marokkon hasi eta Hego Afrikaraino heltzeko. Herri hauetan arantzel oso handiak daude _Marokkon adibidez % 80ra ere irits daiteke_ eta hemendik hara sartzeko oso garesti ateratzen da. Beraz, han zabaltzeko produktua han egin behar da.
Ekialde erdian ere zerbait egitekotan ari zarete?
Urrirako Egipton ere beste lantegi bat martxan izango da, Marokkoko lantegiaren ezaugarri beretsuekin.
Hau guztia Fagorren internazionalizatze prozesuan kokatzen da, azal dezakezu planaren nondik norakoa?
Bi eratako merkatuak daude: helduak eta herri azpigaratuetakoak. Helduetan, Europa eta Estatu Batuetako modukoak izango lirateke, horiek lantzen ditugu baina orain gure erronka besteak dira. Munduan bost bloke bereizi ditugu horretarako. Bat Europako ekialdea da, Polonia, Txekar Errepublika... gero eta gehiago Alemaniaren koloniak, eta honetan salmenta bulegoak jarriko ditugu, Arrasaten bertan ekoiztutako produktuak han saltzeko.
Hego eta Ertamerika dira bigarren bloke bat, eta hemen hiru zati bereizten ditugu: Mexiko eta Ertamerika, hauetan batez ere Iparramerikako elektrogailuak sartzen dira eta guretzat merkatu zailagoa da, besteak beste elektrogailu mota desberdinak direlako; Kolonbia, Peru, Ekuador eta Venezuelak beste bloke bat osatzen dute, hauetan gehiago sar gaitezke, gutxi gorabehera elektrogailuen erdia europarren tankerakoa baita. Baina gure benetako blokea Argentina, Brasil, Uruguay eta Paraguayk osatzen duten Mercosur da.
Asia falta zaizu.
Hemen hiru ardatz nagusiren inguruan mugituko gara: bat India, 800 milioi pertsonako merkatua, 600 milioi gosez; baina beste 200 milioiren artean sal daitezke gure produktuak. Gorantz doan beste zona bat Asiako hegoekialdea da, Taiwan, Hong Kong, Singapur, Thailandia... hauek oso lehiakorrak dira, baina hemen produktuaz dugun ezagutzaz baliatu behar dugu eta gure teknologiaz, ikerketa eta garapena deitzen denaz alegia. Azkenik Txina dago, merkatu izugarri erraldoia, hemendik unitate bat moduan ikusten dena, baina bertatik Txina ezberdin asko erakusten dituena.
Zeintzuk dira internazionalizatzearen helburua zehatzak?
Zenbakiak oraindik aztertzen ari gara baina gaur egun % 20 esportatzen badugu _batez ere Europan_, hemendik bost urtera kopuru hori bikoiztea gurako genuke. Bizi dugun ekonomiaren globalizazioarekin esportazioaren kontzeptua txiki geratzen ari da. Gero eta gehiago, kanpoan saltzekoa kanpoan egiteko joera dago. Horrez gain, debaluazioarekin kontuz ibili behar da, epe laburrera onuragarria delako baina kostoetan, gerora, ordainagiria pasatzen duelako.
Herri hauetako egoera ekonomiko-politiko zehatzak ere kontuan hartu beharko dituzue. Nola egiten dituzue azterketa hauek?
Bertara joanda. Baina horrez gain, Eusko Jaurlaritzak ikasle bekadunak mundu osoan banatuta dauzka eta hauek ere guretzat baliagarriak diren azterketak eta ikerketak egiten dituzte.
Marokkora itzuliz, zer eskaintzen du herri honek bertan inbertitzeko?
Hau argi utzi gura dut: guk ez dugu jarriko lantegia Marokkon deslokalizazioagatik, hau da, han hemen baino baldintza merkeagoak dauzkagulako, merkatu hartan gure marka sartzeko baizik. Batzuek pentsatzen dute lantegiak han jarriz hemen ez direla lanpostuak sortzen, baina gure benetako helburua lanpostuak hemen sortzea da, aberastasun soziala hemen egitea. Mundu osoan sare bat egiten baduzu ikerketa eta garapen guztia hemendik sortzen da, eta beraz eremu horretan lanpostuak sortzen dira. Baina garrantzitsuena da honek lehiakortasuna handitzen duela eta epe luzera egonkortasuna.
LETONA, Xabier
Belategik dioenez, Fagor Elektragailuak-ek bost urtetan atzerriko salmentak bikoiztu gura ditu.
18,19

GaiezEkonomiaIndustriaBesteak
PertsonaiazBELATEGI1
EgileezLETONA1Ekonomia