Anjel Olalde, Korrika 9ko arduradunari elkarrizketa
Anjel Olalde, Korrika 9ko arduraduna: "Euskaldunok euskara erabili eta erdaldunek ikasi egin behar dute"
Korrika 9ren azken prestakuntzak nolakoak izan dira?
Irailean hasi ginen lanean eta jadanik dena egina dago. Baina beti geratzen dira azken uneko gauzak, eta horiek lotzen ari gara. Dena prest dagoela esan daiteke.
Zeintzuk izan dira ezaugarri nagusiak?
Leloak adierazten ditu aurtengo ezaugarriak. Laboa eta Etxepare, lehendabizikoa omendua eta bigarrenaren liburuaren 450 urtemugak.
Honela, kulturari eman nahi izan diogu garrantzia edizio honetan. Korrika Kulturala prestatu dugu, Korrika hasi bitartean kultura indartzeko, bereziki. Nazio mailan antolatu da, Euskal Herriaren osotasuna kontuan hartuz.
Lorpen handiena zein izan da?
Aldaketa berezirik ez da izan. Korrikak heldutasuna lortu duela nabaria da eta jendearen jarrera oso positiboa izan da uneoro.
Korrika 9rekin lortutako diru-sarrerak nola banatuko dituzue?
AEKn inbertsio handiak egin dira euskaltegiak berritzen eta diru kopuru handi bat honetarako erabiliko da. Beste diru kopuru garrantzitsua Iparraldeko eta Nafarroako euskaltegietara bideratuko dugu, egoera nahiko gogorrean baitaude. Azkenik, didaktika arloan aurrerapausoak egitea beharrezkoa da eta esperimentazioa eta metodologia berriak lantzeko erabiliko dugu diru-sarreren hirugarren zatia.
Zer bultzatu nahi duzue Korrika 9rekin?
Euskaldunek euskara erabiltzea eta erdaldunek euskara ikastea. Gasteizko azken jaira joanda, euskaldun eta erdaldunek euskararen mezua zabaldu ahal izango dugu. Korrikan parte hartuz gureganatu behar dugu mezua.
ZUAZABEITIA, Ainhara eta ERASUN, Arantxa
Anjel Olalde da aurten Korrikaren koordinatzailea.
28
Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Ekitaldiak\Korrika
Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Alfabetatze\AEK\Ekitaldiak\Korrika
Pertsonaiaz\OLALDE1