"Euskal Herriko selekziorik balego, Espainiakoari irabaziko lioke"


1995eko martxoaren 19an
Abraham Olanori elkarrizketa bere ibilbideaz eta denboraldiaz
"Euskal Herriko selekziorik balego, Espainiakoari irabaziko lioke"
Denboraldi hasieran izan gara Abraham Olano anoetarrarekin. Asturiasen irabazi, Tourrean eta Munduko txapelketan lan ona egin, Espainiako bi txapelke- ta eskuratu iaz... Karmele Zubillaga eta «Motz» zakurrarekin bizi da Altzon.
Konta iezaguzu nola hasi zinen txirrindularitzan eta orain arte egin duzun ibilbidea.
Tolosako eskolarteko olinpiadetan izan zen lehen karrera, Tolosa eta Anoeta arteko errepidean, 9 urterekin, eta irabazi egin genuen. Aurreko urtean anaia atera eta hirugarren gelditu zen. Animatu egin nintzen. Gustatu egin zitzaidan eta benjaminetan hasi eta maila guztiak pasatu genituen. Gure anaia Andoni (orain Euskadi taldeko masajista da) eta aita afizionatuetan ibiliak dira. Aita Oriako txirrindulari eskolako lehendakaria da orain. Berarengandik jaso nuen zaletasuna. Jubeniletara arte eskola horretan aritu nintzen. Afizionatuetan Kaiku-Gurelesa, Espainiako selekzioa eta AVSA taldeak ezagutu nituen.
Profesionaletan CHCS taldearekin hasi nintzen, baina desagertu egin zen eta afizionatuetara itzuli nintzen Kaikurekin. Lasterketa batzuk egin eta denboraldi berean profesionaletan bukatu nuen Lotusekin. Hurrengo urtean Clas-Cajasturrera pasa nintzen, iaz Mapei-Clas deitu zena eta aurten Mapei-GB, erabat italiarra. Aurten laugarren denboraldia hasiko dut profesional gisa, baina lehenengo hura erdizka ibili nintzen afizionatuetan eta profesionaletan.
Iaz denboraldi ederra egin zenuen, baina bukaeran, Catalunyako Voltan, positibo eman zenuen dopin analisian.
Denboraldia gaindituta nuenean izan zen. Positibo ematea kolpe handia izan zen. Ez positibo ematea, zeozer hartuz gero, arriskatu eta onartu egiten baituzu, okerrena da ez dakidala zer hartu nuen positiboa emateko. Gaixo nengoen eta Frenadol hartu nuen. Hori ez bada, ez dakit zer izan daitekeen. Hori da gure buruhaustea: ez jakitea zer izan zen, orain kristoren beldurra daukat ez dakidalako zer izan zen eta berriro emateko aukera hor dagoelako.
Taldeko sendagileek zer esan zizuten?
Gaixo baldin bazaude ezin duzu korritu, zerbait hartuz gero positibo ematen duzulako. Sendagileari esan nion Frenadol hartu nuela eta lasai egoteko esan zidan, gorputzak asimilatuta edukiko zuela. Baina ez dakit zer gertatu zen. Ez naiz medikua, baina kontrola oso zorrotza izaten da, amarrurik ezin daiteke egin, zeozer hartzen baduzu azaldu egiten delako. Beti esaten da zientzia araudiaren aurretik doala eta kirol batzuetan tranpak egiten direla, baina gure kasuan behintzat ez.
Zer moduzko prestakuntza egin duzu denboraldi honetarako?
Lehen Iñaki Arratibel sendagile tolosarrarekin aritzen nintzen. Orain Michele Ferrari italiarrarekin hasi naiz eta San Diegon (Kalifornia) 26 egun pasatu ditut test batzuk eginez. Nola entrenatzen dudan, entrenamenduak nola asimilatzen ditudan ikusteko eta ni aztertzeko aukera izan du. Batzuek entrenamendu gutxirekin errendimendu gehiago ateratzen dute, beste batzuek gehiago entrenatu behar dugu, gure gorputz-egitura eta gure entrenatzeko modua desberdina da. Entrenamendu normala izan da, etxekoa bezala, errepidean ibili eta astean bi egun edo gimnasia. Baina han eguraldiaren abantaila dugu. Talde desberdinetako hamar txirrindulari izan gara: Rominger, Cipollini, Berzin, Konixev, Lelli... Nire lehenengo aldia zen. Elite horretan sartu nahiko nuke.
Badirudi denboraldi hasieran italiarrak oso indartsu dabiltzala.
Italiar asko dago, normalean esprinterrek hasiera indartsua egiten dute Girora begira, bere helburua hori delako. Lehen entrenatzera etortzen ziren, baina gaur egun gehienak lehiatzera etortzen dira.
Denboraldi honetan zein izango dira zure egutegiko une onenak?
Sasoi ona izan nahi dut Euskal Herriko Itzulian, %95ean ibili nahi dut. Gero atsedena nahi dut, lasterketak utzi gabe, Tourrerako berriro ondo egoteko, eta azkenik Espainiako Itzulirako punturik hoberenean aritu nahi dut. Aurten denboraldi bukaeran izanik, zaila izango da, baina hori guztion arazoa izango da.
Normalean betetzen al dira denboraldi hasierako aurrikuspen horiek?
Zuk betetzen dituzu. Gero, emaitzena beste kontu bat da. Gaixotasunak eta erorketak ezin daitezke aurrikusi.
Iaz bete al ziren?
Ondo ibili nintzen, baina ez nuen egutegirik egin. Hori taldeko bost txirrindularirekin egiten da, maila ona dutenekin. Nik ez nuen maila hori iaz.
Zer garaipenekin konformatuko zinateke aurten?
Gustatuko litzaidake Euskal Herriko Itzulia eta Espainiakoa irabaztea. Tourrean podiumean sartzea gehiegi da, nire liderrarentzako lan egitera joango naizelako. Ondo egoteak esan nahi du aurrean egongo zarela eta beti aukera dago. Baina lana eginda, gero zaila da. Lehengo urtean hasieratik egin nuen lana, aurten espero dut azkeneko momentuetan egitea, eta helmugetara erreserba gehiagorekin iristea. Taldean gero eta posizio hobean egonda, lana beranduago egiten duzu.
Erraz onartzen al duzue taldeko diziplina?
Normalean asimilatu egiten duzu zure lana. Badakizu zure momentua iritsiko dela, ihesaldi bat edo. Normalean ez dago istilurik.
Zer moduko giroa duzue tropelean?
Denak gara lagunak, baina une jakin batean etsaiak. Gure kirola halakoa da. Nahiz eta oso laguna izan, lagunaren unerik kritikoenean eraso egingo diozu. Lagun handiena taldean daukat, Manuel Fernandez Gines granadarra da. Normalean gela berean izaten gara. Aitor Garmendia, Mikel Zarrabeitia lagun onak ditut. Atzerritarren artean Claudio Chiapucci, Bugno, Cipollini oso jatorrak dira. Indurainekin beste guztiekin bezala hitz egiten dut, beti zeozer bada hitz egiteko, gai askotaz hitz egiten dugu. Rominger da, niretzat, onena, nire maisua da eta pertsona bezala primerakoa. Lasterketan oso erne joan ohi da, nahiz eta minutu askoko abantaila izan. Horretarako txarra da, baina taldekoentzat jauna da. Karmelek dio oso suitzarra dela: korrektoa, detaileak gustatzen zaizkiona...
Txirrindularitzan ez da gertatu goi mailan zebilen batek kirola nazkatuta uztea, Iñaki Alaba futbolaria bezala, nahiz eta gero Realera itzuli.
Normalean profesionaletara iristerako pasatu duzu okerrena. Ez baduzu utzi, ez duzu utziko. Afizionatuetan sosik kobratu gabe dedikazio ia osoa ematen diozu. Entrenamendua gero eta gogorragoa da. Nire emazteak esaten du futbolariak gaizki ohituta daudela, entrenamendu gutxi, jai asko... egunero 5-6 orduko entrenamendua egiten jarriko lituzkeela..
Batzuen ustez afizionatuetan ondo dabilen txirrindularia gero profesionaletan ez da hain ondo ibiltzen.
Ez da horrela. Ni ondo ibili nintzen afizionatuetan. Kasu batzuk badaude. Afizionatu batzuek profesionalek baino gehiago entrenatzen dute eta bizitza metodikoa eramaten dute. Horiek ze hobetuko dute profesionaletan? Ez dute hobetzeko aukerarik. Nik pisu handia nuen afizionatuetan eta ondo ibili nintzen. Gero argaldu, nire neurrietan jarri eta gehiago errenditzen hasi nintzen. (Karmelek 86 kilo zituen garaiko argazkia erakutsi digu. Entrenatzen zintzo hasi, 100 kilometro egin, medikuekin hasi eta oraingo 75 kiloetara jaistea lortu zuela argitu digu). Batzuk suerte txarra izaten dute. Adibidez, Xabier Lazpiur gaixotasun batekin ibili da. Baneston bi urte egin ondoren, orain beste aukera bat eman diote Euskadi taldean. Beste batzuk ez dira afizionatuetan nabarmentzen esprinterrak ez direlako eta gero profesionaletan hor dabiltza.
Zer deritzozu Euskadi txirrindulari taldeari?
Ideia oso ona da, baina hasieratik ezin daitezke txirrindulari onak eduki, dirua behar da horretarako. Ni bezalako batzuek lehendabizi nola funtzionatzen duen ikusi nahi dugu. CHCSn jardun nuen eta gaizki atera zen. Ez dut berriro ere hura pasatu nahi. Irtenbide ona da afizionatuentzat, itxaropena emateko. Pena da, adibidez, Luis Mari Urizar bezalako txirrindulari on batek profesionaletara pasatzeko aukerarik ez izatea, eta utzi behar izana. Ni profesionaletara pasatu nintzen urtean bostek eman genuen jauzia, eta lehen 30-40k egiten zuten. Orain berriro kopuru hori handitzen hasi da.
Euskadi taldea Tourrera joatea zaila ikusten dut, baina ate bat irekitzea izango litzateke. UCIn indar handia du taldeak. Bere mailako beste talde batzuek ezin dute atzerrira atera. Beraiek mugitu eta ateratzen dira. Espero dut txirrindulari on bat ateratzen bada, beste talde batera ez pasatzea, bertan gelditzea, taldea hobetzeko. Bestela inoiz ez da hobetuko.
Zer sentitzen duzu soinean bandera hori-gorria daramazunean?
Ez duzu ezer sentitzen. Jendearentzako oso inportantea den lasterketa irabazi duzula sentitzen duzu. Maillot bezala ez da karga neretzat. Beste estatuetako txapeldunek beren bandera eramaten dute eta normala da federazioak hori eramatera behartzea.
Euskal Herriko selekzioa posible ikusten al duzu?
Gustatuko litzaidake, baina hori ez dago nire eskuetan. Zaila ikusten dut.
Kirola aldetik, orokorrean, nola ikusten duzu Euskal Herria?
Potentzia da estatuan. Bi selekzioak lehiatuz gero, Euskal Herriak irabaziko luke.
Eta kulturalki?
Ez dut gehiegi ezagutzen.
Nola ikusten duzu egoera ekonomikoa?
Hobetzen, baina oso gaizki egon da orain dela urtebete. Gure lanean ere badu eragina: ez badago dirurik, ez dago babeslerik. Baina dirudienez buelta ematen ari da. Lehen egon den presioa ez da nabari orain. Orain ez doa beherantz, geldituta dago. Lehen hemengo txirrindulari talde gehiago zegoen. Afizionatuen mailan ere nabari da, oso talde gutxi daude. Diru gutxiago dago eta saltsatan sartu baino lehen bi aldiz pentsatzen dira gauzak.
Euskal Herriko egoera politikoaz zer diozu?
Ekonomikoa bezala, gaizki. Hauteskundeak daudenean dena konpoduko dutela esaten dute, baina... Normalean ez dut botorik ematen, ez dut horren emaitzarik ikusten.
Ezkonberria zara. Seme-alabaren bat izateko aukerarik ba al duzue txirrindulariek?
(Karmelek protesta egin du oso gaztea dela argudiatuz). Nik ezin dut umea hazi, urte erdia kanpoan egiten dudalako. Txirrindulariek edo oso gaztetan edo bukaeran edukitzen dituzte. Emaztearekin lasterketak ikustera joaten denean baino ez naiz egoten, kontzentratuta gaudenean ere ezin dute sartu. Meritu handia dute txirrindularien emazteek.
Euskarak ba al du presentziarik tropel profesionalean?
Euskaldunon artean egiten dugu. Fede, Aitor eta biltzen garenean jolas polita izaten da besteak seko harrituta uzteko.
SAIZAR, Joxemi
31-35


GaiezKirolaTxirrindula
PertsonaiazOLANO3
EgileezSAIZAR2Kirola

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Espainiako selekzioetan parte hartu ala ez erabaki ahal izango dute kirolariek

Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


2022-11-03 | ARGIA
Espainiako selekzioaren deialdiei uko egiten dieten kirolari eta klubak zigortuko ditu Kirol Lege berriak

Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]


Eguneraketa berriak daude