argia.eus
INPRIMATU
J.M. Satrustegi, euskaltzaina eta antropologian aditua: "Lehenengo inauteriak eta oraingoak uztartzea, beren esanahian, ezinezkoa da".
2007ko otsailaren 21a
J.M. Satrustegi , inauteriei buruzko elkarrizketa
J.M. Satrustegi, euskaltzaina eta antropologian aditua: "Lehenengo inauteriak eta oraingoak uztartzea, beren esanahian, ezinezkoa da".
Lehengo inauterien adierazpideak XX. mendearen bukaeran berreskuratzeak ba al du zentzurik?
Lehengo inauteriak eta oraingoak uztartzea, beren esanahian, ezinezkoa da. Orduko adibideek dauzkaten erritoak eta kalera begirako funtzionamenduak, berriz, gorde daitezke. Inauteria, berez, bizitzaren erantzuna zen, modu naturalean egiten zuten, ez zioten inori jaramonik egiten, ez zuten besterentzat egiten. Beren bizitzako ekintza bat zen.
Orain berreskuraturik, han beren bizitzarako egiten zituzten gauzak, inolaz ere, ezin dira maila horretan hartu, jendearen sentipenak ez baitira berdinak, orduko zibilizazioa eta gurea hagitz desberdinak baitira.
Orduan espektakulu bilakatzen da. Ohiturak gorde eta mantendu daitezke, baina gaurkotzeak ezin du inoiz bera izan.
Zeri erantzuten diote, oinarrian, euskal inauteri zaharraren agerpide desberdinek?
Mitoarekin erabat loturik daude. Mitoaren erantzun garbiak dira, eta gainera, zentzu erlijiosoarekin, harrigarri iruditzen bazaigu ere. Mitoa zen erantzun oinarrizkoena. Komunean dituzte oinarrizko gertaerak, ez hemen bakarrik, nik munduan zehar ikusi ditudan inauteri guztietan, eta eguzkiaren festetan ere.
Gertatzen da oso festa konplexuak zirela. Herriek gorde dituzte, bereziki, puntu batzuk toki batzuetan. Sinboloak asko zirenez, batzuk toki batean, eta besteak beste batean txertatuak gelditu dira. Baina oso zaila da gaur egun horiek denak aurkitzea. Lehenbiziko inauteriak udaberrian ziren, ilargiaren urte hasieran. Gero etorri da eguzkiaren urte hasiera, baina Elizak ilargiaren urte hasiera gorde du.
SARRIEGI, Patxi
22

Gaiez\Gizartea\Ospakizunak
Pertsonaiaz\SATRUSTEGI1
Egileez\SARRIEGI1\Gizartea