Londres eta Dublinen arteko agiriaren iritzia Sinn Feinetik
"Aste Santurako Armada Belfastetik kanpo izango da"
Joe Austin, Sinn Fein-go zuzendaritzako kidea eta Belfasteko zinegotzia
Belfast bertakoa da eta 44 urte dauzka. Sinn Feingo batzorde eragilekoa eta zinegotzia izateaz gain, alderdiko zinegotzien koordinatzailea ere bada. 1991tik aurrera Londresko Gobernua eta Sinn Feinen arteko elkarrizketetan parte hartu du, preso politikoa ere izan da eta Bilbora Elkarri-ren eskutik etorri zen, Bake Konferentzian so-egile moduan parte hartzeko.
Lau urtetan Sinn Feinek gobernuarekin mantendu dituen elkarrizketetan aritu zara; nola ikusi duzu Britainia Handiko Gobernuaren jarrera urte horietan zehar?
Gobernuak guregana jo zuen elkarrizketak hasteko eta Ipar Irlanda utzi gura zutela jakinarazi zigun. Baina ez ginenez fio _oraindik ere fidatzen ez garen moduan_ elkarrizketa publikoak eskatu genituen. Gobernuak Norvegiara joatea proposatu zigun eta horrela negoziazio prozesuan atzerriko jendeak ere parte hartuko zuela. Guk, ordea, borondatea egonda Ipar Irlandan ere konpon genezakeela. Gobernuarekiko kontaktuak hogei urtetan zehar eduki izan ditugu. Eskatutako elkarrizketa publikoa datorren hilean hasiko da Ipar Irlandan bertan. Imajina zenbat bizitza salbatuko ziren elkarrizketa prozesu hau lehenago hasi izan balitz.
Emango al dio Sinn Feinek oniritzia Dublinek eta Londresek aurkeztutako eztabaidarako oinarrizko agiriari?
Agirian gobernu britainiarrak egindako aldaketa garrantzitsuak daude. Adibidez, azken urtetan Ipar Irlanda bere ardurapean zegoela defenditu du; orain ardura Dublin eta Londresko gobernuen artean banatzen da, autodeterminazio eskubidea onartzen da eta Europako arduraz ere egiten da berba. Hiru puntuok azken urteotan bultzatu ditugun puntuen oso antzekoak dira. Beste puntu batzuk, hala ere, ez dira nahikoak.
Zer du, bada, txarra?
Agiriak oso garbi esaten du britainiarrak Ipar Irlandatik aterako direla, baina prozesu luzean; azkarrago izatea nahiko genuke eta, agiriaren eztabaidaren barruan, hortan datza gure lana.
Agiriak, epe luzera, benetan zabaltzen al ditu Irlanda batuaren ateak?
Egiten duzun interpretazioaren arabera lehenago edo geroago izango da, baina funtsean, britainiarrak Irlandatik aterako direla dio.
Agiriak jartzen al du epe edo datarik?
Ez, borondatea baino ez dago, eta ondoren negoziatu egin beharko da. Unionistak, Londresko gobernua eurengandik aldendu denez, prozesua luzatzen saiatuko dira. Guk esaten diegu baietz, ingelesak irten egingo direla eta, euren onerako, beste guztiekin negoziatzea komeni zaiela.
Noizko uste duzu hasiko direla Ipar Irlandako alderdi guztien arteko elkarrizketak?
Lehenbizi Londresko Gobernua eta alderdien arteko elkarrizketak izango dira, eta hori hilabete barru-edo gertatuko da. Gobernuak, bilerei ekin baino lehen, IRAk armak uztea gura du baina hori ez da gertatuko. Gobernu britainiarra prozesua luzatzen ari da baina gizarteak ez dio utziko askoz gehiago luzatzen.
Noiz aterako da Britainia Handiko Armada Ipar Irlandatik?
Aste Santurako Armada Belfastetik kanpo egongo da.
Eta Irlanda osotik?
Sinboloa Belfast da, beraz, gainerako sei konterrietatik Belfastetik atera eta gutxira.
Presoak noizko kalean?
Puntu hau oso garrantzitsua da baina bake prozesu batean presoak ez dira negoziazioko puntu gisa erabili behar. Konpondu behar dena arazo politikoa da, eta ondoren aterako dira preso guztiak. Presoena hunkipenez betetako gaia da -gobernu britainiarra haiek erabiltzen saiatu da-, baina presoek eurek esaten dute lehenbizi arazo politikoa konponduta ikusi gura dutela, eta gero aterako direla.
Esaten da 1987an, Adams eta Hume berba egiten hasi zirenean, mugimendu errepublikarrak borroka armatua uztea erabakia zuela; egia al da?
Urte haietako analisian argi ikusten genuen IRAk borrokan jarraitzeko gaitasuna izango zuela, baina horrekin ez genuela irabaziko. 1986an britainiarren inteligentziako dokumentu sekretu batek _Glover txostenak_ aitortu zuen jada ezin izango zutela IRA amaitu. Orduan, gobernuak paramilitar unionistak IRA presionatzeko erabili gura zituen, SDLP ere beren ingurura eraman eta gu bakartuta utzi. Orduan guk, horri guztiari erantzuteko, fronte abertzalearen estrategiaren ideiari ekin genion, gero Adams-Hume moduan ezagutu den akordiora heldu arte.
Sinn Feingo kongresuan sektore batek bake prozesua kritikatu zuen. Ekar al dezake ondorio txarrik horrek?
Kritika egitea bakoitzaren erantzukizuna da. Kritika egin behar da baina une oso arriskutsua bizi dugu eta kontu handiz ibili beharra daukagu. Kritika egiten dutenek arrazoia dute, baina horrek ez du esan gura atera egingo direnik. Prozesu osoan zehar mugimendu errepublikarrak batasuna mantenduko duen esperantza osoa daukat.
LETONA, Xabier
14-15